artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ahots mutuak

Joan Fierro. 'Arrotz' | Non: Montehermoso kulturgunea, Gasteiz. | Noiz arte: Apirilaren 16ra arte.

ahots-mutuak
Joan Fierroren Arrotz erakusketan ikusgai dauden ikus-entzunezko piezetako bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2023ko Martxoaren 22a

Montehermoso kulturguneko beheko espazioetara gerturatzean, ez da soinurik entzuten, norberaren gorputzaren mugimenduak sortzen dituenak baino ez. Egoera ez da aldatzen Joan Fierroren Arrotz proiektua biltzen duen erakusketa espazioan barneratzean. Aitzitik, isiltasuna, geldotasuna, irmotasuna... areagotzen dira erakusketa osatzen duten piezekin lehen kontaktua dugun momentuan. Baina, banan-banan erakusketa osatzen duten ikus-entzunezkoak aztertzean, sentsazio hori zabaltzen da: ez dago soinurik, baina proiektoreek hormetan islatzen dituzten irudiek nolabaiteko ahots mutu bat helarazten digute.

Fierrok aurkeztutako proiektua EHUk Montehermosorekin batera garatutako laguntza programen emaitza da, zeinak artista gazteen lanak ikusgai jartzeko Gasteizeko erakusketa aretoan mostra bat egituratzeko aukera ematen dien. Bada, Fierroren proposamenean ikus-entzunezkoak eta performancearen gaitasun performatiboak uztartzen dira. Euskarri horiek abiapuntu hartuta, atzerritartasunaren konnotazio kritikoak biltzen ditu, bere egoera pertsonalean oinarrituta.

Erakusketaren tituluak lotura sortzen du artistak jorratzen dituen hausnarketa bisualekin. Izan ere, Arrotz da euskarazko titulua, eta gaztelaniazkoa Extranjero. Itzulpen ez-zuzen bat eginez, ikuslearen hausnarketa aurrez jada bideratzen da, arroztasuna atzerritartasunarekin lotuz.

Mostra espazio bakarrean egituratzen da, eta ikus-entzunezko bost instalazioek ikuslea harrapatzeko gai den atmosfera bat sortzen dute: era asimetrikoan, batak besteari bere espazioa ematen dio, eta, aldi berean, irudi bat bestearen isla bihurtzen da.

Esaterako, espazioan barneratzean, gure ikuseremuan sartzen den lehen pieza aretoaren erdian goialdean zintzilik dagoen bideo instalazioa da. Hartan, gainjarritako irudiak sumatzen dira, baina gainjartze horren barruan identifikatu daitezkeen ezaugarriak askotarikoak dira. Pertsona bat dago etxez inguratutako patio batean, eta ekintza bat ari da garatzen: lore hori bat ehuntzen ari da. Instalazio hori zeharkatu eta haren atzeko partea ikusten dugun momentuan, pertsona hori kalean dago, ekintza bera garatzen. Kutsu intimoa arnasten den arren, eszena horretan zerbait urratzen da; artista bakardadean lore bat ehuntzen ari den bitartean, beren egunerokotasuneko ekintzak garatzen dituzten pertsonak agertzen baitira.

Hasieran, ikus-entzunezkoek argazkiak dirudite, baina, zuzenean begiratzean, argazkiek mugimendua dutela antzematen da. Halaber, artista bera agertzen da, geldo mugitzen, eta, kontrastean, inguruko pertsonek egunerokotasuneko erritmoari eusten diotela sumatuko dugu.

Halaber, irudiak konposatzeko modu orekatu, zuzen eta zainduak prozesuaz ohartzera bideratzen gaitu. Horren adibide litzateke espazioa osatzen duen lehen murruan aurkezten zaigun bideoa. Simetria osoz osatutako eszena bat da, zeinaren erdialdean harrizko eskailerak dauden, eszenaren ihespuntua markatuz. Haren eskuinaldean, Fierro agertzen da; mantso dabil, eta eskuen artean bandera ezezagun bat eusten du. Bada, eszenak pintura historikoen ezaugarriak helarazten dizkigu, eta, era berean, horien ikurrak berrantolatzen eta zalantzan jartzen ditu artistak.

Kontrasteen ildoa mantenduz, deigarria da Fierrok egituratzen dituen ekintzen eszenografia: Bilboko kaleak. Nolabait, espazio publikoei loturiko jardueren kodeak berrantolatzen ditu artistak, oinutsik baitoa, eta guretzat ulerterrazak ez diren ekintzak garatzen baititu. Era berean, artistaren mugitzeko erritmoak dikotomia sortzen du espazio bera okupatzen dutenekin, kamera geldoan mugitzen den heinean besteek normaltasun osoz zeharkatzen baitituzte kaleak.

Halatan, Fierroren helburua da atzerritarrek espazioetan markatutako egunerokotasunak, erritmoak eta ereduak erreproduzitzeko dituzten zailtasunak adieraztea. Behin eta berriz errepikatzen dira, era laburrean eta irudi ezberdinetan. Gure gorputza biltzen duen espazioak gure mugimendua mantsotzen du. Modu horretan, hausnartzera eta inguratzen gaituena bestelako ikuskera batzuetatik aztertzera bultzatzen gaitu, irudiz irudi eta mugimenduz mugimendu.

arrotz

Arrotz

Joan Fierro

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2023ko Martxoaren 10etik
2023ko Apirilaren 16ra


museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Ondarearen etxea (Maule-Lextarre, Zuberoa)

2026ko Urtarrilaren 26tik
2026ko Irailaren 06ra

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

testigantza-liburu-bat-oteizaz-oteizarengatik-eta-oteizari

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 27a

Jorge Oteiza "ezagutzeko" liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako "harremana" inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

roberto-chartamek-geometria-mundu-naturalera-darama-cristina-enean

Roberto Chartamek geometria mundu naturalera darama Cristina Enean

| 2026ko Ekainaren 26a

Cristina Enea Fundazioak uda honetarako egin duen erakusketa-proposamenak, Ura Besterik Ez, herritarrak gonbidatzen ditu mugarik ezagutzen ez duten espazioak eta bolumenak okupatzen dituzten geometrietan murgiltzera. Horren karietara, Roberto Chartamek naturaren hizkuntza berarekin lan egiten du. Bere erreminta airean eta aluminioan tenkatutako hariak dira, eta horiekin Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru aretoak marrazki bizigarri handi bihurtzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.