artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Monumentuen gramatika hedatua

'GRAMATIKA' | Artista: Mawa Orduñez. | Non: Montehermoso kulturunean, Gasteizen. | Noiz arte: ekainaren 21era arte.

monumentuen-gramatika-hedatua
Mawa Orduñezen 'Gramatika' erakusketa. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 18a

Montehermoso kulturuneko pasabidetik behera sigi-saga ibiliz jaitsi gara, erakustaretoan gure zain zeuden moztutako taulen antzera. Aretora sarrera ematen duen korridorean, taula horietako batek agurtu gaitu. Paretaren kontra jarrita dago artelan hori-beltza, lekuz kanpo, bertan ahaztua izan balitz bezala. Aitzitik, erakusketaren ikur gisa uler dezakegu, ongietorria ematen digun monumentu bitxi moduan.

Mawa Orduñezek —jatorriz Juan Pablo Orduñez (Madril, 1986)— bere ikerketa plastikoaren emaitza aurkeztu du Gasteizen, literalki. Izan ere, aipatutako pasilloan dagoen bideo baten bitartez bere lana ulertzeko gakoak eskaintzen ditu. Jaka hori-beltza darama soinean, bere sorkuntzarekin mimetizatuz. Hain justu, gelaurre honetatik haratago, kolore horietako oholak dira protagonista: gainazal horitua eta zuloen ingeradan kolore beltza dutenak, grafiti munduko espraiaren arrastoa irudikatuz.

Hain zuzen ere, Gramatikadugu erakusketaren izenburua, monumentuen hizkuntza plastiko eta sinbolikoari eskainitakoa. Garatzen ari den doktorego tesiaren emaitza. Sortzaileak darabilen lengoaia era poetikoan interpreta dezakegu. Esaterako, lurrean etzanda, kolomaren kontra edo zutik ageri diren oholak izenak lirateke; horiek inguratzen dituzten bideoak, substantiboak aktibatzen dituzten aditzak eta paretetako pinturak, beren kabuz zentzua duten interjekzioak.

Hormek harria agerian dute, normalean museoetan gertatu ez bezala, artelanak ur-biltegi ohian kokatzen baitira. Aurretik beste funtzio bat eduki eta erakustareto bihurtutako espazioek xarma berezia dutela iruditzen zait beti; espazioaren tankerak beste era batean baldintzatzen duelako erakusketa, bere materialtasuna aldarrikatuz. Artelanera guztiz moldatu ez den gela batek neutraltasunaren ideiarekin apurtzen laguntzen digu, piezen kokapena naturala ez dela argi utziz eta artearen subjektibotasuna azaleratuz.

Artistaren eskulturek ere neutraltasunetik ihes egiten dute. Taulak hormigoia enkofratzeko erabiltzen diren horietakoak dira, arkitekturan zein tamaina handiko eskulturetan baliatu ahal direnak. Materialaren hautu honek eskulturaren eta arkitekturaren batasunean pentsarazten dit, mugak gainjarriz. Aldi berean, eskulturaren kategoriaren hedapenak Rosalind Kraussek 1979an idatzitako testura eramaten nau, garaian kanonaren kontra joan arren egun kanon bihurtutako idazkira.

Kraussek eskulturaren malgutasunaren inguruko hausnarketa garatu zuen, hortik haratagoko taxonomia berria proposatuz.Artikulu horretan, kontzeptuaren mugak ikusarazi nahi zituen. XIX. mendera arte, tradizioz eskultura monumentuaren ideiari lotuta zegoela adierazi zuen: pertsonaia edo gertakari historiko bati erreferentzia egiten zion gehienetan, bertikaltasuna zen nagusi, figuratiboa zen eta idulkia zuen eskulturak. XX. mendean zehar, muga horiek gaindituz hedatu zen hiru dimentsioko artea, eta badirudi egun ere kontzeptuak gainezka egiten jarraitzen duela.

Kategoria aldakorren iraultzan prozesuari garrantzia emateak interesgune emankorra eskaintzen du, etengabeko bilakaerarako aukera emateagatik. Mawa Orduñezen kasuan, berak baliatutako taulek jatorrizko funtzioa galdu dute. Ezingo liokete betoiari eutsi, forma desberdinetako zuloz beterik ageri baitira; grafitiaren mundutik eratorritako txantiloi bihurtuta.

Txantiloi itxura horrek, behintzat, bi hausnarketa interesgarri bultzatzen dituela uste dut. Alde batetik, bere tresna izaerak errepikapena ahalbidetzen du, artelan bakarraren logikarekin hautsiz. Are gehiago, pieza hauek errepikapen batetik sortu dira artistari jarraikiz, monumentuei lotutako irudi eta iturrietatik abiatu baita moztu beharreko formak zehazteko. Bestalde, tresnaren balio estetikoa erdigunean jartzen du. Normalean txantiloiak zenbaitetan berrerabili ostean botatzen diren arren. Oraingoan, artelan gisa aurkeztu dira.

Azkenean, argi dago gramatika honek, monumentuaren ideia zehaztu baino gehiago, irekiera proposatzen duela. Erakusketara gerturatuz gero, bisitariak kontzeptua beste era batera ulertzeko proposamena jasoko du. Iraunkortasunaren betekizuna alboratuz, eraldaketaren aldeko apustu berrituarekin irtengo da, egindako sigi-saga bide hori ere deseginez.

gramatika

Gramatika

Mawa Ordúñez

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Apirilaren 24tik
2026ko Ekainaren 21era


donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.