artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Naturarekin elkarlanean sortutako obrak

Hlynur Palmason zinemagile islandiarraren lehenengo erakusketa ondu dute Donostiako Tabakaleran; irailaren 28ra arte egongo da ikusgai. Egileak sortuak zituen ikus-entzunezko lanetarako erabilitako materialez osatuta dago.

naturarekin-elkarlanean-sortutako-obrak
Hylnur Palmason, 'One Winter Series' proiektuko lan batzuen alboan. GORKA RUBIO / FOKU

Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]
| 2025eko Ekainaren 28a

Diziplina artistikoen mugek ez dute zertan hertsiak izan, elkarreraginean eta elkarrizketan aritu daitezke-eta sarritan. Hori sinetsita, azken urteetan zinemagileei arte erakusketak egiteko gonbita egiten die Donostiako Tabakalerak, Elias Kerejeta Zine Eskolarekin eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean. Esaterako, Isabel Hergueraren eta Jaione Cambordaren mostrak antolatu dituzte, eta, orain, Hlynur Palmason zinema zuzendari eta gidoilariarena ireki berri dute. Gaur aurkeztu dute erakusketa —Palmasonen lehena—, eta bertan izan dira Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Joana Hurtado erakusketaren komisarioa, eta zinemagilea bera. Irailaren 28ra arte egongo da ikusgai, Tabakalerako lehen solairuan.

2022an hasi zen Palmasonen eta Tabakaleraren arteko harremana. Urte hartako zinemaldira Godland (2022) film luzea aurkeztu zuen, eta Zabaltegi Tabakalera saria erdietsi zuen; gainera, Sail Ofizialeko epaimahaiko kidea ere izan zen. Rebordinosek oroitzen du "erabat txundituta" geratu zela lan harekin. Behin lehen kontaktu hori eginda, Monterok aipatu du Palmasonen lan gehiago ezagutuz joan zirela, eta erakusketa egitea proposatu zioten.

Hurtadok egin ditu komisario lanak, eta, zinemagilearekin harremanetan jartzean, hark bi proiektu bakarrik zituela aipatu zion; biak bideo instalazioak: Lament of a Horse (Zaldi baten aienea) eta One Winter (Negu bat). Material hori ikustean, ordea, atzetik "obra plastiko handia" zegoela ikusi zuen. Komisarioak artistari galdegin zionea bere lanen zer ehuneko zen arte plastikoa; "erdi eta erdi", erantzun zion hark. "Bada, hori da erakutsi behar duguna", esan zion Hurtadok. Aipatutako bi bideo instalazioak eta horietan erabilitako materiala da erakusketan ikusgai dagoena, izan argazkiak, izan mihiseetako irudiak, izan bestelako materialak. Gainera, Tabakalerako mostrarako berariaz sortutako lan bat ere badago: The Beginning and the End (Hasiera eta amaiera).

Palmasonentzat, bere bizitzaren errepaso moduko bat izan da erakusketa: "Nire munduan sartzea bezala da: 15-20 urtez nire bizitzan egondako unibertsoa jaso dute". Ilusio berezia egin dio egileari bere lanak aretoetan bilduta ikusteak, sarritan aldi berean proiektu batean baino gehiagotan lanean aritzen baita. Halaber, lan gehiago sortzeko inspirazioa eman diola ere gehitu du.

Heriotzaren bizia

Aretoan sartu bezain pronto, The Beginning an the End ikus-entzunezko instalazioak bereganatzen du bisitariaren atentzio guztia. Buklean jarritako bideo bat da, iazko udan sortutakoa. Arrantzaontzi batean filmatutako irudia da; bertan sardinzarrak arrantzatzen zituzten. Sardinzarren irudia da etengabe mihise batean proiektatzen dena. Egilearen esanetan, "bideo instalazioa eskultural bat" da.

Bi aukera ditu bisitariak lehen obra horretatik abiatuta, ezker edo eskuin, areto bat baitago alde bakoitzean. Ezkerrera joanda dago Lament of a Horse. Artistaren aitaren zaldia gaixo zegoen, eta, horregatik, hil egin behar zuten. Zaldiaren gorpua belardi batean jarri zuen Palmasonek, eta, "lurrarekin kontaktuan nola aldatzen zen" ikusteko, argazkiak atera zizkion hiru urtez. Argazki horietako batzuen seriea dago ikusgai aretoko hormetako batean. Zaldi zuria lurrean etzanda dagoela hasten da seriea, eta, pixkanaka, desegiten doan heinean, bertatik landare berriak nola sortzen diren ikus daiteke, ia desagertzen den arte. "Atentzioa eman zidan heriotzak duen bizi guztia ikusteak", kontatu du egileak.

