artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Sormenaren geruzak

Nora Goialde eta Garazi Calvo artisten lanak bildu dituzte 'Perla, azala, katea' erakusketan. Piezen azala landu dute, txatalak edo pegatinak gainjarrita. Bilboko Batzar Nagusien erakusketa aretoan ikus daiteke, hilaren 15era arte.

sormenaren-geruzak
Garazi Calvo Fernandez artista bere lanetako baten aurrean, 'Perla, azala, katea' erakusketan, Bilboko Batzar Nagusietan. Azaroaren 7an aurkeztu zuten mostra. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Amaia Igartua Aristondo [Berria.eus]
| 2023ko Abenduaren 2a

Aretoko zutabeetako batean ipini dute: orri handi bat, zuria gailen, askotariko geruzak pilatuta dituena. Margoak latz bilakatu du hondoa, eta erliebea eman dio euskarri lauari: margoaren hezetasunak tolesdurak txertatu dizkio azalerari; pintura zuria txaplatetan bildu da han-hemen, eta estali gabe geratu dira, ostera, eremu batzuk. Gainean, beste geruza bat: gometsak barreiatuta, zuritasunean orbanak. Gertu, formatu txikiagoan, paper txatalak gainjarrita taxutu dute beste artelan bat, eta ikatzaren belztasuna gehitu zaio aurrekoaren zuritasunari. Bat egiten dute geruzetan bi artelanek, baina aldendu egiten dira kolorean. Hain justu, bi ezaugarri horiek hezurtzen dute Nora Goialde Agirre (Donostia, 1998) eta Garazi Calvo Fernandez (Bilbo, 1996) artisten Perla, azala, katea erakusketa: batetik, testuraren esangura dago; bestetik, kontrastea. Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusietan ikus daiteke bilduma, hilaren 15era arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHUk lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2011n, eta, ordutik, Arte Ederren Fakultateko Increarte Ikerketa eta Sormena Artean masterreko hainbat ikaslek haien lehen erakusketa antolatu dute Batzar Nagusietako aretoan. Master bera ikasi dute Goialdek eta Calvok, baina ez zuten gela berean kointziditu; bazuten elkarren lanaren berri, baina erakusketak eman die abagunea elkarrekin behar egiteko. Erakusketa prestatzeko elkarrizketetan, zerrenda bat egin zuten, ikusteko zertan batzen ziren beren lanak, eta zertan ziren desberdinak; zer elementu errepikatzen ziren eta zeintzuek deskribatzen zuten bi artisten jarduna. Bilketa horretatik sortu zuten izenburua: Perla, azala, katea. "Iruditu zitzaigun horietan egiten genuela biok topo", Goialderen esanetan.

Oinarrian, baina, oso bestelakoa da haien lan egiteko modua, Goialdek azpimarratu duenez. "Baina uste dugu osatzen direla, eta elkar laguntzen diotela, artea ulertzeko bi modu ezberdin baitira". Calvoren arabera, garai bat izan zuen non oliora eta koloreetara jo baitzuen. "Orain, beste material batzuk erabiltzen ditut, material gutxiago, eta naturalagoa egiten zait beltzarekin nahastea". Marrazkietan eta argazkietan oinarritzen da. "Egunerokotasunetik ateratako elementuekin egiten dut lan, eta horiek gainjartzen ditut". Azkenaldian ondutako konposizio batzuk bildu ditu mostran: estudio batean ibili da behar egiten, eta, batik bat, ikatza eta espraia erabili ditu, azaldu duenez. "Horrez gain, Bilbo Arteko ekoizpenerako diru laguntza daukat; orduan, serigrafiak, plotter inpresioak eta halako lanak egin ahal izan ditut hango lantegietan, azpiegitura horretaz baliatu naiz", azaldu du Calvok.

