artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Balioa emanda artisten alderik ezezagunenari

Donostiako Cibrian galerian 'Bigarren bertsioa' erakusketa ireki dute; Itziar Bilbao, Iñaki Garmendia eta Yun Ping euskal artisten lanak daude bertan. Azken horren lehen erakusketa da Euskal Herrian. Irailaren 6ra arte egongo da zabalik.

balioa-emanda-artisten-alderik-ezezagunenari
Iñaki Garmendiaren lanak, Cibrian galeriako 'Bigarren bertsioa' erakusketan. JON URBE / FOKU

2024ko Agorrilaren 29a | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gauza orok du bere ifrentzua. Agerikoa denak sarritan izan ohi du ezkutuko B alde bat, oso txikia izan daitekeena batzuetan. Eguneroko hainbat arlotan topatu liteke beste aldea, eta, hain ezaguna ez den alde horrek sortzen du norberaren bigarren bertsioa. Hain zuzen, hori da Donostiako Cibrian galerian zabaldu duten erakusketa berriaren izena, eta horixe du helburua: artisten alderik ezezagunenak erakustea. Aimar Arriolak eta Havi Navarrok egin dituzte komisario lanak, eta hiru euskal artistaren lanak eraman dituzte aretora: Itziar Bilbaorenak, Iñaki Garmendiarenak eta Yun Pingenak. Uztailaren 24an ireki zuten Bigarren bertsioa, eta irailaren 6ra arte izango da lanak bisitatzeko aukera.

Lehen aldiz izan dira elkarrekin komisario Arriola eta Navarro. Cibrian galeriak bera egin zien erakusketa antolatzeko gonbidapena, eta adierazi dute "erabateko askatasuna" izan dutela hasieratik nahi zutena egiteko. "Guk Donostian bisitatu nahiko genukeen erakusketa bat sortu nahi izan dugu", adierazi du Navarrok. Halaber, hiria bera presente izan dute prozesu osoan modu batera edo bestera, bertan bizi izan baitziren, gaur egun kanpoan bizi badira ere.

Arriolaren ustetan, azkenaldian diskurtso edo gai batetik abiatzen dira erakusketak, eta, haien kasuan, ez da hala izan: "Geure desirei egin diegu kasu".

Ikusezinagoa erakutsi

Desirei eta nahiei jarraituz, Navarrok esan duenez, "beste maila batean" dauden lanak azpimarratu nahi izan dituzte, artisten lan ez hain ezagunak hautatuz. "Balioa eman nahi izan diogu, itxuraz, gutxiagokoa dirudienari, hainbeste balio ez duenari", gehitu du Arriolak.

Esaterako, Itziar Bilbaok (Bilbo, 1966) gaur egun bideogintza eta performancea uztartzen ditu gehienbat, baina marrazkigintzan hasi zuen ibilbidea. Hain zuzen, marrazki haiek berreskuratu nahi izan dituzte komisarioek. 90eko hamarkadatik 2000. urtera arte egindako marrazkiak aukeratu dituzte, eta egileak erakusketarako propio egindako batzuk ere badaude. Arriola: "Marrazkia beti egon da bere munduan, eta aukeratu ditugun lanek denboraren kapsula moduko bat osatzen dute".

Emakumeen identitate sexualaren arlo desberdinak aztertzen ditu Bilbaok bere lanetan. 90eko hamarkadaz geroztik, Londresen bizi da, eta bertan aukera izan du erakusketak eta performanceak egiteko.

Iñaki Garmendiak ere (Ordizia, Gipuzkoa, 1972) badarama denbora artearen munduan. Euskal Herrian zein nazioartean egin ditu erakusketak, adibidez Frankfurten (Alemania), Herbehereetan eta Taipein (Txina). Haren lau pieza daude Cibrianen: pintura bat, eta hiru eskultura.

Akatsetik abiatua

Eskultura horietako bat da Garmendiaren bigarren bertsioa erakusten duen lana. Aretoko zutabeetako baten goiko aldean dago iltzatuta. Eskaiolaz eta zurez eginda dago, eta 50 zentimetro inguru luze da. Artista beste pieza batean lanean ari zela material batzuek gainezka egitearen ondorioz sortu zen, oharkabean. Egindakoaz jabetuta, prozesu hori berori berregiten saiatu zen, oraingoan modu kontzientean. Lortu zuen nahi zuena, eta eskultura berriak sortu zituen. Aspaldi ez dela egin zuen horiekin erakusketa bat.

Erakusketan ikus daitekeena, hain zuzen, beste lan batzuen abiapuntua da: "Iñakiren sorkuntza prozesua erroreari edo akatsari lotuta dago", esan du Navarrok. Aurretik erakutsi gabea zuen abiapuntu hori, eta, komisarioaren ustez, haien erakusketak modua ematen du artistaren bertsio hori ezagutarazteko.

Yun Pinek (Hubei, Txina, 1998) iaz egin zuen bakarkako lehenengo erakusketa, Madrilen, baina, hala ere, ez da geldirik egon. Lehen aldia du Euskal Herrian bere argazkiak erakusten dituena. Argazkilaritzan profesionalki ari dela esan dezake gaur egun. Eibarren (Gipuzkoa) hazia da, eta duela sei urte Madrilera joan zen, argazkilaritzarekin zerikusia zuten ikasketak egitera.

