artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Barne espaziotik kanpo

'GREET STRANGERS' | Egilea: Kate Newby. | Noiz arte: Otsailaren 22ra arte. | Non: Cibrian galerian, Donostian.

barne-espaziotik-kanpo
Kate Newbyren 'Greet Strangers' erakusketa. MAIALEN ANDRES / FOKU

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2025eko Urtarrilaren 23a

Erakusketa bat ikustera joaten garen aldi oro, hura bisitatzeko eman beharreko lehen pausoa, beti, erakusketa aretoanbarneratzea izaten da. Eta barne espazio horiekmostren instalazioekin, alegia artelanak non eta nola kokatu erabakitzearekin, ze argi piztu edo itzali zehaztearekin, testuen kopurua, tamaina eta estetika definitzearekin, hormetako koloreak aukeratzearekin… eraikitzen dira. Hau da, erabaki horiek guztiak hartzearen ondorioz, bisitariak jasoko dituzten barne espazioak sortzen dira. Eta hartutako erabakien arabera, modu batekoak edo bestekoak izango dira, eta mezu jakin batzuk edo beste batzuk zabalduko dituzte. Baina prozesuaren emaitza beti izango da barne espazio baten eraikuntza. Erakusketak barne espazioak dira, normalean horma batzuek, sabaiek eta zoruek mugatutako eremuak izaten direlako; baina barne espazioak ere badira, haiek bisitatzeko instalazioa osatzen duten elementu horietako bakoitzak espazio zehatz eta mugatuak sortzen dituelako, barnealde eta kanpoalde bat definituz. Eta, noski, hura osatzen duten artelanek ere barne espazio horri begiratzen eta erantzuten diote. Horregatik, maiz hitz egiten da erakusketa batera sartzeaz eta ateratzeaz, nahiz eta hura espazio ireki batean kokatua izan.

Baina erakusketa atera al daiteke bere barne espazio horretatik? Izan al lezake kanpora begira jarri, eta posizio berri horretatik, erakusketa espaziotik kanpo dauden bisitariak interpelatzeko gaitasunik?

Ez da erraza, horretarako bederenintentzioa edo nahia eta baliabideak behar direlako. Gainera, halako esfortzua egiteak agian askotan ez du merezi ere, erakusketarekiko koherentea ez den ekintza batedo hari ekarpen handirik egiten ez dion bat ere izan baitaiteke.

Bilboko Rekalde aretoko erakusleihoa erabili izan da hainbatetan horretarako, zenbait artelan beirateen kontra, kalera begira jarri izan direnean. Eta oraingoan Cibrian galerian ere izan da halako intentziorik Kate Newby artistaren eskutik, bertan duen Greet Strangers erakusketarekin hain zuzen; kasu honetan, ordea, Rekalde aretoko erakusleihoan egin izan dena baino ekintza erradikalago batekin. Newbyk propio bertarako egindako hiru lan, hiru beirate (Sing It, Great Strangers —erakusketari izenburua ere ematen diona— eta We Float), galeriako fatxadan txertatu ditu. Horrela, ez dira soilik kanpora begiratzen duten lanak, baizik eta kanpoaren eta barnealdearen arteko trantsizio bilakatzen direnak, kanpoko bisitariekin ez ezik, arkitekturarekin ere zuzeneko elkarrizketan ari direnak. Normalean hain definituta eta hain bereizita agertzen diren barne eta kanpo espazio horien arteko mugak lausotu eta kolokan jartzen ditu.

Galeriaren barnealdean dauden piezek ere badute jolasetik, nahiz eta erakusketaren barne espaziotik ihes ez egin. Batzuek, zuzenean, elementu arkitektonikoei egiten diete erreferentzia; adibidez, lurretik sabairaino teila itxurako piezekin luzatzen diren bost obra koloredunek osatzen duten instalazioak. Beste zenbaitek, aldiz, bisitariekiko interakzio zuzena sortzen dute, aretoa alde batetik besteraino okupatzen duen WE NEED A PART lanak esaterako. Espazioaren zabalera guztia hartzen duenez, bisitariak hura zeharkatzera obligatuta daude haren atzeko beste lanak ikusi ahal izateko; hala, piezan sartzera, barneratzera behartzen ditu instalazioak. Batzuk soken azpitik igaroko dira, baina besteak, agian, soka horietatik zintzilik dauden brontzez blaitutako zintzilikarien artetik pasatzera ausartuko dira; haietako bakoitzari banan-banan eta zuzen-zuzenean begira, beren gorputzaren dimentsio eta mugimenduez inoiz baino kontzienteago izanik; obraren, espazioaren eta gorputzen artean sortzen diren tentsio une eta harremanez gozatuz.

Galeriako fatxadan txertatutako beirateek ere, badirudi izan bazutela horretarako intentziorik, alegia, espazioaren kanpo zein barneko bisitarien gorputzekin zuzenean erlazionatzekoa, haiek blaitu eta zeharkatuz, urre kolorekoak izanik proiektatu dezaketen kolorearen bidez. Horretarako, ordea, eguzki izpien beharra dago, eta Euskal Herri atlantikoan, negu partean behintzat, halakoak eskas izaten ditugu. Dena den, eta eragozpenak eragozpen, erakusketa jostaria eta kontzeptualki trinkoa da. Hori bai, ahal izanez gero, eta proposamenaz osotasunez disfrutatu ahal izateko, bisita egun eguzkitsu baterako uztea hobe.

greet-strangers

greet strangers

Kate Newby

Cibrían (Donostia, Gipuzkoa)

2024ko Abenduaren 05etik
2025eko Otsailaren 22ra


forma-egin-eta-pentsatu

Forma egin eta pentsatu

Izaskun Alonso Saratxaga

ZAS kultur aretoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 03ra

esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.