Goialdek Donostiako Azpikultur elkartean egiten du lan, eta han jorratu ditu masterrean landutako ideietako zenbait. "Margotzeko eta koadroak sortzeko beste modu bat aurkitu nahian, gometsekin eta beste elementu batzuekin lan egiten hasi nintzen". Nola aldatzen den elementu bat gertutik edo urrunetik ikusita, horren inguruan ere gogoetatu du Goialdek. "Interesatzen zait aztertzea urrutiratzean gauzek zer beste efektu sortzen duten ikusleengan".

Materialen azala

Oso bestelakoa da haien lana. Hori hala, nola uztartu? Lan presentziala nabarmendu du Calvok. "Jolastu nahi izan dugu amankomunean ditugun gauzekin, eta kontrasteekin". Izan ere, azaldu duenez, Goialderen lanak handiagoak eta koloretsuagoak dira, oro har; Calvorenak, aldiz, txikiagoak dira, eta zuri-beltza edo beltza gailentzen dira. "Muntatzera etorri aurretik, berben zerrendarekin bueltaka ibili ginen, baita egindako irudiak elkarrekin konpartitzen ere. Hasieratik argi geneukan kontraste handia zegoela, eta, segun nola begiratzen duzun, izan daiteke indargunea". Era berean, formatuak uztartu dituzte aretoan: bazter batzuetan, pieza handiak dira nagusi, baina izkina bat gorde dute propio konposiziotxikiagoetarako, espazioa beste modu batera erabilita: lanak gorago jarrita, beherago...

Nolanahi ere, hari batek lotzen ditu piezak, formatua eta kolorea gorabehera: testurak, azalaren lanketak. Calvo: "Biontzat da garrantzitsua testuraren kontua. Nire kasuan, material ezberdinak daude. Adibidez, paperak gainjartzen ditut, eta horrek bolumena eta testura ematen du; ikatzak badauka testura mota bat, espraiak badauka beste bat... Plotterra distiratsua da, serigrafiak dira mateagoak eta lauagoak". Bide beretik, geruzak ere aintzat hartzen ditu Goialdek: "Kasu batzuetan, gometsak ez dira gainjartzen; beste batzuetan, bai. Materialek jada badaukate beren testura: batzuetan, plastikoaren gainean ipintzen ditut; beste batzuetan, margoaren gainean...".

Zinema eta literatura

Calvori dagokionez, gainera, zinema eta literatur erreferentzia mordo batean bermatu dubere lana. Katalogoan aipu sorta bat kokatu du. Besteak beste, Lizar Begoña Sopelako poetaren Gepardo Japoniarrak (Susa, 2022) laneko @Holmes olerkia, edo Marguerite Duras Frantziako idazlearen Maitalea liburuko pasartea, non narratzailea tematzen den haurtzaroko xehetasunak oroitzen. "Ez da desegin hazpegi fineko beste aurpegi batzuk bezala, ezaugarri berak ditu, baina materia suntsituta dago. Aurpegi suntsitu bat daukat", kokatu du Calvok, gorriz, beste aipu batzuen artean. Olatuak eleberriko une bat ere gehitu dio bildumari, eta pertsonaiaren ezinegona gordin agertzen du Virginia Woolfen barne bakarrizketaren moldeak. Krzysztof Kieslowski eta Pawel Pawlikowski Poloniako zinemagileen pelikuletatik ateratako detaile pare bat ere badaude.

"Ez dute nire lana azaltzen", ohartarazi du Calvok, baina inguratzen dute, bederen, eta eragiten diote. "Ez nabil beti marrazkiak begiratzen; irakurketa eta zinema ere asko erabiltzen ditut. Modu informal bat izan daiteke azkenaldian jasotako mundu bat aurkezteko". Master Amaierako Lanean, sakelako argazki galerian gordetako liburuen eta pelikulen batuketa bat egin zuen, eta iturriok nabarmendu ditu ostera ere, katalogoan pilatuta.

perla-azala-katea

Perla, azala, katea

Nora Goialde Agirre, Garazi Calvo Fernandez

Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2023ko Azaroaren 07tik
2023ko Abenduaren 15era


isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

landabarrenako-dama

Landabarrenako Dama

Pilar De Zubiaurre

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 29ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.