artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Maria Cueto, ehunen harietan txirikordatutako artista

'Iragankorra ehuntzen' erakusketa ireki dute Donostiako Kutxa Kubo aretoan, Maria Cueto artistaren lanekin. Zuntzekin, ehunekin eta landareekin sortutako piezak egongo dira ikusgai irailaren 28ra arte.

maria-cueto-ehunen-harietan-txirikordatutako-artista
Maria Cueto, erakusketako obra batzuen aurrean. GORKA RUBIO / FOKU

Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]
| 23 Juin 2025

Gustatzen zaion horri irmo lotuta jarraitzeko hautua egin zuen Maria Cueto artistak duela 30 urte baino gehiago, eta, oraindik, hautu horri eusten dio. Ehunekin artelanak egin zitezkeela deskubritu zuen gaztetan, eta txundituta geratu zen sortu zezakeenarekin. Hasieran, tapizak egiten hasi zen, eta, pixkanaka, ehun desberdinak zein landareak erabiliz, makina bat pieza sortu ditu. Cuetok badakibere diziplina ez dela komertzialena edo ikusgarriena, baina ez zaio axola: "Neure burua ondoen adierazten dudan diziplina da ehungintza". Haren bildumako 50 lan baino gehiago bildu dituzte Iragankorra ehuntzen erakusketan. Kutxaren Kubo aretoan dago ikusgai, Donostian, datorren irailaren 28ra arte.

Gaur egin dute erakusketaren aurkezpena, eta bertan izan dira Cueto bera, Leire Bergara erakusketako komisarioa, eta Ane Abalde Kutxa fundazioko Ekimen eta Edukien arduraduna. Cueto bereziki hunkituta agertu da ekitaldian, harentzat "oso garrantzitsua" izan baita erakusketaren prestaketan parte hartzea.

Sendabelarren eta landareen munduak erakarrita, Farmazia ikasketak egiten hasi zen artista: "Uste nuen sendabelarren arloa gehiago jorratuko zela, baina ez zen hala izan". Ikasketa horiek utzi, eta diseinu grafikoa ikasten hasi zen Oviedon (Asturias, Espainia). Denborarekin makramea egiten hasi zen bere kabuz, eta, gerora, Donostiako Arteleku arte zentroan izena ematea erabaki zuen. Hainbat arte diziplina lantzen zituzten bertan, eta horietako bat zen ehungintza. Zentroko tailer handienetako bat zen ehungintzarena, baina, urteak igaro ahala, itxi egin behar izan zuten.

Arte garaikidearen barruan, beste diziplina batzuk gailenduz joan ziren 1970eko hamarkadatik aurrera, eta ehungintzak beherakada handia izan zuen: "Ikusgarri izateari utzi zion", erakusketako komisarioaren hitzetan. Cuetok, ordea, topatua zuen bere bidea, eta ehungintza lantzen jarraitu zuen. Berastegira (Gipuzkoa) joan zen bizitzera —egun ere han bizi da—, eta horrek bere lanei mesede egin ziela aipatu du artistak: "Berastegin bizitzeari esker, nire lanak eboluzionatu ahal izan du".

Dimentsioekin jolasean

Erakusketa lau gunetan banatuta dago, artistak egindako ibilbide kronologikoan oinarrituta. Lehenengo gunean, Cuetok hastapenetan egindako lanak topatu daitezke; makramearekin egindakoak esaterako —gerriko bat, belarritako batzuk...—. Ehungintzaren munduaren inguruko interesa sortu zitzaionean eskulangile batzuei egindako bisiten argazkiak ere badaude. Leitzako (Nafarroa) irule bati egindakoa dago horien artean, eta iruleak egindako hariak daude ikusgai.

Areto nagusian daude erakusketako artelan ikusgarrienak; sabaitik zintzilik daude. Bergarak azaldu du zenbait materialez osatuta daudela lanak: "Ehun bat osatzeko ustez behar ez diren materialak erabili ditu". Elur artean (1996) pieza da horietako bat. Elurra egin zuen egun batean Berastegin emandako paseo batek eman zion obra sortzeko aitzakia: "Belarra elurretatik ateratzen ikusi nuen, eta hori irudikatzea erabaki nuen". Cuetok sortutako ehuna espartzuzko hari batzuek zeharkatzen dute, belar horiek irudikatzeko.