Argazki serieaz gain, bideo instalazioa ere badago ikusgai. 26 minutu irauten du, eta bertan animaliaren prozesu oso-osoa erakusten da. Gainera, serieko zaldiaren hezurrak eta hezur horiek garraiatzeko kutxa ere sartu dituzte mostran.

Zinemagileak naturarekin duen harreman "estua" azaldu du komisarioak. Haren esanetan, bai obrak sortzeko orduan, bai eta obretan ere, natura etengabe dago presente: "Lan efimeroak dira; materialek naturarekin zer-nolako erantzuna izaten duten jasotzen dute".

Emaitzen aldakortasuna

Bigarren aretoan, One Winter Series proiektua dago ikusgai. Horretan ere naturak pisu handia du; izan ere, denboraren joan-etorriarekin sortutakoak dira. 2012an hasi zen proiektuarekin, bere familiaren laguntzarekin, eta gaur egun ere horretan dirau. Metalezko xafla batzuek oihal baten gainean sortzen zuten irudia nolakoa izango zen ikusi nahi zuen Palmasonek. Horretarako, xaflak bata bestearen ondoan jarri zituen oihal handi batzuetan, eta kalean utzi zituen. Zortzi hilabetez egon ziren kalean, eguraldia dena delakoa zela. Emaitza: mihise erraldoietan sortutako irudi geometrikoak, xaflen herdoilarekin sortutakoak. Prozesu osoa dokumentatzen duen bideo instalazioa ere ikusgai dago.

Proba-akatsa dinamikari oso lotuta dago zinemagilearen lana, hark adierazi duenez, zeren xaflen prozesua burututako aldi guztietan ez baitu emaitza bera lortu: "Dena da oso misteriotsua, ez dakidalako zer gertatuko den. Batzuetan ez zait ezer ateratzen". Hurtadok zinemagilearen ikuskera azpimarratu du: "Bat gehi bat ez da beti bi: hiru ere izan daiteke, eta haren lanetan argi ikusten da hori".

Erakusketaz gain, Palmasonen filmografia osoa eskainiko dute Tabakaleran. Bihar bertan, 19:00etan, Godland filma emango dute. Gainerako hiru filmak uztaileko larunbatetan proiektatuko dituzte. Bestalde, bisita gidatuak eta familientzako arte lantegiak ere antolatu dituzte.

irudi galeria

lament-for-a-horse
one-winter
palmason

Pálmason

HIynur Pálmason

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 26tik
2025eko Irailaren 28ra


ekoiztu-2025-ii

Ekoiztu 2025.II

Uharte Zentroa (Uharte, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 17tik
2026ko Ekainaren 26ra

hiria-kalea-etxea

Hiria. Kalea. Etxea.

Denise Scott Brown

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Otsailaren 11etik
2026ko Maiatzaren 31era

azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Uztailaren 19ra

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

metalezko-basoan-barrena

Metalezko basoan barrena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

RUTH ASAWA: ATZERA BEGIRAKOA. | Artista: Ruth Asawa. | Non: Bilboko Guggenheim museoan. | Noiz arte: Irailaren 13ra arte.

gernika-k-mugitzen-duen-guztia

'Gernika'-k mugitzen duen guztia

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 21a

Pablo Picassoren lana Bilboko Guggenheim museora eramateko eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, eta, ezezkoa erantzun dioten arren, kolpean piztu da berriz ere koadroaren kokapenari buruzko debatea. Lur mugikorrak ditu oinarrian.

esther-ferrerrek-jasoko-du-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-saria

Esther Ferrerrek jasoko du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 20a

Artistak arte garaikidearen berrikuntzan eginiko "ekarpen erabakigarria" nabarmendu du epaimahaiak, bai eta haren obrak nazioartean erdietsitako proiekzioan azpimarra egin ere. Uztailean emanen diote garaikurra.

veneziako-biurtekoa-giro-gatazkatsuan-ireki-da

Veneziako Biurtekoa giro gatazkatsuan ireki da

| 2026ko Maiatzaren 19a

Veneziako 61. Biurtekoaren maiatzaren 6ko aurre-irekieraren egunetik hasita, protesta eta ekintza ugari egin dira Arsenalen eta Giardinian, Errusiaren eta Israelen parte-hartzea salatzeko.

arantzazuko-argiztatzailea

Arantzazuko argiztatzailea

Enekoitz Telleria Sarriegi [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 18a

Xavier Alvarez de Eulatek Arantzazuko santutegian jarritako beirateek 70 urte izango dituzte aurten. Urteurrena kari, erakusketa bat jarri dute frantziskotarren komentuan: ‘Lux Vitae'. Argi egin diote fraide artistaren ibilbideari.

erronkariko-borlen-arrastoak

Erronkariko borlen arrastoak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 15a

'Muskoko' | Artista: Leyre Arraiza. | Non: Iruñeko Ziudadelan. | Noiz arte: Maiatzaren 24ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.