artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Agustina Oteroren "akupuntura espaziala" bistaratzen duen erakusketa zabaldu du Oteiza museoak

Artistak materiaren eta espazioaren arteko loturari buruz hausnartu du urteetan, bustoak baliatuz batik bat, eta 'Zirkuluaren zerumuga' proiektua aurkeztu du ideiok plazaratzeko. 42 eskultura daude bilduta Altzuzako museoan.

agustina-oteroren-akupuntura-espaziala-bistaratzen-duen-erakusketa-zabaldu-du-oteiza-museoak
Agustina Otero artista, Oteiza museoan. Arg/ IDOIA ZABALETA - FOKU

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2024ko Ekainaren 22a

Zerumuga beti da urrun. Berdin da zer abiadatan egiten den lasterka harengana, beti ematen du iritsi ezinezkoa, eta hori ederki daki Agustina Oterok (Leon, Espainia, 1960). "Izan dezakezu harengana hurbiltzen ari zarelako sentipena, baina, ohartzerako, zuk aurrera egin ahala, urrundu eginen da bera", esplikatu du artistak, zeruertzari buruz. Ordea, nahita ere bertara ailegatu ezinak ez dio eragiten frustraziorik batere; kontrara, hain justu metafora hori dauka, sarri, motibazio iturri arte sorkuntzan. "Ideia bat hartu, hasten naiz lanean, eta sentitzen dut, antzera, niri ere eskapo egiten didala zerbaitek, urrunera. Eta justuki horrek itzularazten nau nire eguneroko lanera aldiro; gehienetan, eskulturara". Aitortu du bueltatzen den aldi horietan guztietan ez duela berdin jarduten, baina bada gai bat hogei urtetik gora duena begiz joa: burua. Horren isla da Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa) aurkeztutako proiektua: Zirkuluaren zerumuga.

Bi erakusketak osatzen dute proiektua, zehazki. Bata Oteiza museoan ireki dute, eta azaroaren 24ra arte izanen da zabalik. Horretan, askotariko materialez eginiko 42 eskultura eta lau marrazki daude bilduta. Bigarren erakusketa ireki gabeda oraindik: Iruñeko Ziudadelako Bolborategia aretoan izanen da abuztuaren 2tik aitzinera. Horretan, marrazkiak jasoko dituztenagusiki.

Oterok esplikatu duenez, buruaren eta espazioaren arteko lotura gai "agorrezina" da haren irudiko, besteak beste buruak aukera ematen diolako, hain zuzen, materiaren eta espazioaren arteko harremana plazaratzeko. Eskulturaren bitartez egiten du hori batez ere, eta horregatik dio Oteiza museoan paratutako erakusketak —eskulturaz josia izanik— balio duela haren obraren bilakaera eta sintesia jasotzeko. "Dena dela, proiektu hau ez da helmuga bat, ezpada jaurtikitze plataforma bat, beste bide batzuetara eramanen nauena".

"Espazioaren aktibazioa" bilatzea du helburu Oterok, funtsean. "Hori da benetan interesatzen zaidana; izan ere, hain da sentibera espazioa, ezen zernahi keinuk edo esku hartzek guztiz aldatzen baitu, batera edo bestera". Aipatu keinu horiek "formak" dira erakusketan: hala nola burdinazkoak, hormigoizkoak, berunezkoak, buztinezkoak, igeltsuzkoak, marmolezkoak edo harrizkoak. Dioenez, horrela, jostatu da huts eta beteen artean, ertz ahur eta ganbilekin, material astun eta arinekin, eta argi eta itzalekin, adibidez.

Busto antza suma daitekepieza gehienetan —zenbait kasutan, begiak, ahoak edo sudurrak ere identifika daitezke—. Dena dela, aire hori antzematea batzuetan ez da besteetan bezain erraza. Eta, nahiz eta pieza bakoitzaren ondoan ez den paratu ez obra bakoitzaren izenik ez eta datarik ere, figurazio mailan ikus daiteke artistaren estiloaren bilakaera bat, nolabait. Izan ere, 1988tik 2024a bitarte sortutakoak dira lanak, eta, horiekordena kronologikoan aztertuz gero, agerian gelditzen da Otero gero eta hurbilago dagoela abstrakziotik, gehiago maite duela sintetikotasuna, eta urrunago dela, orobat, estilo figuratibotik.

