artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Harrabots jendetsua Gernikan, Urdaibaiko erreserbako Guggenheim proiektuaren aurka

Busturialdeko Hitzak adierazi duenez, 4.000 herritar inguru bildu ditu larunbat honetan egindako makroproiektuaren aurkako manifestazio zaratatsuak. Herritarrak eta eragile sozialak kezkatuta agertu dira Busturialdeko "beharrei erantzuten ez dien" museoak sor ditzakeen "inpaktu izugarrien" aurrean.

harrabots-jendetsua-gernikan-urdaibaiko-erreserbako-guggenheim-proiektuaren-aurka
Larunbatean Gernika-Lumon egindako manifestazioa. Arg/ Busturialdeko Hitza

Izaro Villarreal Lauroba [ARGIA.eus]
| 2023ko Azaroaren 7a

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta, milaka lagun elkartu dira larunbat honetan, hilak 28, Gernika-Lumoko Pasealekutik abiatutako manifestazioan. Proiektuari ezezko borobila ematera irten dira manifestariak kalera: "Dena ez da dirua, Urdaibai ez dago salgai" gisako aldarrikapenak plazaratu dituzte, eta entzungor egiten ari diren erakunde zein alderdiei "ardura har dezaten" eskatu diete. Herritarrek eta bestelako eragile sozialek ere "babesa eta atxikimendua" adierazi nahi izan dute.

Busturialdeko herritarrak kezkatuta agertu dira Urdaibaiko biosferaren erreserban proiektu honek sorraraziko duen "inpaktu izugarriaren" aurrean. Jakina da egitasmo honek bi eraikin nagusi izango dituela, bai eta "bide berde" batez lotuta egongo direla: bata Gernika-Lumon, Dalia estalki enpresa zaharraren lurretan, eta bestea Muruetako ontziolan.

Gernikako Pasealekutik abiatuta, herriguneko erdialdea zeharkatu ondoren, Foru Plazan burutu da manifestazioa eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolari Gernikarra izan da manifestua irakurtzeko ardura izan duena. Ezer baino lehen, garbi utzi nahi izan du Guggenheim Fundazioak proposatu eta hauspotutako proiektua dela, eta "itzalpean ezkutatzen diren" Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Estatuaren babespean aurrera eramana. Ildo horretan, berretsi du "premia pribatu bati" erantzuten diola eta "inposizio osoz" egindako proiektua dela. "Bakar batzuen burutapenak gauzatzeko eta poltsiko jakin batzuk betetzeko, guztion dirua baliatu nahi dute", gaineratu du bertsolariak.

Ageriko kalteak

Plataformako kideek emandako datuen arabera, aurreikusten da Urdaibaiko erreserbako Guggenheimproiektuak 140.000 bisitari ekarriko dituela urtero-urtero, udako hiru hilabeteetan. Busturialdeko herritarrek salatu dute horrek "desiragarriak ez diren ondorioak" ekarriko dituela: "Larriki eragingo die mugikortasunari, etxebizitzen prezioei, eguneroko bizimoldeari, hizkuntzari edota kulturari".

Eskualdearen etorkizuna "guztion artean" eraiki beharra nabarmendu du Etxebarriazarragak: "Etorkizun horrek pertsonen bizitza eta natura erdigunean eduki behar ditu; dena ez da dirua, Urdaibai ez dago salgai". Administrazio publikoei, erakundeei eta alderdiei eskakizun zehatza egin diote plataformatik: "Geratu bihar bertan zentzurik gabeko proiektu suntsitzaile eta zapaltzaile hau".


generation-volta

Generation Volta

Sanlé Sory

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Agorrilaren 01etik
2026ko Urriaren 01era

kaosaren-diziplina

Kaosaren diziplina

Isabel Coixet

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Azaroaren 01era

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.