artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Mònica Planes artistak irabazi du Oteiza–LABORAL Kutxa sorkuntza beka

'Besoa luzatu zuen' (Hacia con el brazo) obrak eskulturarekiko elkarrizketa kritiko bat planteatzen du, material iragankorrez sorturiko friso batetik abiaturik.

monica-planes-artistak-irabazi-du-oteiza-laboral-kutxa-sorkuntza-beka
Monica Planes, Rodeo IV, 2026. Arg/ Oteiza Museoa

| 2026ko Ekainaren 1a

Mònica Planes artistaren Hacia con el brazo proiektuak irabazi du sorkuntza artistikoa sustatzeko Oteiza–LABORALKutxa bekaren lehen edizioa. Eskulturagintza garaikidetik abiatuta, Jorge Oteizaren obrarekiko eta pentsamenduarekiko elkarrizketa kritikoa pizteko gaitasuna aitortu zaio egitasmoari, bai eta gorputzaren, espazioaren eta arkitekturaren arteko harremana arakatzekoa ere.

Lehen edizio honetako epaimahaikide izan dira Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendari Oskia Ugarte, David Bestue artista, LABORALKutxako Enpresen Saileko Nafarroako arduradun Pello Baiona, Oteiza Museoko zuzendariorde J. P. Huercanos, eta Oteiza Museoko Finantzetako arduradun Miren Epalza, idazkari-lanetan.

Artistak gehienez sei hilabete izanen ditu proiektua gauzatzeko. Bekak 9.000 euroko zuzkidura du.

Hacia con el brazo proiektua

Hacia con el brazo egitasmoak eskultura-friso garaikide bat sortzea proposatzen du: ez du ulertzen eskultura objektu finko eta iraunkor gisa, baizik eta mugitzen ari den gorputzaren, objektuen eta arkitektura-egituren arteko harremanak aktibatzen dituen gertakari gisa.

Proposamena aldendu egiten da kontenplazio estatikotik, eta inguruari eragiteko eta inguruaren eragina jasateko gai den bitarteko gisa ulertzen du eskultura. Hala, gorputz-mugimenduaren eta espazialtasunaren arteko fusioa bistaratzen du.

Proiektua lasto konprimatuz eginiko eta ebakitako horma handi batean gauzatuko da, zeina arkitektura iragankor gisa baitago pentsatuta erakusketa-espazioaren barnean. Formatu handiko egitura lineal horrek zortzi metro ditu luzean eta bi altueran, gutxi gorabehera, eta friso garaikide bat da. Ikuslea igarobide fisiko batera gonbidatzen du, zeinean erliebea ez baita behatzeko bakarrik, baita bizitzeko ere.

Proposamenak, orobat, frisoaren tipologia historikoa hartzen du erreferentziatzat, zenbait adibide azterturik, hala nola asiriar erliebeak, Partenoikoak, Placeres aztarnategiko friso maiak edo Arantzazuko santutegiko Jorge Oteizaren Apostoluen frisoa. Erreferentzia horietatik abiatuta, estrategia narratiboak ikertzen dira —linealak, espazialak eta sinbolikoak—, eta haien bidez hausnartzen da zer merezi duen kontatzea gaur egun eta nola baldintzatzen duen arkitekturak ikuslearen esperientzia.

Mònica Planes (Bartzelona, 1992) Arte Ederretan graduatua da (2014), eta Produkzio eta Ikerketa Artistikoko Masterra (2016) egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Zenbait zentrotan paratu dituzte haren lanak erakusgai, hala nola Suñol Fundazioan (2017), Arranz-Bravo Fundazioan (2018), Can Felipa gizarte-etxean (2020), Boloniako Gelateria Sogni di Ghiaccio zentroan (2022), Àngels Barcelona galerian (2017, 2021, 2025) eta Turingo Fuorcherello galerian (2025). Planesen lana ikusgai jarri duten erakusketa kolektiboen artean, nabarmentzekoak dira Madrilgo Arte Gaztearen Aretoa (2021), TEA Tenerife (2023), Kordobako C3A eta TBA21 (2023), La Casa Encendida (2024), Valladolideko Patio Herreriano Museoa (2024), MACBA (2025) eta Reina Sofia Museoa (2026).

