artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artearen unibertsaltasunik ezaz

Klasiko bat da: espero ez duzunean, berriz agertzen da artea unibertsala den ideia. Orain dela gutxi preziatzen dudan lankide bati entzun nion hitzaldi batean, eta berriz ere pentsatu nuen ez nengoela ados.

artearen-unibertsaltasunik-ezaz
Rogier van der Weyden, Gurutzetik jaitsiera, 1435

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2024ko Azaroaren 5a

Ikasten nuenetik errepikatzen diguten kontu bat da, askotariko jendeari entzun diodana, baita aditu, aritu edota axolagabeei ere: artea unibertsala dela, jende guztiak sentitzen duela zerbait Picassoren Gernika-ren aurrean. Ezetz ba. Ez nago ados.

Bultzada eta pertzepzio estetikoak unibertsalak dira. Gizaki guztiok dugu sormenerako joera, batzuk garatuagoa eta beste batzuk oinarrizkoagoa, baina gizaki guztiok gara sortzeko gai. Kultura guztietan garatzen dira sorkuntza mota desberdinak, ez dago sorkuntzarik gabe hazi eta bizi den herririk. Eta gizaki guztiok dugu sorkuntza-bultzada horrek eragiten duen hotzikara sentitzeko ahalmena, hori ere unibertsala da.

Zer da orduan unibertsala ez dena? Bada, artea, objektua bera. Nire lilura pizten duen Rogier van der Weydenen Gurutzetik eraistea Senegaleko lagun bati margolan itsusi eta are nazkagarria iruditu ahal zaio, inolako emozio estetikorik pizten ez diona; euskaldun bati tearen zeremonia edo noh dantza oso emankizun aspergarriak iruditu ahal zaizkio; eta berdin australiar aborigen bati kontzertu sinfoniko bat. Sormena unibertsala da; emaitza material edo immateriala, kontingentea.

Arte kontzeptuari berari begiratuta, ez da inolaz ere unibertsala. Mendebaldean sortutako terminoa da eta, gainera, ez da egonkorra, garaiz garai aldatzen joan da. Esaterako, greziarrek tekné deitzen zutena, haien garaiko artea alegia, ez da guk greziar artetzat hartzen dugun multzo bera. Eta gaur egun ere, batzuek tatuajea arte bat kontsideratzen duteeta beste batzuek ez, esate baterako. Beste herrialde askotan kontzeptu desberdinak dituzte artea izendatzeko, eta ez dira beti gurearekin ahokatzen: objektu mota desberdinak sardaitezke (guk artisautzarekin lotzen ditugunak, esaterako); ekintzak eta ohiturak (aipatutako tearen zeremonia); edota errituekin eta sinesmenekin lotzen diren balio magikoak.

Artea kulturala da, historikoa, kontingentea eta inolaz ere ez unibertsala. Gezurra da munduko edozein biztanle Picassoren Gernika-ren aurrean hunkituko dela, baina egia da munduko edozein biztanlek izango duela hunkidura hori sorraraziko dion zerbait. Zerbait horren aniztasunean dago, hain zuzen, edertasuna. Artearen unibertsaltasunik ezak ez baitio baliorik kentzen, kontrakoa: bere balioa areagotzen du, bere konplexutasun eta aberastasuna onartzen duelako.


the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

generation-volta

Generation Volta

Sanlé Sory

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Agorrilaren 01etik
2026ko Urriaren 01era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.