artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Emozioen errealitate birtuala

Silvia Sanchezek "arte tradizionalak eta birtualak" uztartu ditu Donostian ireki duen erakusketan

emozioen-errealitate-birtuala
Arg/ Gorka Rubio - Foku

Nagore Garmendia Artano [BERRIA.eus]
| 2023ko Uztailaren 25a

Begiratu eta ezagutu, epaitu gabe. Emakumea da obraren oinarria; hauskor izateari utzi, eta bere garapen propioa bizitzen hasten den emakumea. Emozioak eta bizipenak islatzen ditu, eta gauza txikiei garrantzia ematen die. Salto egiten du sinpletasun figuratibotik sinbolismo surrealistara. Istorio pertsonal bat da. Arte tradizionalaren eta digitalaren arteko elkarrizketa du izena Silvia Sanchez artistak (Bilbo, 1970) Donostian jarri duen erakusketak. Abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, Okendo kultur etxeko areto zaharrean.

"Areto inperfektu bat, inperfektuak diren nire emakumeentzat", adierazi du, irribarrez, Sanchezek. 500 urte ditu eraikinak, eta zaharra denari "ukitu moderno bat" eman nahi dio. Lan fisikoak ikusteaz gain, lan horien animazioak bizi izateko aukera ere badago, errealitate birtualeko betaurreko batzuen bidez. Izan ere, ez da nahikoa esperientzia hori kontatzea: "bizi" egin behar da.

Emakumearen azterketa psikologiko bat egin du artistak. Haren margolanetan agertzen den emakumea bere buruaren irudikapen bat da.

Zazpi obra daude zintzilik aretoko paretetan. Sanchezek eskuz margotu ditu, tinta, akuarelak eta paperaren askotariko testurak erabiliz. Piezek "emozioen mundura" eraman nahi dituzte ikusleak, eta inperfektutasuna erakusten dute: "Mundu inperfektuaren mezua helarazi nahi dut, izaki inperfektuak garelako".

Haren proposamena zera da, kontatzea nola elkartzen diren artea irakasteko bi modu: artearekin interesa duen jendearena, eta, aldi berean, arteari beldur pixka batez begiratzen diotenena. Sanchezek uste du ez dagoela "borrokarik" digitalizazioaren eta arte tradizionalen artean: "Ez da bi arte motaren arteko lehia bat: elkarrekin bizi daitezke". Harentzat, biak dira "baliozkoak" mezua egoki helarazi ahal izateko.

Sanchezek hamabost urte baino gehiago daramatza artearen munduan. Zuzenbidea ikasteari utzi zion, artean aritzeko. Espainian, Portugalen, Suitzan, Mexikon eta Arabiar Emirerri Batuetan bizi izan da, bere lana erakusten.

Bidean aurkitu dituen kultura eta pertsona guztien emozioak ezagutu nahi zituen, baita bereak ere, inolako "epaiketarik" egin gabe. Horregatik dira inperfektuak haren lanetako emakumeak, "melankoliatsuak, baina itxaropenez eta indarrez beteak". Gauza txikiek egunerokotasunean duten garrantzia da haren lanaren muina. Sinpletasuna gustuko du, baita surrealismoa ere.

Erakusketaren proiektua "erabat berritzailea" da, eta momentu berezi batean iritsi da, gainera, aplikazio digitalak gero eta barneratuago daudelako artean.

Inperfekziotik eboluziora

Zazpi koadroez gain, artistak gehigarri bat ere prestatu du: obra horietako batean inspiratutako eskultura bat. Lehen aldiz aritu da zizelkari: "Artearena amaitzen ez den bide bat da. Gauza berriak ekarri dizkit eskultura egiteak, utziko ez dudan mundu zoragarri bat deskubritzen ari naiz".

Bestalde, errealitate birtualeko esperientzia bat sortu du artistak. Haren margolanetako emakumeak bizirik ageri dira hor, eta gertutik ikus daitezke, hiru dimentsiotan eta 360 gradutan. Hala, ikuslea "emakumeen emozioen munduan" murgilduko da, artistaren esanetan. "Emakumearen ahalduntzeari egindako oda bat da, beren alde guztien aberastasuna erakutsiz, inperfekzioan aurkitu daitekeen edertasunaren inguruko galderei erantzuna bilatuz, eta gauza txikiei garrantzia emanez, baita bizitzan aurrera egiteko ahulguneei eta indarguneei ere, bizitzaz gozatu ahal izateko". Animazioak Inperfekziotik eboluziora du izena, eta lau minutu eta erdi irauten du.

Obraren asmoa da gazteak erakartzea sorkuntzara eta artera, teknologiari eta ikus-entzunezko formatu berritzaileei esker. Astearteetan, artistak bisita gidatuak egingo ditu, 18:00etatik aurrera.


foragers

Foragers

Jumana Manna

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Azaroaren 15era

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

66-76-26

66-76-26

Steve MᶜQueen

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 09tik
2027ko Otsailaren 21era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.