artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Izarrik gabeko konstelazioak

Joseba Larratxe, Harkaitz Cano eta Unai Iturriagaren 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikia oinarri duen erakusketa bat ireki dute Donostian. Ehun marrazki inguru daude ikusgai, besteak beste

izarrik-gabeko-konstelazioak
Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariaren irudi bat, Donostiako Okendo kultur etxean dagoen erakusketan. Arg/ JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 2023ko Azaroaren 17a

Geruza ugari zituen Mikel Laboak (Donostia, 1934-2008). Unibertso bat kabitzen zen haren bizitzaren, obraren eta izaeraren geruza bakoitzean, eta horixe irudikatu nahi izan dute Mikel Laboa...izan liteke konstelazio, izan gabe izar... erakusketaren antolatzaileek. Joseba Larratxe Josevisky-k, Harkaitz Canok eta Unai Iturriagak iaz plazaratu zuten Ni ez naiz Mikel Laboa komikia du oinarri, eta Larratxeren ehundik gora irudi ez ezik, kartelak, artelanak, argazkiak, dokumentuak eta ikus-entzunezkoak ere jarri dituzte ikusgai. Donostiako Literaktum jaialdiaren barruan antolatu dute, eta 2024ko urtarrilaren 27ra arte egongo da zabalik, Okendo kultur etxean.

EHUren Mikel Laboa katedrak proposatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadaz osatu zuten komikia hiru egileek, eta Elkar argitaletxeak plazaratu zuen. Sortzaileek orduan azaldu zutenez, Lekeition (Bizkaia) bildu ziren, "Laboaren lekeitioen sorburu edo iturburu izan zen lekuan", musikari eta kantaria haientzat nor zen eta zer kontatu nahi zuten zehazteko. Baina mapa bat trazatzen hasi, eta azkenean "iparrorratza hautsi" zutela ekarri zuen gogora Canok atzo, erakusketaren aurkezpenean. "Iparrorratza hautsi behar genuela ondorioztatu genuen, gu libre sentitzeko eta haren izpiritu libre eta jolastia harrapatzen saiatzeko, eta ez hainbeste Laboa solemne hori". Hala, ohiko biografia bat egiteko ideia baztertu, eta Laboaren askatasuna eta aldarte jostaria hartu zituzten haiek ere lanerako abiapuntu. Ideia hori erakusketan ere islatu dutela iruditzen zaio idazleari.

Larratxerentzat, berriz, komikia bere obrarik garrantzitsuena izan liteke, bai Laboaren figuragatik, bai izan duen ibilbideagatik —hari esker, atzo bertan jaso zuen literatur lanen ilustrazioaren ataleko Euskadi saria—. "Pentsatzen dut marrazkilari guztion ametsetako bat dela geure marrazkiak formatu handian eta halako erakusketa batean ikustea". Horregatik, eskerrak eman zizkien antolatzaileei, baita komikia egiteko prozesu luzea "modu duinean" aurrera eramateko modua eman zieten sustatzaileei ere.

Koma Kultur Zerbitzuak etxeko Miren Koro Campos eta Mauro Peñalba arduratu dira erakusketako komisario lanak egiteaz, eta, Laboa ardatz izanik, "erronkatzat" jo zuen Camposek. "Mikel Laboa geruza askokoa izan zen; horregatik, ez gara haren kantari alderdian soilik oinarritu, eta haren bizitzaz ere hitz egin dugu". Material ugari eta askotarikoak bildu zituzten horretarako, eta horiek lortzeko jo zuten ate oro zabalik aurkitu zutela azpimarratu zuen Camposek. Bereziki eskertu zuen Larratxeren eskuzabaltasuna, komikiari lotutako bere material guztiak haien esku jarri baitzituen, nahi bezala erabil zitzaten. Horrela, komikiko marrazkiak ez ezik, sortzeko prozesuan landutako proba eta zirriborroak, koadernoak eta bestelakoak ere badira aretoan.

"Jolas egiteko" erakusketa bat dela ere adierazi zuen komisarioak, eta koloreekin jolas egin dutela, Laboaren bizitzako garai batetik bestera igarotzean tonuak ere aldatu egiten baitira, besteak beste. Horri lotuta, gaineratu zuen "bizitza osoan Laboaren alboan egon zen pertsonari", hau da, Marisol Bastidari ere omenaldia egin nahi izan diotela, eta, tarteka irudietan agertzen bada ere, haren presentzia erakusketa osoan sumatzea nahi izan dutela: "Izan ere, Marisol ezagutzean iritsi zen kolorea Laboaren bizitzara".

Unibertso batetik bestera

Aretorako sarreran, lurrean, Laboaren diskoen azalek erakutsiko diote bidea bisitariari. Eta segidan aurkituko duen testuak azalduko dio artistaren "bizitza eta obra osatzen duten unibertsoetan barrena bidaia bat egitea" proposatzen duela erakusketak. Hogei bat panel daude, hitzez eta irudiz azaltzen dituztenak Laboaren bizitzari eta ibilbide artistikoari buruzkoak. Eta, hain zuzen, "unibertsoka" antolatu dituzte horiek, komisarioaren hitzetan.

Osasunari lotutakoa da lehena, eta, hala, medikuntza ikasi zuen garaiko irudiak eta bihotz handi bat jarri dituzte paretan, artistak izan zuen gaitz bati erreferentzia egiteko. Gernikako bonbardaketak utzi zion arrasto sakona ere irudikatu dute segidan, zuri-beltzean. Larratxeren irudiekin osatutako bideo bat eta Lekeitioko baserriaren erreplika txiki bat jarri dituzte gune horretan. Haren esperimentaziorako joeraren lekuko, beste ikus-entzunezko bat dago jarraian, Komunikazio-Inkomunikazio proiektuaren harira eman zuen zuzeneko batena.

Laboak iturritzat zeuzkan musikariak, Ez Dok Amairuko garaiak, kontzertuetako kartel eta sarrerak, eta haren omenez beste artista batzuek eginiko lanak ere badira, tartean Iñaki Olazabalen eskultura bat eta Koldobika Jauregiren egurrezko lau pieza.

Eta hasi bezala bukatzen du bidea erakusketak, abiapuntu duen komikiari lotutako materialekin.


itsasoaz-haraindiko-ikuspegiak

Itsasoaz haraindiko ikuspegiak

Patricia Phelps de Cisneros Bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 06tik
2027ko Urtarrilaren 21era

macula-et-materia

Macula et Materia

Sally Mann

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 17tik
2026ko Urriaren 18ra

the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

maider-aldasoro

Maider Aldasoro

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 22ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.