artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bidarte: "Euskara irizpide garrantzitsua izanen da zuzendari berria hautatzeko, baina ez da ezinbestekotzat joko"

Bilboko Guggenheim museoaren zuzendaritza uzteko zergatiak azaldu ditu Juan Ignacio Bidartek. Zuzendari berria hautatzeko prozesua ekainaren 3an irekiko da, eta horren inguruko xehetasunak ere eman ditu. 32 urteko ibilbidea utziko du gibelean.

bidarte-euskara-irizpide-garrantzitsua-izanen-da-zuzendari-berria-hautatzeko-baina-ez-da-ezinbestekotzat-joko
Juan Ignacio Bidarte, Guggenheim museoaren atarian, Bilbon. Arg/ Oskar Matxin Edesa - Foku

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2024ko Maiatzaren 29a

Juan Ignacio Bidarte Guggenheim museoko zuzendari nagusiak bere agurra egin du museoko auditoriumean. Herenegun jakinarazi zuen patronatuarekin ukaniko bilkuran zuzendari postua utziko zuela. Atzo, aldiz, agurraren zergatiak plazaratu zituen. Museoaren 20. urteurrenean gogoetatzen hasi zela azpimarratu du: "2017an hasi zen nire gogoeta. Denborarekin, ondu egin nuen erabakia, eta atzo aurkeztu nion patronatuari". Hala ere, nahiz eta aurtengo udazkenetik aitzina museoko zuzendaria ez izan, fundazioko estrategia zuzendari izaten segituko duela esplikatu du, baita zuzendari emerituizendatuko dutela ere. Zuzendari berria hautatzeko prozesuaz ere mintzatu da, eta esan du euskara irizpide "garrantzitsua" izanen dela, baina ez dela "ezinbestekotzat" joko.

Bidarte lantalderik gabe igan da oholtzara. Bakarrik, eta argien fokupean, nabarmendu du biziaren erdia pasatu duela museoari loturik, eta bere "erantzukizuna" dela zuzendaritza aldaketa martxan jartzea. Horren harira, ohartarazi du museoaren sortzetik gaur egunerainoko aldia hesten duela: "Uste dut badela garaia ekimen ia utopikoa zena garatzearekin, hura martxan jartzeko lantaldea taxutzearekin eta museoa eraiki eta abiaraztearekin hasi zen zikloa hesteko". Aitzineko aldia hesteaz ez ezik, aldi berri bat irekitzeko beharraz ere mintzatu da. "Ezinbestekotzat" jotzen du aldaketarako gunea sortzea eta "bertze belaunaldi" batek ekar dezakeen ikuspegi berria txertatzea. Haren erranetan, ikuspegi eta aldi "freskoagoa eta berriagoa" nahi du, gaurko garaiekin bat datorrena, azken finean.

Eginiko ibilbideaz kontent dela erran du. Eskerrak eman dizkie proiektua "anitz" sostengatzen duten erakunde publikoei. Museoa eraikitzeko eginiko lankidetzagatik eta erakundeen "ausardiagatik" eskerturik agertu da Bidarte. Are gehiago, erakundeek eta proiektua eraiki duten pertsonek emaniko konfiantzaz ere jardun du: "Bihotzez estimatzen dut nigan jarri zuten konfiantza, duela hiru hamarkada proiektu hau sustatzeko sorturiko patzuergoa zuzentzeko izendatu nindutelarik eta patronatuak museoaren zuzendari gisa aukeratu nindutelarik". Azkenik, lantaldeari ere eskerrak eman dizkio azken 30 urteetan eginiko "ahaleginengatik". Talde guziaren "talentu handia" nabarmendu du, eta haiei esker museoak ezarritako helburuak "gainditu" direla erran du.

Hautagaitza prozesua

Zuzendari berria hautatzeko prozedura ekainaren 3an abiatuko da. Prozesu "publikoa, gardena eta ekitatiboa" izanen dela gaineratu du Bidartek. Berlingo Antonia Josten nazioarteko enpresari emanen diote lekukoa prozesuaren kudeaketa egin dezan. Hautagaiaren profilaz, zehaztu du "esperientzia handiko" pertsona bat izatea lehenetsiko dutela Guggenheimeko zuzendaritzan, baita museoaren balioekin "bat datorren" norbait izatea ere. Hautagaiaren hizkuntza eskakizunei dagokienez, berriz, honakoa erran du: "Euskara irizpide garrantzitsua izanen da zuzendari berria hautatzeko, baina ez da ezinbestekotzat joko".

32 urteko ibilbideko momentu gozoak ere azpimarratu ditu. Museoaren estreinaldiaz gain, Richard Serraren Denboraren materia obren aurkezpenaz ere oroitzapen "ona" atxikitzen duela azpimarratu du. Bete gabeko nahi bat ere aitortu du: "Arantza ttipi batekin noa: Gernika margolana Guggenheimera ekartzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu".

Aitzina begira, 2025eko egitaraua osatua dela erran du. Heldu den urteko erakusketak "anbizio handikoak" dira, haren irudiko. Obra garaikideak eta orotariko publiko bati zuzenduak izanen dira. Guggenheimek Urdaibaiko eremuan duen proiektua "handia" dela erran du, eta zehaztu du oraingoz proiektua ez doala "aitzina", ez dagoelako erakundeen arteko adostasunik.


bertopaketak

Bertopaketak

Anton Hurtado

Juan Manuel Lumbreras (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Urriaren 23ra

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Azaroaren 01era

walker

Walker

Tsai Ming-Liang

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 18tik
2026ko Abenduaren 06ra

maider-aldasoro

Maider Aldasoro

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 08tik
2026ko Azaroaren 22ra

donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.