artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Gerundioaren buelta biolentoa

Claudia Pagesen 'Gerundi circular' bideo instalazioa jarri dute ikusgai Tabakaleran, urtarrilera arte

gerundioaren-buelta-biolentoa

Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]
| 2022ko Irailaren 29a

Arte plastikoen eta zinemaren artean dabiltzan proposamenekin bete dira Donostiako Tabakalerako aretoak azken hilabeteetan, iragan berri den Donostiako Zinemaldiaren 70. urteurrena dela eta. Horren erakusgarri da, esaterako, lau zinemagileren instalazio bana biltzen duen Vive le cinéma! erakusketa —Dea Kulumbegaxvili, Jeremiah Lemohang Mosese, Isaki Lacuesta eta Jia Zhang-ke zuzendarienak, hain justu—, eta ildo horretan sakontzen duen lan berri bat jarri dute orain ikusgai eraikineko Lau Pareta aretoan: Claudia Pagesen Gerundi circular bideo instalazioa. "Obra hipnotikoa, karga kritiko oso indartsukoa eta oso pertinentea", Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak berba gutxitan definitu duenez.

Eskultura, ikus-entzunezkoak eta performancea uztartzen ditu Pagesen (Bartzelona, 1990) piezak; diziplinen arteko mugekin jolasten den lana da, beraz, berea ere. Munduko itsas ibilbideak, justiziaren eta administrazioaren hizkera eta merkantzien zein pertsonen etengabeko fluxua dira piezaren ardatzak, zeinak kapitalismo garaikidearen ezaugarri behinenetakoak diren, artistaren ustetan.

360 graduko ikuspegia ekarriz, buelta osoa hartzen duen GoPro kamera batekin hartutako irudiek osatzen dute instalazioaren muina, eta zintzilik dagoen pantaila zirkular batean topatuko ditu bisitariak. Hiru lagun ageri dira irudietan, Pages bera eta beste bi performer — Esther Arribas eta Stefan Govaart—, eta hiru dira bideoan ageri diren lekuak ere: World Trade Center, Bartzelonako portuan dagoen itsasontzi itxurako negozio eraikina—hotel bat du gainean eta hango igerilekuaren bueltan ageri dira artistak—; portuaren aurrealdeko olatu-horma; eta XIX. mendeko aduana eraikina. "Joko koreografikoz beteta dago pieza, kameren, gure performanceen eta testuen arteko joko koreografikoez. Irudiak den-dena ikusten duen kamera batekin daude grabatuta, baina ikusleak ezin du buelta osoan gertatzen dena aldi berean ikusi", azaldu du artistak. Hala, bisitaria instalazioaren inguruan mugitzeko pentsatua dago pieza, bera ere koreografiaren parte bihurtuz. "Kaiola barruko gurpilean etenik gabe lasterka egiten duen hamsterraren sentsazioa da", erantsi du Monterok.

Portuen inguruan interesatzen hasi zenean ekin zion Pagesek pieza lantzeari. "Barneratu ezin zaitezkeen lekuak dira, gizatasunik gabekoak, haien arkitekturagatik eta barruan duten guztiagatik. Ohartu nintzenean, horietara heltzeko beste leku batzuk bilatzen hasi nintzen, lengoaiaren bitartez batez ere, legeari eta administrazioari lotutako testu idatziak begiratuta". Horietan topatu zuen orain piezari izena ematen dion gakoa: gerundioaren aditz forma, haren presentzia "etengabekoa eta biolentoa". Pages: "Arreta jarriz gero, etengabeak dira erregistratzen, bidaltzen, prozesatzen... eta gisako aditzak. Irudipena da subjektuari gizatasuna kentzen dion aditz forma bat dela gerundioa. Portuek sortzen duten moduko espazio bat sortzen dute, nolabait; etengabeko mugimendu bat transmititzen dute, baina barrura sartzen utzi gabe". Aditz denbora horren bitartez sartu da, bada, artista portura.

Zirrikitu logistikoen lekuko

Irudien gainean performerrek esaten dituzten hitzak ageri dira idatzita —katalanez eta ingelesez daude—, eta erregistro idatzia, gorputzak eta mugimenduak norabide askotan zabaltzen dira, hala, Pagesen piezan. Kontrastea egiten dute itsasoaren zabaltasunak eta azpiegituren eta piezan azaleratzen den lengoaia administratiboaren hertsitasunak; "hiriaren zirrikitu logistikoen lekuko" bihurtzen dute bisitaria.

Pagesek berak osatu ditu irudietan agertzen diren testuak, musika, zenbait jantzi eta baita bideoa bera proiektatzen duen pantaila zirkularra ere —140 LED pantaila erabili ditu horretarako—. Instalazioa osatzen dute, orobat, Lau Pareta aretoaren hormetan serigrafia bidez inprimaturiko testu mozketek. "Gerundioak aditzaren esanahia modu abstraktu batean adierazten du. Aditz forma honek ez du pertsona zehazten, ez eta kondizio, kausa edo denbora ere", irakur daiteke, esaterako, horietako batean. Eta administrazioko txosten batetik ateratakoa dirudien esaldi bat azpian, gerundioa beltzean dela: "Zuzendariak batzordea informatuko du zentroko intzidentzien inguruan, monitorizazio sistemak ebaluatzen".

Donostiara heldu aurretik, Madrilen eta Bartzelonan erakutsi dute Pagesen obra. Hain justu, Bartzelonako Macba museoak eta Elamor dantza konpainiak ekoitzitako lana da Gerundi circular, eta lehenak erosi egin berri du pieza. Pagesek gerundioaren inguruan egindako ikerketa artistikoa liburu formatuan ere zabalduko dute urte amaieran, New Yorkeko argitaletxe baten eskutik oraingoz.

gerundi-circular

Gerundi circular

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2022ko Irailaren 13tik
2023ko Urtarrilaren 15era


ekoiztu-2025-ii

Ekoiztu 2025.II

Uharte Zentroa (Uharte, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 17tik
2026ko Ekainaren 26ra

hiri-ikuspegiak

Hiri ikuspegiak

San Martin, Sesma, Cassany

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 16tik
2026ko Ekainaren 28ra

polo-konkistatuak

Polo konkistatuak

Uxua eta Irantzu Vides

ArteA2 (Zizur Nagusia, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 22tik
2026ko Ekainaren 06ra

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

gernika-k-mugitzen-duen-guztia

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 21a

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

esther-ferrerrek-jasoko-du-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-saria

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 20a

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko "ekarpen erabakigarria" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

| 2026ko Maiatzaren 19a

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

arantzazuko-argiztatzailea

Arantzazuko argiztatzailea

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 18a

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

erronkariko-borlen-arrastoak

Erronkariko borlen arrastoak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 15a

'Muskoko' | Artista: Leyre Arraiza. | Non: Iruñeko Ziudadelan. | Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.