artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Dickensek eskuratutako sagar lapurtuak bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak

Bilboko Arte Ederren Museoak erakusketa batean bildu ditu azken hilabeteetan eskuratutako Eduardo Zamakoisen, Adolfo Guiarden eta Felipe Manterolaren lanak, Patricio Etxeberria enpresariaren artxibokoak, Saul Steinbergenak eta Maria Franciska Dapenarenak.

dickensek-eskuratutako-sagar-lapurtuak-bildu-ditu-bilboko-arte-ederren-museoak
Maria Franciska Dapena artistaren lanak, Bilboko Arte Ederren Museoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2025eko Otsailaren 26a

Ezinbestean, sagarrondo baten azpian kokatu zuen Landako zaindaria koadroaren eszena Eduardo Zamakois margolari bilbotarrak. Haren lanek harrera ona izaten zuten XIX. mendearen erdialdeko Parisen, bai aretoetan, bai bildumazaleen artean, eta margolan horrek erakusten du zergatik. Testurak lantzeko artistak zuen zehaztasuna ez ezik, landa giroko pasadizo umoretsu bat irudi bakar batean biltzeko gaitasuna ere izan zuen artistak. Zaindari bat ikus daiteke koadroaren eskuinaldean, eta haren atzamar salatariak lapurretan aritzea egozten dio margolanaren ezkerraldean dagoen mutiko bati. Hark ezetz dio, ez duela ezer lapurtu, eta miatzeko nahi badu poltsikoetan, huts-hutsik baititu biak, ikusi, ikusi, ez dago ezer, eta, beraz, errugabea da, eta, noski, izan zitekeen benetan hala izatea, baldin eta txano pean ezkutatutako sagarren formek salatuko ez balute. 1867an margotu zuen artistak, eta Charles Dickens idazleari ere ez zitzaion oharkabean pasatu irudiaren umorea, 1868an bertan erosi baitzuen koadroa, New Yorken. Baina, komediarekin batera, tragedia tanta bat ere badu margolanak, erakusten baitu zein izan zitekeen Zamakoisen ibilbide artistikoaren neurria, 30 urte bete aurretik hil izan ez balitz.

Beste hainbat eskutatik pasatu ostean, Bilboko Arte Ederren Museoak iaz eskuratu zituen Zamakoisen sagarrak, eta azkenaldian bildutako beste hainbat lanekin batera jarri ditu ikusgai orain Funts berriak erakusketan. Besteak beste, Zamakoisen margolanak ez ezik, Alphonse eta Adolfo Guiard aita-semeen argazki eta margolanek ere osatzen dute bilduma, bai eta Felipe Manterola argazkilariaren lanek, Patricio Etxeberria enpresariaren argazki artxiboak, Saul Steinberg ilustratzailearen marrazki bilduma batek eta Maria Franciska Dapena margolari eta grabatzailearen artelan, plantxa eta idazki multzo oparo batek ere. Museoko bigarren solairuko lau aretotan, gune bana eskaini diote artista bakoitzari, eta sei "erakusketa txiki horiek", guztira, "erakusketa handi bat" osatzen dutela azaldu dute museoko arduradunek. Ekainaren 8ra arte egongo da zabalik.

Artista horien oinordekoek eta bildumagile pribatuek egindako dohaintzak dira eskuratutako funts horietako asko. Eta horren garrantzia nabarmendu du Gilermo Zuaznabar Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzaile buruak erakusketaren aurkezpenean. "Museo honek 20.000 pieza baino gehiago ditu bilduman, eta dohaintzan jasotakoak dira haietako %70 inguru". Eta herritarrek museoa propio sentitzen dutela erakusten du datu horrek, Zuaznabarren hitzetan.

Guiard sendiak ere bazuen lekua museoan aurretik ere. Adolfo Guiarden 11 margolan eta 17 marrazki zituen lehendik bildumak, eta orain dokumentuak, gutunak, 50 argazki eta 46 zirriborro gehiago lortu ditu. Museoak aurrez zituen Guiarden margolanekin eta eskuratutako lan berriekin osatu dute erakusketaren haien zatia. 2024an eskuratutako Adolfo Guiarden Zaldi-lasterketa margolana da haietako bat.

1885 eta 1886 inguruan margotu zuen artistak, eta zaldien eta haien mugimenduei buruzko ohar bilduma baten itxura du lanak. Artistak argi-itzal zainduekin zehatz erakusten du,lehen planoan, zaldi baten hankaren anatomiari buruz duen jakintza, baina nahikoa du marra beltz bihurri sorta bat atzeko zaldunen bizitasuna adierazteko.

