artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Natura ehunduz

Maria Cueto. 'Iragankorra ehuntzen: testurak, errepikapena, geometria, zirkulartasuna' | Non: Kutxa Kubo aretoan, Donostian. | Noiz: Irailaren 28ra arte.

natura-ehunduz
Bisitari bat Maria Cuetoren artelan bati so, inaugurazio egunean. GORKA RUBIO / FOKU

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2025eko Irailaren 27a

Maria Cuetoren azken banakako erakusketa orain dela urte batzuk ikusi nuen Donostiako Alde Zaharrean kokatua dagoen Ekain galeriaren espazio xaloan. Erakusketa-guneak ez du edukiera ikaragarria, eta hori dela eta bertan Cuetoren ekoizpena osatzen duten lan gutxi batzuk zeuden; nahikoa, dena den, bere proiektuen fintasunaz disfrutatzeko. Ez da euskal mainstream-ean kokatutako artista, eta hain zuzen horrek eragiten du haren lana ikusi eta disfrutatzeko aukerak ere hain murritzak edo aldizkakoak izatea; eta, hain zuzen ere horregatik, Kutxaren Kubo espazioan erakusketa izango zuela jakin nuen unetik izan nuen argi ez nuela hura galduko.

Irudi du Kutxaren Kubo espazioaren programazioak norabide aldaketa bati ekin diola azken aldi honetan, eta, euskal testuinguruari lotutako emakumezko artistei bultzada emateko asmoz, haien banakakoak ekoizteari heldu diola. Ildo honetan, esanguratsua da espazio honetan egin diren azken erakusketak Isabel Herguerarena, Maria Paz Jimenezena eta Maria Cuetorena izatea. Kutxaren espazioa izanik, argi dago ez duela museo publiko batek daukan balioztatzerako eta aintzatespenerako gaitasun-maila berdina, baina, Kursaalaren etxabean kokatuta egonik, instituzio gutxik duten ikusgarritasuna eta presentzia du erakusketa-gune honek hirian. Ederra litzateke, hala, norabide berean jarraitzeko joerari eustea.

Aretoaren beste ezaugarri garrantzitsu bat bere tamaina espaziala da: luze, zabal zein altuerari dagokiena. Eta hori ere ez da hutsala. Espazioen tamainek bertan erakutsi daitezkeen piezen aukeraketa erabat baldintzatzen baitute: bai kopuruari eta baita dimentsioari dagokienez ere. Eta, beste erakusketetan agerikoa bada ere, Cuetoren erakusketan berebiziko garrantzia hartzen du horrek. Izan ere, artistari beste edozein espaziotan erakustea ezinezko egingo litzaizkiokeen lanak aurkezteko aukera eskaini baitio horrek; eta, era berean, ikusleak ere ustekabean harrapatzea lortu du —edo, behintzat, bere obra tamaina txikian ikustera ohituta geundenok—.

Hainbatetan hitz egin izan dut objektu baten tamainak harekiko dugun hautematean eta esperimentazioan daukan erabateko eraginaz; baldintzatzaile erabatekoa dela. Gogoan dut orain dela urte batzuk ariketa hau Nagore Amenabarrok aplikatu zuela San Telmon aurkeztutako banakako erakusketan, eta Cuetoren erakusketako zenbait obratan ere antzematen da, zintzilikatutako elementu begetalekin egindako eskulturetan bereziki.

Tamaina txikikoak aurrez ezagutzen nituenak dira, Ekain galerian aurkeztu zituenak, besteak beste; delikatuak, finak, giza eskalara egokituak; baina erabat etereoak, putz egin eta artistak eraikitako ordena deuseztatuko litzatekeen irudipena ematen dutenak; itxuraz, hain hauskorrak. Espazioko areto nagusian, berriz, aurrez ikusi gabeko tamainako hiru eskultura daude: hauek ere material eta teknika berdinez eginak, baina sentsazio erabat ezberdinak sortzen dituztenak. Gorputzari gailentzen zaizkie, zurrunbiloen gisara, entitate propioa hartzen duten izakiak balira bezala. Hauskortasuna galdu eta haietan barneratzeko gogoa gailentzen da, soilik kanpotik behatzekoa baino gehiago, udazkeneko haize ufada bero batez lurreko hostoak aireratu eta gorputzak inguratzen dituen unea bilatzearen antzera.

Dena den, Cuetoren lanekiko sortzen den gozamena ez datza tamainekiko egiten duen jolas hutsean, ezta darabilen ehungintzaren teknikan ere —nahiz eta erakusketaren tituluak bereziki horri egin erreferentzia eta Cuetoren artelan askoren oinarri teknikoa ere hura izan—, baizik eta naturarekiko duen sentsibilitatean, eta sentsibilitate hori bere artelanen bidez publikoarenganaino igarotzeko duen gaitasunean. Materialen memoria, iragankortasuna eta etengabe eraldatzeko duten gaitasuna lan tresnatzat hartuta, paisaia naturalen istorioen luzapen bilakatzen dira bere lanak, eta bisitariak istorio horren parte izatera eta hura partekatzera pasatzen dira.


esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

l-urtu

[L]urtu

Myriam Gesalaga

Krisol aretoa (Zalla, Bizkaia)

2026ko Irailaren 09tik
2026ko Irailaren 20era

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.