Bizi proiektua

Donostiako galerian jarritako mostra Etxera itzultzea proiektuaren parte da —txineraz idatzita aurkezten du berak egitasmoaren izena—. 2018an bere buruari argazkiak ateratzen hasi zen Ping, orain arte. Bizitzan izan dituen aldaketen lekuko izan da kamera; besteak beste, sexu trantsizioko prozesuarena. Argazkilariak berak adierazi du proiektu horrek bere gaur egungo egoera erakusten duela: "Trantsizioa bakarrik ez, nire identitate prozesuak erakusten ditu. Adopzioaz eta arrazializatua izateaz ere hitz egiten dut".

Bederatzi argazki daude erakusketan, eta komisarioak ahalik eta aukeraketa zintzoena egiten saiatu dira, prozesu horren erakusgarri izateko. Guztiak autorretratuak diren arren, Etxera itzultzea-k erretratuak eta performanceak ere uztartzen ditu.

Performanceetan, jendea erakusketetara gonbidatzen du sare sozialen bidez. Lehenengo, autorretratu bat ateratzen du, eta, gero, argazki bat ateratzen du bertaratutako jendearekin. Dena ondo bidean, Cibrianen hori berori egiteko asmoa du: "Nire Euskal Herriko lagunak gonbidatu nahiko nituzke, eta bertan jende gutxi dagoela egin performancea".

Urrian Parisera joango da Ping, Cibrianen eskutik. Hango azoka batera eramango ditu lanak, beste artista batekin. Lehen aldia izango du Espainiatik kanpoko azoka batean.

Digeritzeko astia

Ia urtebete erakusketan lanean ibili ondoren, obrak galeriara iristen direnekoa dute gogoan komisarioek, hori baitute momenturik gustukoena: "Muntaketa egiteko garaian gertatzen dena da unerik politenetakoa; magia da", azaldu du Navarrok.

Erakusketa irailaren 6an itxiko dute, baina prozesua ez da hor amaituko ez Navarrorentzat eta ez Arriolarentzat. "Digestio geldokoak gara biok", esan du lehenak. Arriolak kontatu du egindako lanekin nolabaiteko distantzia hartu zale dela, "perspektiba pixka bat hartzeko".

Prozesuaren nondik norakoak azalduko dituen publikazio batean ari dira lanean orain. Cibrianek duen Atalka-Atalka sailerako egingo dute publikazioa, eta datozen hilabeteetan emango duten horren berri.

bigarren-bertsioa

Bigarren bertsioa

Itziar Bilbao Urrutia, Iñaki Garmendia, Yun Ping

Cibrían (Donostia, Gipuzkoa)

2024ko Uztailaren 12tik
2024ko Irailaren 15era


etorkizun-ezeztatua

Etorkizun ezeztatua

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2025eko Urriaren 01etik
2026ko Urtarrilaren 11era

sasi-guztien-gainetik

Sasi guztien gainetik

Marlene McCarty

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Urriaren 17tik
2026ko Otsailaren 01era

beste-beldur-batzuk

Beste beldur batzuk

Antoni Muntadas

Nafarroako Unibertsitateko Museoa (Iruñea, Nafarroa)

2025eko Urriaren 15etik
2026ko Martxoaren 01era

topaketen-dardara-artistikoa-iraunaraztea

Topaketen dardara artistikoa iraunaraztea

Aza. 16 | Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]

Iazko Iruñeko Topaketetan plazaratutako gogoeta artistikoetan inspiratutako sei obra jarri dituzte ikusgai Baluarten, gune hori pentsamendurako eta sorkuntzarako "erresonantzia kaxa" bihurtzeko asmoz. Erakusketa azaroaren 29ra arte izanen da ikusgai.

erakusketa-integratzailea

Erakusketa integratzailea

Aza. 14 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Gutxien espero duzun erakusketak generoaren parekidetasun aldetik egokia izateagatik harritzen zaitu. Ezusteko polita izan nuen Bartzelonako Miró Fundazioan ikusgai dagoen Miró eta Estatu Batuak erakusketa bisitatzerakoan.

ez-dakizuna-egitea-ez-dakizunarekin

Ez dakizuna egitea, ez dakizunarekin

Aza. 14 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Azken bost urteetan sortutako eskulturak bildu ditu Angel Bados artistak Bilboko Carreras Mugica galerian. Jorge Oteizaren oihartzuna eta Europako artea ez ezik, arabiar kultura ere izan du sorkuntzarako solaskide.

firenzek-fra-angelicoren-birbalorazioa-proposatzen-du

Firenzek Fra Angelicoren birbalorazioa proposatzen du

Aza. 12 | Olivier Tosseriren artikulutik itzulia [JdA]

Italiako azken hirurogeita hamar urteetan egin den lehen atzera begirako erakusketak baieztatzen du fraide margolariari Berpizkundeko iraultza artistikoan egotzitako rola.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.