Tamaina handiagoko lanak ere jaso dituzte gune horretan. Planoaren dimentsioa gainditu, eta hiru dimentsioko lanak egiten hasi zen artista 2000. urtetik aurrera. Ehunak apur bat alde batera utzi, eta bolumenaren aldeko apustua egin zuen, landareetatik eratorritako materialak erabiliz —izan hostoak, izan lehortutako landareak—. Estrategikoki zintzilikatutako landareek sortutako forma geometrikoak ikusi ahal izango ditu bisitariak.

Obra txiki eta ertainak

"Laborategia" deitu diote hirugarren guneari. Lan txikiak jaso dituzte bertan. "Badira artista batzuk miniaturak sortzen dituztenak aurrerago egingo dituzten piezetarako, baina Mariak [Cueto] nahiago du pieza txiki horietan geratu". Hala ere, Cuetok gehitu du badirela miniatura horietatik sortu diren artelan handiago batzuk ere; esaterako, orain gutxi arte Berastegiko elizan jarritako bat, edoiazko udan Donostiako Kristinaenea parkean egindako erakusketako beste bat.

Azken aretoan tamaina ertaineko lanak daude, gehienbat landareekin egindakoak —artistaren obrarik berrienak dira—. Landareetatik eratorritako elementuak hari finekin zintzilikatu ditu, eta ia airean daudela ematen du. Areto nagusikoak baino pieza txikiagoak izateak aukera ematen dio bisitariari lanen xehetasun guztiak ikusteko. Naturako elementuak islatu ditu artelan horietan Cuetok. Bergara: "Irudi bat harrapatzeko ideiari etengabe jarraitu izan dio: erortzear dagoen tanta bat, edo harri bat botatzean uretan sortzen diren uhinak". Ur tanta (2013) obra da horietako bat.

Cuetorena da Kutxa fundazioak Kubo aretoan aurten antolatu duen bigarren erakusketa. 25 urte dira aretoa ireki zutenetik, eta, hori dela eta, Gipuzkoarekin nolabaiteko lotura duten emakumezko artisten erakusketak antolatzea erabaki zuten. Maria Paz Jimenezena izan zen lehena, eta, Cuetoren lanen ondoren, Maider Lopezenak egongo dira ikusgai. Abaldek hiru belaunalditako emakumeei espazioa emateak duen garrantzia azpimarratu du: "Figura garrantzitsuak dira gure artearen munduan".

tisser-l-ephemere

Tisser l'éphémère

María Cueto

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

Du 20 Juin 2025
Au 28 Septembre 2025


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

Du 25 Juin 2026
Au 26 Octobre 2026

foragers

Foragers

Jumana Manna

Artium (Gasteiz, Araba)

Du 17 Septembre 2026
Au 15 Novembre 2026

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 10 Octobre 2026

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 8 Octobre 2026

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 6 Octobre 2026

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Le portail de l'art en Euskal Herria

Ceci est le portail créé par le réseau ZAPART. Avec ARTEKARIA, nous voulons donner de la visibilité à l'incroyable richesse artistique et infrastructurelle de notre petit territoire basque (Euskal Herri osoa). En effet, il nous semble que dans un espace aussi réduit où se trouvent tant de musées (Artium, Oteiza, Beaux-Arts de Bilbo, Guggenheim…), de centres d'art (Uharte-zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), de salles publiques et privées (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fondations) galeries traditionnelles ou d'artistes… avec tant de programmations et d'œuvres d'artistes visibles, la visualisation de cet ensemble n'est pas facile. Nous avons créé ce portail pour aider à remédier à ce manque.

Artekaria

Le réseau des artistes professionnel.le.s d'Euskal Herria

Zapart a pour objectif de mettre en réseau, de promouvoir le travail et de défendre les droits des artistes professionnel.le.s vivant et travaillant en Euskal Herri (sur les six territoires historiques que sont Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa et Zuberoa).