Intuizioa eta emozioa

Artista pozik da erakusketa Altzuzan paratu dutelako, "Oteizarenean", eta, hain justu, Jorge Oteizaren eta bere arteko diferentziak eta loturak aipatuz ere esplikatu ditu bere arte sorkuntzaren gakoetako batzuk. "Ez nuke esanen Jorge Oteizaren jarraitzaile naizenik, baina garbi dut perfume oteizar bat baduela nire obrak; bai izan dela nire erreferente, dudarik gabe", kontatu du aurrena, eta, segidan, kasik zerumugara iritsi ezinarekin ere harremana izan lezakeen ideia bat bota du, Oteiza deskribatzeko: "Ezin naiz hurbildu ere egin berak eginikoetara. Berak autopista handi bat eraiki zuen artearen munduan, eta ni, besterik gabe, bidexka batean nabil oinez".

Lan egiteko maneran Oteizarekin dituen diferentziak ere aipatu ditu Oterok, erakusketari buruzko azalpenean: "Hark ez bezala, nik intuizioak eta emozioak gidatuta egiten dut lan, lan enpirikoa eta eguneroko jarduna izanez beti oinarri". Dena dela, iradoki duenez, nahiago dio erreparatu bien obrek komun duten ezaugarriari. "Argiki kointziditzen dugu gauza batean:puntu beraren bila gabiltza. Bai espazioarekin, bai bere barnean, gertaera artistiko berriak sortzeko aukeraren bila".

Are, Oterok honela deitu dio espazioaren izaerari eragiteko erakusketan baliatu duen tekniketako bati: "Akupuntura espaziala". Begirada batera eta bestera bideratzearekin du zerikusia, besteak beste. Zehatzago: erakustokian barna pieza bat edo beste toki batean edo bestean jartzearekin, batera edo bestera zuzentzearekin, balizko lerro ikusezin batzuek bideratu ditzaten ikusleen soak.

Erakusketa museoaren beheko solairuan dago ikusgai, zehazki. Bertara ailegatutakoan ikusten den lehenbiziko artelana hormigoiz eta suharriz eginiko pieza bat da —1998koa—; "akupunturarako" lehenbiziko orratza. Piezak apenas duen giza burua imitatzeko detaile figuratiborik, baina baditu bi hutsune-edo, alde banatan, aurpegiera baten bi matelak irudikatzen dituztenak. Eta horien bidez, hain justu, badagoenez imajinatzea aurpegi hori nora ari den begira, "aktibatzen" da zerbait, eta ikusleak badaki norantz egin aurrera.

Ikusleak, aretoan aurrera egindakoan, ikusiko ditu bi instalazio nagusi, gela ireki banatan eta plataforma handi batzuen gainean paraturik, eta ikusiko ditu, aldi berean, hainbat pieza hormetan zintzilik. Pieza horien guztien arteko elkarrizketetan ere oinarritzen da, Oteroren iritziz, "akupuntura espaziala", eta aberasten bisitariaren esperientzia.

Erakusketaren bitartez, batik bat bi helburu nahi lituzke erdietsi Oterok. Batetik, galderak sortzea. "Galderak nahi ditut egin, baina ez dut erantzunik, ezta nahi ere". Bestetik, isiltasuna eragitea. "Isiltasuna sortu nahi nuke ondutako buru bakoitzean. Eta isiltasun hori izan badaiteke isiltasun kontenplatiboa, are eta hobeki. Sinetsia nago arteak isiltasuna behar duela benetako komunikazio bat gerta dadin", esplikatu du. "Azken finean, ni egile bat baizik ez naiz".


zirkuluaren-zerumuga

Zirkuluaren zerumuga

Agustina Otero

Oteiza Museoa (Uharte, Nafarroa)

2024ko Ekainaren 20etik
2024ko Azaroaren 24ra


uneen-paseoa

Uneen paseoa

ROZ

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Agorrilaren 21etik
2026ko Irailaren 27ra

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

itsasoaz-haraindiko-ikuspegiak

Itsasoaz haraindiko ikuspegiak

Patricia Phelps de Cisneros Bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 06tik
2027ko Urtarrilaren 21era

mundu-baten-aukera

Mundu Baten Aukera

Naturaren ikuspegiak BBVA Bilduman

BBVA San Nikolas (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 12ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.