artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Diz-diz egiten duen lorategia

'FINAL FANTASY LOVE' | Artista: Jonathan Escapa Etxaniz. | Non: Sanagustin kulturgunea eta Foru ibilbideko erakusketa aretoa, Azpeitian (Gipuzkoa). | Noiz arte: Martxoaren 3ra arte.

diz-diz-egiten-duen-lorategia
Jonathan Escapa Etxaniz artistaren 'Final Fantasy Love' erakusketako obra batzuk, Azpeitian. Arg/ JON URBE / FOKU

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2024ko Martxoaren 4a

Hainbat lekutatik ari nintzen izaten DOI ekimenaren berri, eta ezin ez ikusiarena egin behin jakin-minaren harra barnean ernatzen denean. Azpeitiko Dinamo sormen gunearen baitan ekoiztutako proiektuak gizarteratzeko egitasmoa da DOI; haien hitzak erabiliz, sormenera hurbiltzea ahalbideratzen duen leiho bat. Eta haren baitan loratu da Jonathan Escapa Etxanizen banakako erakusketa ere: Final Fantasy Love; ekimenaren baitan —nik dakidala behintzat— egindako lehen mostra.

Azpeitia ez da iristeko erraza den herria —garraio publikoz bederen—, eta ez da pasaeran gelditzen dena ere —askorentzat behintzat—; Azpeitia propio joan behar den herri horietakoa da. Hala, aitzakia ere bazen betiko ingurumaritik irten eta esploratzekoa. Eta hori nabaritu ere nabaritu genuen ederki erakusketaren bilaketan. Izan ere, erakusketa bi zatitan partitua baitago: ataltxo txiki bat Sanagustin kulturgunean dago eta bestea, berriz, Foru ibilbideko erakusketa aretoan. Lehena topatzen ez genuen izan arazorik, Azpeitia asko ezagutzen ez dudan arren, ezaguna baita Sanagustin kulturgunea, eta txar-txarrean Google Mapsek edo mugikorreko bestelako nabigatzaileren batek zuzen-zuzenean azaltzen du bertaratzeko bidea. Fitxatutako lekua da.

Sartu, eta erakusketaren zati bat hantxe zegoen, kafetegiko eskuin aldeko izkina batean, pare bat horma hartzen zituelarik, bertako mahai eta aulkien babesleku gisara, ia. Lehen aperitibo hutsa zen hura; tripak mugitu, martxan jarri, eta gosea sortzeko erabiltzen direnen gisakoa. Orain, bigarren zatia falta zen. Taberna jendez beteta zegoen, eta han galdetu beharrean espazioaren bilaketari ekin genion. Asko pentsatu gabe, Google Mapsi galdetu genion erakusketa espazioaren berri, baina hark ere ez zekien zertaz ari ginen. Hortaz, lege zaharrera, kaleko jendeari galdezka, kezka eta zalantza artean, jo genuen erakusketa aretoarekin. Altxorra topatu genuen.

Ez nuen aurrez Escaparen lana ezagutzen, Final Fantasy Love izenburuak ere pista gehiegirik ez zizkidan ematen; hori bai, tragedia puntu bat iradokitzen zidan, eta erakusketan horretatik ere sumatu nuen, nahiz eta tragedia hori purpurina eta brilli-brilli-z estalirik agertu; edo estaltzeko intentzioarekin behintzat —egun, maiz egiten den modura—.

Bere lanean, badago hitzez hitz aditzera ematen duen metodologia: saiakerarena eta errepikapenarena; saiatu eta ekin, ekin eta saiatu. Baina, nora heltzeko? Escapak egungo errealitatetik etorkizun iluna proposatzen digula dirudi; etorkizuneko lorategiez (edo lorategi ezez) mintzo zaigula. Ia-ia, lorategiak zer ziren oroitzeko egin beharko ditugun ariketak izan daitezke bere proposamenetariko bakoitza; inondik ere, umore beltzaz blaituta. Plastikozko poltsetan gordetako plastikozko loreak batetik, eta fosil bilakatutako loraldiak bestetik, ekintza argitzen duen hitza etiketatua duela. Ingelesez. Lorategiarekin batera gure hizkuntza ere galduko al dugu bada etorkizun horretan?Bai, lorategietan loreak behealdean kokatzen ziren, eta txoriak, berriz, gainaldean. Hori ere gogorarazten digu Escapak, nahiz eta txorien kantarik ez entzun belarrietan.

Tragediaz betetako inguru honetan, ordea, nostalgiaren gozotasuna nabaritzen da; landarez gainezka egoten diren lorategien berotasuna eta babesa gailentzen da. Plastikozko landareak samurki erlazionatzen dira gure gorputza eta etxeetako horma biluziak estaltzen eta apaintzen dituzten oihal eta makrameekin. Eta haiez inguratuta, aretoan eseri, eta lasai geldituko nintzateke; besterik gabe, egonez, kontenplatuz, lasaitasunean. Hara, agian berriz ere Sanagustinera itzuliko naiz bueltan.

Igual, orduan, saiakera eta errepikapen horiek guztiek, lur zati txikienaren jabetza erdiestea hain zaila den honetan, artistak bere jardin propioa osatzeko ahaleginen parte izan daitezke? Hori izan daiteke artistak izenburuaren bidez seinalatzen duen fantasia ere; maitasunezko fantasia baino gehiago, maitasunetik egindakoa. Nahiz eta maitasuna bera plastikozkoa izan eta lurrean egon. Behintzat, indartsu, diz-diz egiten du.


amaia-molinet

Amaia Molinet

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Ekainaren 23tik
2026ko Irailaren 06ra

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Azaroaren 01era

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.