Kutxa Fundazioak eta Tabakalerak Maider López artistaren erakusketa bikoitza eskainiko dute 2025ean
Bi erakundeen arteko lankidetza indartu egingo da 25 eta 10 urte betetzen dituzten urtean, hamarkada baten ondoren jaioterrira itzuliko den artista donostiarrari buruzko erakusketa bateratu batekin.

| 17 de Enero 2025
2025a ospakizun-urtea izango da Kutxa Fundazioarentzat eta Tabakalerarentzat; izan ere, 25 urte beteko dira Kutxa Fundazioak Kubo erakusketa-aretoa inauguratu zuenetik, Kursaalen, eta 10 urte Tabakalera ireki zenetik. Urteurren bikoitz hori ospatzeko, bi erakundeek euren arteko ohiko lankidetza indartu dute, erakusketa-eskaintza handinahia aurkezteko. Urtean zehar 12 erakusketa izango dira, Kutxa Fundazioaren Kubo eta Artegunea aretoetan eta Tabakalerako erakusketa-aretoetan.
Ospakizunaren urteko mugarri nagusia bi erakundeek Maider López artista donostiarrari eskainita egingo duten erakusketa bateratua izango da. Erakusketa bikoitza Kutxa Fundazioa Kubo aretoan eta Tabakalerako erakusketa-areto nagusian egongo da ikusgai urritik aurrera. Artistak azken hamar urteetan egindako lanaren atzera begirakoa izango da, epealdi horretan sortutako obrak bilduko ditu, baita Tabakaleran erakutsiko diren ekoizpen propio batzuk ere.
Tabakaleraren hamargarren urteurrena sorkuntza artistikorako zentro gisa.
Hamargarren urteurrena aitzakia hartuta, Tabakalerak bere ibilbidean garatu dituen lan-ildo nagusietan oinarrituta osatu duen erakusketa-programa eskainiko du: arte garaikidea (tokikoa zein nazioartekoa), artearen eta zinemaren arteko elkarguneak,eta artea, zientzia, teknologia eta gizartea.
Gainera, komisariotza-egonaldien deialdietatik sortutako proposamenekin lotutako lan-ildoari jarraipena emango dio Tabakalerak. Helburua tokiko arte-eszena sustatzea da, komisarioei eta artistei lagunduz, zentroaren urteko erakusketa-programan jasotako erakusketen bidez.
Azkenik, aipatzekoa da 2. erakusketa-aretoak, bosgarren urtez jarraian, Situ-akzioak programaren edizio berri bat hartuko duela. Tabakaleraren proiektu arrakastatsua da, familiei zuzendua, eta jostatzeko, zentzumenak aktibatzeko, ikasteko eta artearen bidez esperimentatzeko espazioak eratzen ditu.
Bi erakusketa-areto, bi urteurren
Kutxa Fundazioa Kubo aretoaren 25. urteurrenean, Kutxa Fundazioak aretoaren historian funtsezkoak izan diren zenbait lan-ildo narbarmentzearen aldeko apustua egin du: Gipuzkoako sorkuntzari laguntza eta emakume artisten lanaren errebindikazioa. Horretarako, 2025eko programazioa hiru emakumeri eskainiko zaie: María Paz Jiménez, María Cueto eta Maider López.
Kutxa Fundazioa Artegunea aretoak irudiaren eta argazkigintzaren aldeko apustua sendotuko du bi sortzaile handiren erakusketen bitartez: Joan Fontcuberta eta Tina Barney. Gainera, urtea egungo Gipuzkoaren erretratuak atera eta gogoeta egiteko lau argazkilariri egindako enkarguaren emaitza erakutsiko duen proposamenarekin itxiko du.
Maider López. Ukitu.
Komisarioa: Aimar Arriola
Maider Lópezen (Donostia, 1975) Ukitu erakusketaren abiapuntua da artistak azken hamarkadan zehar garatu duen praktika. Azken hamar urteotan nazioartean egin dituen proiektu ugari biltzen ditu eta, halaber, testuingurua eman eta harreman berriak sortuko dituzten aurreko beste lanetako zenbait ere berreskuratu ditu. Erakusketa bi egoitza ezberdinetan aurkeztuko da, aldi berean: Kutxa Fundazioa Kubo aretoan eta Tabakaleran. Horrek, lankidetza-modu berri bat hasiko du bi erakundeen artean. Gaurdaino artistari eskaini zaion banakako erakusketatik handiena izango da eta gure testuinguruan oraindik ezezagunak diren lan asko aurkeztuko ditu bertan.
