artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Mignonneau eta Sommerer arte digitalaren aitzindariei eskainitako atzera begirakoa zabaldu du Azkuna zentroak

Artista bikoteak 1990eko hamarkadatik gaur egunera arte sortutako hamazortzi instalazio bildu dituzte aretoetan. Interaktiboak eta jostariak dira haietako gehienak.

mignonneau-eta-sommerer-arte-digitalaren-aitzindariei-eskainitako-atzera-begirakoa-zabaldu-du-azkuna-zentroak
Bi bisitari, Bilboko Azkuna zentroko erakusketako piezetako batekin jolasten. Arg/ OSKAR MATXIN EDESA

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2024ko Otsailaren 9a

Aitzindari izateak bihurtu ditu klasiko Christa Sommerer eta Laurent Mignonneau artistak. Bikoteak hiru hamarkada daramatza arte digitala lantzen, eta haien hamazortzi lan biltzen dituen atzera begirakoa zabaldu dute orain Bilboko Azkuna zentroan. "Unibertsitatean ikasitako lehen multimedia artisten belaunaldia da haiena", azaldu du Genoveva Rueckert-Sommerauer komisarioak, eta oraingoa "arte eta teknologia" erakusketa bat dela adierazi du Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak. Kable eta tresneria konplexurik ez, ordea;halakoen ordez, inurri, erle eta eulien irudiak eta benetako landareak topatuko ditu bisitariak aretoan. Hain zuzen, bizitza analogikoaren eta programazio digitalaren arteko joan-etorri horrek elikatzen ditu artisten lanetako asko, maiz, ikuspegi nabarmen jostariarekin, gainera. The Artwork as a Living System deitu dute erakusketa (Artelana sistema bizi gisa) eta maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai.

1992koa da erakusketako piezarik zaharrena: Interactive Plant Growing (Landare hazte interaktiboa). Bost landare topatuko ditu bertan bisitariak, areto erdian, eta, haiek ukituz gero, kontaktu horren eraginez, landare digital batzuk ikusiko ditu pantailan sortzen eta hazten. Ukitu bonsaia, adibidez, eta hosto mota bat zabalduko da pantailan;ukitu iratzea, eta bestelako landare digital bat azalduko da proiekzioan;ukitu kaktusa, eta desagertuzjoango dira guztiak. "Sasoi hartan ez zen halakorik sekula egin", azaldu du Sommerrek. "Ordura arte inork ez zuen bizitza analogikoaren eta digitalaren arteko harremana horrela landu".

Euli-erretratuak

Hain zuzen ere, digitalak izanik ere, naturari egiten diote erreferentzia erakusketako obra gehienek. Lehen aretoan, esaterako, 10.000 euli topatuko ditu bisitariak pantaila batean, nahas-mahas bizian. Haren aurrean tarte labur bat emanez gero, ordea, berehala igarriko du euli horiek bere silueta edota aurpegia erreplikatzeko biltzendirela, eta, bisitariamugitzen hasiz gero, berehala berriz zurrunbiloan hasi.

Sommererrek onartu du maite dutela obrak"jostariak" izan daitezen, baina ez du uste jolas hutsa direnik ere. "Jolastea gauza ona da, edonola ere, jendea prozesuan murgiltzen du, eta espero dugu horrek gogoeta artistikoa ere eginaraziko duela". Ezinbestekotzat jo du ikusleen presentzia, halere. "Jendeak haiekin hartu-emanak sortzen dituen heinean soilik existitzen dira pieza hauek".

Hasi zireneanordenagailuak oraindik ere urriak zirela gogoratu du Sommererrek, eta zaila izaten zela haiekin lan egitea. Dioenez, egindako lanek "errazago" zuten ikusgaitasuna lortzea, oso gutxi zirelako ordenagailuekin lan egiten zuten artistak. "Orain, arte digitalari buruzko hamaika master, espezializazio eta doktoretza programa daude, eta oso zabalduta dago. Are gehiago, bada urrunago jotzen duenik, esanez gaur egun dena bihurtu dela arte digitala, baita margolariena ere, haiek ere gaur egungo teknologiak erabiltzen dituztelako lanerako, eta interfazeekin eta ordenagailuekin lan egiten dutelako. Dena hibridatu da alor digitalarekin, beraz. Eta, hala, zailagoa dahorrek ikusgaitasuna lortzea".

Life Writer (Bizitza idazlea) obra ere badago aretoan, 2006koa. Idazmakina zahar bat da, berez, egurrezko mahai baten gainean, eta sabaitik zintzilik dagoen proiektore batek argitzen du haren orri erabat zuria. Baina makinan zerbait idatzi —edozer—, papera atzera bota, eta tinta zirudiena zomorro forma hartzen eta mugitzen ikusiko du bisitariak berehala, orrian gora eta behera. Segi idazten, eta testu bakoitzak zomorro mota berezi bat sortuko du. Erreproduzitzen eta orrian sakabanatzen eta elkarrengana gerturatzen ere ikusi ahalko ditu, gero. Gose direnean, letra gehiagoren bila hurbilduko zaizkio. "Idazten duzuna izaki horien DNA bezalakoa da", azaldu du Mignonneauk.

Arretaren ekonomia

Teknologikoki sinpleagoa da The Value of Art (Artearen balioa) artelana, esaterako, baina badu bere eztena. Hiru koadro topatuko ditu bisitariak horman zintzilik. Katu baten irudia, itsas paisaia bat eta emakume baten erretratua. Margolanaren unean uneko balioa adierazten duen tiket bat ere topatuko du ikusleak, koadroaren azpian. Ikusleek obrari begira pasatzen duten denbora neurtzen du gailu batek, eta, inork hari bost segundoz arreta jartzen dion aldiro, 50 zentimo garestitzen du artelanaren prezioa.

Irribarrea ahoan duela eman du lehen azalpena Sommererrek. "325 euroan erosi genion katuaren obra artista bati, nahiko merke, etaorain 29.000 euro balio dituela dio tiketak". Baina sakonagora ere jo du gero. "Txantxa moduko bat da, noski:arretaren ekonomia da obraren sakoneko gaia. Hainbat pentsalarik diotenez, arreta bilakatu baita gaur egungo dibisa".

Bilbokoa laugarren geltokia du erakusketak. Aurrez, Alemaniako ZKM zentroan, Austriako OO Landes-Kultur gmbH gunean, eta Bruselako iMAL zentroan izan da ikusgai.


the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

itzalek-diotena

Itzalek diotena

Ihintza-Chole Hargous Aranburu

Posta aretoa (Urruña, Lapurdi)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 16ra

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

argiari-bidea-eman

Argiari bidea eman

Naia del Castillo

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Uztailaren 24tik
2026ko Irailaren 20era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.