Era berean, zenbait beka eta sari jaso ditu, besteak beste, Felícia Fuster Fundazioa (2016), Han Nefkens – UB graduondokoak (2016), Guasch Coranty Fundazioa (2017), Premi Art Jove (2018), Gazte Sorkuntzarako Injuve Laguntzak (2018-2019), Barcelona Crea (2021) eta Generación Saria (2023). Finalista izan zen Cervezas Alhambra III. Txapelketan (2019), Miquel Casablancas sarietan (2020) eta Biennal d'Art Ciutat d'Amposta BIAM sarietan (2018, 2020). Egoitzak egin ditu Bulegoa z/b-n Bilbaon (2023), Erromako Espainiar Akademian (2024) eta Londresko Gasworks zentroan (2026). Planesen lana bilduma batean baino gehiagotan dago, eta nabarmentzekoak dira Reina Sofía Museoarena, Kataluniako Generalitatearen Bilduma Nazionala eta MACBA – Bartzelonako Udalaren bildumak, besteak beste.

Oteiza–LABORAL Kutxa sorkuntza beka

Oteiza Museoak eta LABORALKutxak elkarrekin bultzatutako beka hau bereziki sortua da Jorge Oteizaren obran eta pentsamenduan oinarritutako ikerketa- eta ekoizpen-prozesu berriak bultzatzeko.

Ekimen honen helburua da sorkuntza garaikideari bultzada bat ematea eta Jorge Oteizaren ondarea aktibatzea, artegintzan ikertzeko, pentsatzeko eta produzitzeko espazio bizi gisa, eta 40 urte arteko artistei dago zuzenduta.

Deialdia urtero eginen da, eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak bultzatutako DANOK OTEIZA komunitate-proiektuaren parte da, partaidetzan oinarrituriko komunitate ireki eta askotariko baten bitartez, Jorge Oteizaren pentsamendua eta obra zabaltzeko eta hedatzeko.

Laguntza ekonomikoaz gainera, Oteiza Museoak eta epaimahaikideek kuradoretza-laguntza eta babes teorikoa ere eskainiko dituzte proiektua garatzen den bitartean. Era berean, irabazlearen eskura paratuko dituzte Altzuzako zentroko funts dokumentalak, artxiboak eta bilduma artistikoa.


nicholas-nixon

Nicholas Nixon

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 02tik
2026ko Ekainaren 28ra

inurri-bideak

Inurri bideak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

bizirik-dirauten-izenak

Bizirik dirauten izenak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 28a

Ziga bilduma | Non: Iruñeko Civivox Pompelon. | Noiz arte: Abenduaren 31ra arte.

babeslekuak

Babeslekuak

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 28a

Gernikako Bakearen Museoan Veronica Domingo artistak jarri duen erakusketan konturatu nintzen memoriaren zenbat ñabardura dauden ezkutatuta edo erdi itzalean. Horietako bat gerra zibilean erabilitako babeslekuena da.

in-minor-keys-koyo-kouohen-azken-ikuskera

"In Minor Keys", Koyo Kouohen azken ikuskera

| 2026ko Maiatzaren 26a

2025ean zendu zen komisarioak ondua, Veneziako 61. Bienaleko Nazioarteko Erakusketak muga eta hierarkia geografiko, kultural zein espiritualak ezabatzen ditu.

prezioa-eta-balioa

Prezioa eta balioa

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 22a

Igandean Museoen Nazioarteko Eguna izan zen eta, ohikoa den bezala, gure inguruko museoek ekintza ugari eskaini zituzten. Horrez gain, lurraldeko museo guztien sarrera doakoa izan zen. Eta urtero bezala, Bilbo aldean bizi eta artea gogoko duten nire lagun eta ezagun gehienak Guggenheim museora joan ziren.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.