artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

"Objektuek emozioak sortu behar dituzte"

Diseinatzaile freelancea da Iciar Sanchez, eta diseinatzen dituen objektuek "ilusioa" sortzea izaten du helburu. Uste du zerbait jasangarria izan dadin iraun egin behar duela eta konpontzeko modukoa izan behar duela.

objektuek-emozioak-sortu-behar-dituzte
Iciar Sanchez. Arg/ Gorka Rubio - Foku

Ane Insausti Barandiaran [BERRIA.eus]
| 2023ko Ekainaren 9a

Objektu tradizional bat birdiseinatzea proposatzen du San Telmo museoaren Hau diseinu lehiaketak. Sehaska izan da aurten aukeratutako objektua, eta Iciar Sanchez diseinatzaile hondarribiarraren (Gasteiz, 1991) Kabi proiektua izan da garailea. Sehaska habia baten modura irudikatu du, haurrentzat aterpea baita. Proiektuak museoan daude ikusgai, irailaren amaierara arte.

Kabi izena du zure sehaska gaurkotuak. Zergatik izen hori?

Produktuaren formagatik, aterpe bat gogorarazten zidalako. Eta haur batentzat habia bat delako aterpe bat. Gainera, gurasoek eraikitzen dute sehaska, txoriek beren kumeentzat eraikitzen dituzten bezala. Beraz, formagatik eta eraikitzeko moduagatik jarri nion izen hori.

Nondik hasi zinen berritzen, gero berreraikitzeko?

Lehiaketan eskatzen zuten tradizioa eta garaikidetasuna uztartzeko. Pertsonen benetako beharrak aurkitzen saiatu nintzen. Nik egin nuena izan zen garaikidetasunean pentsatu, baina erabiltzaileen ikuspuntutik. Kasu honetan, erabiltzaileak haurrak dira, baina gurasoak ere bai. Alde batetik, etxe moderno batekin bat egingo zuen objektu bat egin nahi nuen.

Eta, bestetik, poltsikoari ere begiratu diozu?

Bai. Sehaskak alokatzeko zerbitzu bat diseinatu nuen, familiei laguntzeko: haur bat jaiotzeak poza ematen duelako, baina kontu korrontean zulo bat ere sortzen du [barrez].

Sehaska familiaz familia pasatzea tradizioa izan da. Horri eutsi nahi izan diozu?

Lehiaketan, San Telmo museoan dagoen sehaska aipatuz, azaltzen zuten lehen baserrietan sehaska propioak egiten zituztela. Orain, ordea, jendea etxez aldatzen da, familia edo lagunak ez dituzte gertu... Zailagoa da gauzak oinordetzan jasotzea. Horrez gain, gauzek ez dute hainbeste irauten. Beraz, nik sortu nahi nuen objektu bat pertsona batetik bestera pasa zitekeena eta irauten duena. Niretzat, zerbait jasangarria baita irauten duena eta konpon daitekeena.

Erabiltzaileek zorroa eta lastaira erosi beharko dituzte, baina ez egitura.

Sehasken alokairu zerbitzua da proposatutakoa: behar duzunean, egitura alokatuko duzu, eta, ez duzunean behar, deitu eta bueltan eramango lukete. Apartekoa litzateke zerbitzua gizarte segurantzak eskaintzea. Lanpostu batzuk ere sortuko lirateke: bezero arreta, zorroak egitea... Dena bertan egina.

Diseinuari dagokionez, zertan eman diozu ukitu garaikidea?

Estetikan, minimalista delako. Hondartzako hamaka batean inspiratu naiz, hodizko egitura bat eginez, olana batekin. Beraz, ehuna ere egitura bezala erabiltzen du sehaskak. Begiz oso arina da, eta horrek ere ematen dio ukitu garaikidea. Hasieran, hodia industrialagoa zen, altzairuzkoa, baina, haur batentzako zenez, ez zen geratzen hain goxo.

Zer garrantzi du jasangarritasunak diseinuaren arloan?

Oso garrantzitsua da, eta kontu handiz ibili behar da. Produktu jasangarri bat diseinatu behar dugunean egin behar den lehen gauza da erabileran pentsatzea. Zer erabilera izan behar du? Laburra izango da, edo erabiltzaileak mantendu nahi izango du? Mantendu nahiko badu, iraupen luzeko produktu bat diseinatu behar dugu, eta emozioak sortu behar ditu. Beraz, kontuan hartu behar da iraunkortasuna eta tokiko materialak erabiltzea. Eta objektuak erabilera bakarra izango badu, zerbitzu izaera har dezan pentsatu behar dugu, kasu honetan bezala.

Zergatik erreparatu behar zaie emozioei?

Nire ustez, oso garrantzitsua da. Sekulako ilusioa egiten dizuten bota batzuk askoz ere hobeto zainduko dituzu beste batzuk baino. Beraz, benetan maiteminduko zaituen zerbait sortu behar da. Eta, gainera, beste marka batzuekin lehiatzen ari zara, zu bezain onak edo hobeak direnak. Hortaz, modu batera edo bestera, ilusioz erabil dezaten saiatu behar duzu.

Zergatik erabaki zenuen lehiaketan parte hartzea?

Begiz jota nuen lehiaketa, baina data pasatzen zitzaidan beti. Diseinatzaileok erronkak behar ditugu. Freelance gisa lanean hasi nintzen iaz, eta aukera ona iruditzen zitzaidan nire proiekturen bat ikusarazteko. San Telmo museoa erakusleiho bikaina da horretarako.

Erraza da diseinuaren arloan freelance gisa lan egitea?

Ezer ez da erraza. Eroso egon behar duzu ziurgabetasunean, beste edozein freelance edo autonomo bezala. Lan asko egin, asko mugitu eta dituzun kontaktuak erabili. Besteren kontura ere lan egin izan dut, eta hori ere zaila iruditzen zait.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Sancheskiko skateak ere diseinatzen ditut. Tecnun Nafarroako Unibertsitatearekin ere kolaboratzen dut. Eta etorkizuneko lankidetzei irekia nago.


storyboard

Storyboard

Juan Aizpitarte

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Ekainaren 27ra

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

espazioaren-hustura

Espazioaren Hustura

Jorge Oteiza

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Maiatzaren 07tik
2026ko Agorrilaren 30era

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.