Inguruan ditugun ingurunetan (hiri- zein natura-izaerakoak) esku hartuz lan egiten du Maider Lópezek. Arkitekturak, plazak eta espazio publikoak, hondartzak, ibaiak edo mendiak dira artistaren esku-hartzeak (eskala handikoak batzuk, sotilagoak besteak) hartu dituzten lekuetako zenbait. Bere lanek elkarren artean eta ingurunearekiko ditugun harremanak aldatzera gonbidatzen gaituzte eta, askotan, ikusleen partaidetza eskatzen dute inplikazio-maila ezberdinetan: kolektibitateak sortzea xede duten ekintzetatik, artistak behatu eta erregistratu dituen egiazko egoeretaraino. Azken hamarkadan zehar, ikusleen inplikazio-mailen aniztasunak gora egin du, hiriaren egunerokotasunean infiltratuta dauden ekintzak gehituz, bai eta ekintza kolektiboa sustatu nahian ur-mailaren igoera edo itsasoko olatuen mugimendua bezalako natura-fenomenoez baliatzen diren egoerak ere. Gizatiarra denaren eta ez denaren arteko harreman hori ere presente dago landareen eta zuhaitzen presentzia duten lanetan, hiri-izaerakoa eta natura-izaerako hori, publikoa eta etxekoa dena konektatuz.
Azken hamarkadan, bestalde, errealitatearen eta fikzioaren muga eraldatu duten proiektuak ere aurkeztu ditu, bizi ditugun inguruneei buruzko kontzientzia hartzeko beste era bat gisa. Honela, ebakitako belarrezko metek errenkada bat sortu eta berez mugitzen direla dirudite. Edo hasiera batean natura-gune baten irudi finko bat dirudien hori errealismo magikoko eszena bat bilakatzen da, zuhaitz baten balizko mugimendua irudikatuz. Errealitateaz dugun hautematean Maider Lópezek duen interesean sakondu eta hautematearen eta kolorearen inguruko bere ikerketa plastikoekin konektatzen duten proiektuak dira. Hautemate-gaien inguruko kezka artistaren lan-ildo berrienetako baten oinarria ere bada: arreta eskuei eta ukimenari eskaintzen dieten ekintzen garapena; izan ere, ildo hau ekitaldi honetarako berariaz egingo den ekoizpen berri baten abiapuntua izango da.
Maider Lópezen lana askotan erakutsi da Estatuan, bai eta nazioartean ere: Venezia (2005), Istanbul (2013) edo Sharjahko (2009) bienaletan, esaterako.
Banakako bere erakusketa eta ekintzen artean ondokoak azpimarra daitezke: Tocar el Museu, Museu d'Art Modern, Tarragona (2024); Arnasa, Arte Ederren Bilboko Museoa (2022); Art is happening, Statens Konstrad, Suedia (2019); 1645 Tizas, Matadero Madrid (2016); Desplazamiento, Koldo Mitxelena, Donostia eta MARCO, Vigo (2015); Mountain, Lower Austria Contemporany (2013); Polder Cup, Skor and Witte de With, Holanda (2010); Eclats, Pompidou-Metz Zentroa (2010); Line of sight, Zendai Museum of Modern Art, Shanghai (2008); AdosAdos, Guggenheim Bilbao (2007); eta Columnes, Caixa Forum, Bartzelona (2006). Aurrekoez gain, ondokoak bezalako taldekako erakusketetan ere parte hartu du: Hummings, KØS espazio publikoetarako artearen museoa, Danimarka (2021); Prospect 4. Contemporary Art Triennial, New Orleans (2017); Play Time, Les Ateliers de Rennes, 4. Biennale d'artContemporain, Rennes (Frantzia. 2014); Mom, I am Barbarian? Istanbulgo 13. bienala (2013); Sharjah Biennial 9, Arabiar Emirerriak (2009); SCAPE Christchurch Biennial of Art in Public Space, Zeelanda Berria (2008); eta Veneziako 51. Bienala (2005).
Bere lana ondoko erakundeetako bildumetan dago presente: Guggenheim Bilbao Museoa, ARTIUM Museoa (Vitoria-Gasteiz), Kutxa Fundazioa, Colección ABC, Koç Foundation (Istanbul, Turkia) edo Towada Art Center (Japonia), besteren artean.
Erakusketarekin batera, Maider Lópezek azken hamarkadan egin duen lana xehetasunez bilduko duen argitalpen bat ere argitaratuko da.
2025eko erakusketa programaren laburpena
Kutxa Fundazioa Kubo aretoa
- María Paz Jiménez. Misterioa argitzea (otsailak 07-maiatzak 18)
- Joan Fontcuberta. Monstrorum historia (martxoak 21 - ekainak 29)
- María Cueto. Galkorra dena ehuntzea: testurak, errepikapena, geometria, zirkulartasuna (ekainak 20-irailak 20)
- Tina Barney. Familia-loturak (uztailak 18 - azaroak 02)
- Maider López. Ukitu. (urriak 24 - 2026ko otsailak 01)
- Gipuzkoa miresgarria. José Ignacio Lobo, María Azkarate, Peter Bialobrzeski, Dragana Jurišić (azaroak 21 - 2026ko martxoak 01)
Tabakalera
- Eremu magnetiko lehor bat (urtarrilak 23 - martxoak 30)
- Visiones cuánticas (otsailak 21 - ekainak 8)
- Situ-akzioak. Anna Irina Rusell (apirilak 10 - uztailak 27)
- Hlynur Pálmason (ekainak 26 - irailak 28)
- Irati Gorostidi (Irailak 11 - 2026ko urtarrila)
- Marlene McCarty (urriak 16 - 2026ko otsailak 08)
- Maider López (urriak 24 - 2026ko otsailak 01)