artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Orinez betetako unibertsoa

Yayoi Kusama artistari eskainitako atzera begirakoa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak. Gaika antolatuta dago, eta 1945etik gaur arte egindako obrak bildu dituzte

orinez-betetako-unibertsoa
Yayoi Kusama artistaren Auto-obliterazioa instalazioa, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Olatz Enzunza Mallona [BERRIA.eus]
| 2023ko Ekainaren 28a

"Denbora, geldi zaitez une batez oraindik. Gero eta lan gehiago daukat egiteko. Hainbeste dira adierazi nahi ditudan gauzak...". 94 urte bete baditu ere, Yayoi Kusama artista eta idazleak (Matsumoto, Japonia, 1929) ez du atsedenik hartu nahi. Lanean jarraitzen du etengabe: Every Day I Pray For Love (Egunero egiten dut otoitz maitasunaren alde) bilduma margotzen ari da orain. Artistari omenaldia egiteko asmoz, ia zortzi hamarkadako ibilbidea agertzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: berrehun bat obra bildu dituzte, eta hainbat diziplina uztartu. Tartean, pinturak, eskulturak eta bideo instalazioak. 1945etik gaur arte egindako piezak daude ikusgai —urriaren 8ra arte—, eta Doryun Chong, Mika Yoshitake eta Lucia Agirre aritu dira komisario lanetan.

Kronologikoki beharrean, gaika antolatu dute erakusketa: artistaren ibilbidean eragin nabarmena izan duten kezkak eta galderak bildu nahi izan dituzte: infinitua, metaketak, konektibitate erradikala, alderdi biokosmikoa, heriotza eta bizitzaren indarra. Hong Kongeko M Plus museoarekin elkarlanean antolatu dute. Bertan egon zen ikusgai lehenengo, eta Iberdrolaren babesarekin heldu da orain Bilbora.

AUTORRETRATUA

Hamahiru autorretaturen bilduma batekin abiatzen da erakusketa. "Artistaren ibilbidean garrantzia handia izan zuten", nabarmendu du Agirrek. Autorretratua deituriko 1950eko obra bat da ikusgai dagoen lehena, eta 2015eko collage bat da berriena. Orinek deitzen dute arretarik handiena horietan guztietan: "Behin eta berriro errepikatzen dira tantodun patroiak, eta artistaren figura ezkutuan geratzen da". Gainerako areto guztietan ere presente egongo dira orinak: "Haren obraren bereizgarri dira".

INFINITUA

1957. urtean bidaiatu zuen aurreneko aldiz Kusamak Ameriketako Estatu Batuetara, eta bidaia hori mugarri izan zen infinitua lantzen hasteko orduan. Itsasoa obra da horren erakusgarri, Agirrek kontatu duenez: "Artistak lehenengo aldiz zeharkatu zuen ozeanoa, eta haren mugagabetasunarekin liluratuta geratu zen". Orinen bitartez irudikatzen du infinitua artistak, eta patroi bera errepikatzen da aretoko obra guztietan: hasierarik eta amaierarik gabeko margolanak dira. Alabaina, bereziki, aretoaren erdialdean dagoen margolan batek deitzen du arretarik handiena: puntuz betetako hamar metro inguruko artelanak. Bestalde, Transmigrazioa obran kolore biziak tartekatzen hasi zen.

METAKETAK

"Kusamaren ibilbidean, metaketaren eta errepikapenaren ideia joera obsesibo bat izatetik harago, bere ikuspegi sortzailearen hedapen logikotzat har daiteke", azaldu du Agirrek. Letra metaketa deituriko collagea da artistak metaketaren inguruan sortu zuen aurreneko obretako bat: "Kusamaren erakusketa bateko gonbidapen txartelak dira: haren izen-abizenen ebakiekin osatu zuen koadroa". Pinturaz gainera, eskulturara ere egin zuen jauzi metaketa oinarritzat hartuta. Ehunka eskularrurekin osatutako besaulki bat da horren erakusle, besteak beste.

KONEKTIBITATE ERRADIKALA

1960ko hamarkadaren amaieran, "jarrera inkonformista eta zeharo probokatzailea" hartu zuen Kusamak: "Giza eskubideen alde agertu zen: arraza eta genero diskriminazioak salatu zituen, AEBko politika kritikatu zuen, eta Vietnamgo gerraren aurka protesta egin zuen, besteak beste". Halako jarrerek berehala erakarri zuten prentsaren arreta, eta, pixkanaka, ezagun egiten hasi zen. Bereziki, performancean dago oinarrituta laugarren areto hori. Auto-obliterazioa deituriko objektu sorta bat dago aretoaren erdigunean. Kolore biziz estalitako sei maniki ageri dira, biluzik, mahai baten eta hainbat aulkiren inguruan. "Auto-obliterazio kontzeptu hori funtsezkoa da Kusamaren filosofian: ni-aren askapena proposatzen du komunitatea sendatzeko modu gisa, eta bazterrean geratu diren pertsonak elkarlotzen ditu". Hedabideetan gero eta ospe gehiago eskuratzen hasi zen artista, eta orduko prentsa txostenak, argazkiak eta dokumentuak ere badaude ikusgai.

ALDERDI BIOKOSMIKOA

Kusama landa eremu batean hazi zenez, natura betidanik egon izan da presente haren obran. "Landareen anatomia eta haien bizitza eta heriotza zikloak biltzen ditu areto honek", azaldu du Agirrek. Era berean, naturara egindako hurbilketa hori "intimoa eta literala" da, komisarioaren arabera. Orinen erabilera nabaria da areto honetan ere. Hala dio artistak: "Gure planeta tanto bat baino ez da kosmoseko milioika izarren artean. Tantoak infiniturako bide bat dira. Tantoen bidez, natura eta gure gorputzak ezabatzen ditugunean, gure ingurunearen batasunaren parte bihurtzen gara". Kalabazak obra da horren erakusle. "Gizakiak bezala, kalabaza guztiak ezberdinak direla dio artistak: bere arimaren isla bezala hartzen ditu", zehaztu du Agirrek.

HERIOTZA

Heriotza oso presente egon izan da beti Kusamaren obran. 1970eko hamarkadaren erdialdean bizitako esperientziak eragin zuzena izan zuen: urte hartan, artistaren aita eta Joseph Cornell lagun mina hil ziren. Depresioak jota egon zen denbora luzez, eta, konponbide bezala, buru osasuna jarri zuen bere ekoizpen artistikoaren erdigunean: "Garai hartan ohikoa ez bazen ere, artistak sarritan hitz egiten zuen buru osasunari buruz: arteak sendatzeko ahalmena zuela esaten zuen". Hala, heriotza azken helmuga bezala ikusi beharrean, bizitzaren beste fase bat bezala hartzen hasi zen. Berde ilun koloreko areto txiki batean bildu dituzte heriotzarekin lotutako obrak.

BIZITZAREN INDARRA

1988. urtetik aurrera, ordea, eraldatu egin zen Kusama: "Bizitzaren energia islatzen hasi zen urte horretatik aurrera". Deigarriak dira areto horretako artelan guztiak: kolore biziak eta alaiak dira nagusi.


hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

mitologiak

Mitologiak

Bonnat Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Azaroaren 09ra

paraleloak-eta-meridianoak

Paraleloak eta meridianoak

Iberdrola bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 29tik
2026ko Agorrilaren 30era

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.