Dapenaren langileak

Felipe Manterolaren argazki funts osoa eta Patricio Etxeberria enpresariaren irudiak ere eskuratu ditu museoak. Eta haien parte bat ikuai ahalko du bisitariak erakusketan. Museoko arduradunek azaldu dutenez, euskal landa ingurunearen ikuspegi "egiazkoa" ematen dute Manterolaren argazkiek. XX. mendearen hasierako irudiak dira, batez ere Arratiako haranean (Bizkaia) hartutakoak, eta inguru hartako baserrien eta biztanleen hainbat argazki bildu dituzte erakusketan. Edonola ere, badira beste eite bateko lanak ere, eta museoak 2024an eskuratutako fotomuntatze bat da horren erakusgarri. Bertan, putre batek, atzaparrekin helduta, hegan darama ume bat. Eta, irudi horien ondoan, XX. mendean industriak izandako indarra eta bilakaera erakusten dute Etxeberriaren argazkiek.

Dapenaren eta Steinbergen lanak bildu dituzte erakusketako azken aretoan. 1960ko hamarkadan Emen taldean ez ezik, Bizkaiko Estampa Popular taldean ere aritu izan zen Dapena, Jose Ibarrola eta Dionisio Blancorekin batera, baina Bilboko Arte Ederren Museoko arduradunek onartu dutenez, orain artean ez dute haren lan bakar bat ere izan bilduman, "harrigarriki". Funtsezkoa da haren ekarpena, ordea, frankismo sasoiko Bizkaiko artea ulertzeko. Langile mugimenduarekin lotuta daude haren lan gehienak, eta alderdi komunista laguntzeagatik bi urte ere eman zituen espetxean. 1960tik 1980ra arteko haren hainbat lan grafiko biltzen ditu erakusketak orain, bai eta lan horiek egiteko erabilitako hainbat plantxa eta zenbait eskutitz ere.

Saul Steinberg artistaren hainbat ilustrazio ere ikus daitezke Dapenaren lanen ondoan. Errumanian jaio, Italian ikasi, eta AEBetara ihes egin zuen Steinbergek Bigarren Mundu Gerraren atarian, eta han egin zuen bere ibilbide artistikoaren parterik handiena. Zinta komikoak egiteaz gainera, The New Yorker aldizkarian kolaboratzailea ere izan zen ia bost hamarkadaz. Euskal Herrian eta Espainian egindako bidaia batean artistak egindako marrazki batzuk jaso ditu orain museoak, Saul Steinberg Fundazioaren eskutik, eta haietako batzuk jarri ikusgai. Zezenketetan ikusitakoen oharrak dira haietako batzuk, karikaturen kutsu argia dutenak.

Erakusketa egonkor baten ordez, "erakusketa Etengabe bat" eskainiko du museo berrituak

Trantsizio garaian da Bilboko Arte Ederren Museoa. Hainbat atzerapenen ostean, 2026rako zabalik behar luke Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako 'Agravitas' proiektuak, eta, lanek martxan jarraitzen duten bitartean, eraikin zaharreko aretoak dira zabalik mantentzen diren bakarrak. Museoko arduradunak hasiak dira irekiera egunetik aurrera landuko duten museografia eta plan estrategikoa zehazten, ordea, eta hari buruzko zertzelada batzuk eman ditu Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Erakusketa egonkorrak museo berrian izango duten ikuspegia izango da berritasun nagusietako bat. "Ez da argazki egonkorrik izango: etengabe eboluzionatuz joango den erakusketa bat izango da".

Zugazaren hitzetan, hori da gaur egun nazioarteko museoek daramaten joera, eta hori izan da Bilboko Arte Ederren Museoaren joera ere azken urteetan. "Orain arte erakusketa egonkorra ulertzeko izan dugun modua eraldatu beharrean gaude, eta erakusketa etengabe bat sortu behar dugu. Museorik zaharrenek eta bildumarik egonkorrenak dituztenek ere hori egiten dute gaur egun; euren kontakizun esentziala eskaintzeaz gainera, hortxe dute bestelako artearen historia batzuk kontatzeko aukera ere".

Ezagun du problema hori Zugazak. Azaldu du Bilboko museoko publikoa behin-behineko erakusketei adi egon ohi zela handitze lanak hasi aurretik, baina zailagoa suertatzen zitzaiela publiko hori erakusketa egonkorrera erakartzea. Eta hori da erronka. "Bilduma handia dugun museook etengabe gure funtsari buruzko irakurketa berriak egiteko zortea daukagu". Eta, zuzendariaren hitzetan, Bilboko museoa "laborategi ona" da horrelako gauzak probatzeko.

Handitze fisikoaz gainera, Arteder plataforma digitala martxan jartzeko asmoa azaldu du zuzendariak. Museoaren funtsak bilduko ditu webgune horrek, eta lan horien zabalpena egiteko ere baliatuko dute tresna hori. Zugaza: "Museorako beste sarbide bat izango da. Bertatik bertarako bisitarekin erabat bateragarria izango da".


bertopaketak

Bertopaketak

Anton Hurtado

Juan Manuel Lumbreras (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Urriaren 23ra

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 18a

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 16a

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 2026ko Urriaren 15a

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 14a

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.