artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Gorputz atalen esanahiez gogoeta egiteko, ‘Azalera' erakusketa ondu du Ainara Lasak

Gorputz askoren atalak kopiatuz eta elkarrekin harremanetan jarriz, gorputz azalera berriak sortzea du helburu Ainara Lasak. 'Azalera' erakusketa esperimentazio fasean dagoen proiektu baten abiapuntua da.

gorputz-atalen-esanahiez-gogoeta-egiteko-azalera-erakusketa-ondu-du-ainara-lasak
Ainara Lasa, 'Azalera' erakusketako pieza batzuen aurrean. GORKA RUBIO / FOKU

Garbiñe Ubeda [BERRIA.eus]
| 2024ko Urriaren 22a

Ainara Lasaren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1975) sortze prozesuek luze jotzen dute beti. Batetik, ez duelako toki egokirik zikintzen duten materialekin aritzeko. Bestetik, eguneroko zereginek ez diotelako aukera handirik ematen horretarako. Baina, batez ere, astia hartu nahi izaten duelako ideiak ondo mamitzeko. Horixe du lan moldea: kontzeptu bati heldu, eta jira eta bira eman, esperimentatu, asebeteko duen emaitza lortu arte, aurrez irudikatutakoa izango ez bada ere.

Azalera erakusketaren oinarrian dagoen kontzeptuak ere aspaldidanik kitzikatzen ditu Lasaren neuronak, eta maiatzean ekin zion egikaritzeari, Idoia Beratarbide artistak Metrokoadrokak antolatzen duen 21 aulki zikloaren barruan erakusketa bat jartzea proposatu zionean. Lasak bi hilabeteko egonaldia egin du hari esker, eta tarte horretan sortutakoa Azalera izenburupean paratu du Oiartzungo (Gipuzkoa) Ehuntze espazioan. Oharra egin du Lasak: "Erakusketan dagoena prozesuaren hasiera da". Ez da, beraz, ohiko erakusketa.

Aspaldidanik darabilen ideiak "gorputzak jartzea" eskatu dio, materialki eta literalki, feminismoak aldarrikatu bezala: "Nahi nuen gorputza jarri, gorputza izan zedin moldea, eta hitz egin zezan bere kabuz, erregistro plastiko batean". Ez da gorputz bakarraz ari. Momentuz, inguruko lagunekin aritu da lanean, baina albait jende gehien bildu nahiko luke, haien gorputz atalei "fotokopia" bana-edo ateratze alde, igeltsuz edota latexez. "Gorputz politikoaren ideiatik abiatu naiz, eta gizarte patriarkal honetan gorputz atalei esleitzen zaizkien esanahietatik". Eta, gero, pieza horiek guztiak elkarrekin harremanetan jarriko ditu, eta gorputz berriak sortuko, azalera berriak simulatuko.

Gorputzak eta boterea

Gorputz atalen esanahiek zapalketaz eta botereaz hitz egitera daramate Lasa, eta interesgarri deritzo esperientzia horretan parte hartzen duenari gogoeta bat eskatzea, idatzita utz dezan. Izan ere, asko dira sentsazioak: "Igeltsua gogortuz joaten da, eta zure gorputzean harrapatuta sentitzen zara; igeltsuak zure gorputzera ekartzen zaitu".

Ildo horretatik, ikerketa prozesu baten antzean planteatu du Azalera proiektua, eta garrantzi handia eman dio prozesu osoa dokumentatzeari. Horretarako, argazkiak, testuak eta batez ere bideoak izan ditu lagun, hastapenean halakorik aurreikusi ez zuen arren: "Bideoetan gauza zoragarria gertatu zen: igeltsuzko piezak, adibidez bizkarra edo bularraldea, norberak askatu behar zituen gorputza mugituz, eta dantza moduko bat sortzen da hor". Igeltsua gainetik kentzeko une hori bada liberazio moduko zerbait ere: "Igeltsua lehortzen den bitartean geldirik egon beharra dago, eta, ondoren, kortsea izan den horretatik askatzeak zure gorputzaren kontzientzia hartzera eramaten zaitu".

Artean ez daki jende asko bilduko duenean sortuko dituen ehunka piezak nola artikulatuko dituen, baina argi du kontzeptuak bere horretan iraungo duela: "Gorputz berriak eta esanahi berriak sortu nahi ditut, ez emakume ez gizon izango diren Frankenstein edo ziborg horietatik abiatuta". Finean, galdera bat baitago horren atzean: zein toki duen gorputz bakoitzak eta atal bakoitzak gizartean.

Latexa

Igeltsuz sortzen dituen moldeei igeltsu hautsa eta ura gehitzen dizkie, gainazala leuna gera ez dadin: "harramazkatu-edo egiten dut, gorputzen arrastoak, zimurrak eta orbanak irudikatzeko".

Igeltsuaz gainera, latexa ere berehala jo zuen begiz Lasak: "Interesgarria iruditzen zitzaidan azal berriak simulatzeko". Besteak beste, azalaren tankera hartzen duelako lehortzean, baina baita tinteak onartzen dituelako edo beste material batzuk ere nahasten ahal zaizkiolako ere. "Nire materialen munduan beti ageri da haria; ez dakit zergatik. Kasu honetan, gorputz atalak lotditzake, eta zainak eta zurdak ere ekartzen ditu gogora". Nolanahi dela ere, esperimentazio fasearen partetzat jo du haria.

Oihal baten gainean jarri dituen latexezko zatiek, berriz, aspaldiko beste ideia bat ekarri diote gogora Lasari: "Behinola egin nahi izan nuen pankarta bat, hitzik gabea, emakume ugariren latexezko titiz, hankaz, ipurdiz eta atalez betea". Orduko hartan aldarri bat izan zuen buruan: "Gorputz guztiei tokia ematea". Momentuz horretan ari ez bada ere, ez du ideia baztertu.

Katalogoa

Erakusketari lotuta, katalogo gisako liburutxo bat ere badu Lasak. Prozesuan erabilitako materialei eta lortutako testurei ateratako argazkiak ageri dira orrialde gehienetan, eta paper desberdinetan daude inprimatuta; horietarik batzuk gardenak hautatu ditu, hain zuzen, gardenean inprimatuta dagoena azpiko paperean datorrenari gainjarriz irudi berriak sortzen direlako. Kontzeptuen mapa bat ere badakar, alfabetikoki antolatua.


circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

mundu-baten-aukera

Mundu Baten Aukera

Naturaren ikuspegiak BBVA Bilduman

BBVA San Nikolas (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 12ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.