artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Mende erdia non ospatuko

Irekita eman dituen 25 urteotan Bilboko Guggenheim museoak izandako arrakasta nabarmendu du erakundeko zuzendariak, urteurreneko ospakizunen berri ematerakoan

mende-erdia-non-ospatuko
Argazkia: Mikel Arrazola

2022ko Irailaren 16a | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Urriaren 18an beteko dira 25 urte Bilboko Guggenheim museoa ireki zenetik. Mende laurdenaren talaia horretatik atzera begiratu, eta arrakasta da Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak ikusten duena. "Museoak nabarmen bete ditu hasiera hartan bere buruari ezarritako helburuak". Berez, urte hasieratik daramate urteurrena ospatzen, baina asteotatik aurrera "intentsifikatu" egingo dira ekitaldiak, eta gosari informatiboa antolatu du zuzendariak kazetariekin haien berri zehatzagoa emateko. Aurrera begira jartzeko eskatu, eta irribarre batekin eman du erantzuna. Ea Urdaibain egin asmo duten Guggenheim museoaren luzapenean ospatuko ote duten mende erdia. "Hemendik 25 urtera, suposatzen dut beste norbaitek emango dizuela horren berri".

Baina baietz gero, agerraldi ofizialaren osteko solasaldietan; desio, desio lukeela 50. urteurrena beste kokapen batean egitea, eta, are, baita museoak kokapen berri horretan ordurako urte sorta bat eginda egotea ere. Desioa baino ez dela oraingoz, baina desioa hor dagoela. Bai. Hori guztia, betiere, kokapen berri hori Urdaibaikoa izango denik zehaztu gabe.

Bidartek arrakastatsutzat jo du museoaren ibilbide orokorra, eta arrakasta hori "kolektiboa" izan dela ere zehaztu du kazetarien aurrean. Solomon R. Guggenheim fundazioarekin batera, museoaren sostengu diren euskal erakundeak ere izan ditu gogoan, horregatik —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, eta Bilboko Udala—, eta baita urteotan guztiotan museoaren lagun izan diren herritarrak ere.

Baina museoaren ibilbide osoa ez ezik, museoaren 25. urteurrena ere arrakastatsutzat jo du zuzendariak, eta urtea hasi zenetik hona antolatutako erakusketen "askotarikotasuna" aipatu du horretarako motiboen artean. Autogintza eta artea uztartzen dituen Motions erakusketaz gainera, antolatu dituzten erakusketa "klasikoagoak" ere izan ditu gogoan. Jean Dubuffet artistari eskainitako atzera begirakoa, Richard Serra eta Georges Seuraten lanak uztartu dituena, tartean.

Euskara hutsezko saio bat

Zuzendariak azaldu duenez, musikak pisu berezia izango du urteurreneko ospakizunetan. Francisco Eskudero konpositorearen 3. sinfonia (Sinfonia mitikoa) eskainiko duen kontzertua izango da, esaterako, hurrengo emanaldia. Irailaren 25ean izango da hori, museoko atrioan. Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua eta Ensemble Kuraia izango dira oholtzan, eta Andoni Aleman arituko da narratzaile lanetan. Euskal mitologian oinarritutako obra da Eskuderorena, Jose Migel Barandiaran ikerlariak bildutako kontakizunetan oinarritutakoa, eta, ondorioz, euskara hutsean izango da saioa.

New Yorkeko Solomon Guggenheim museoko Works & Process programan parte hartzen duten dantzariek The Missing Element dantza ikuskizuna ere eskainiko dute urriaren 14, 15, 16, eta 17an. Joaquin Atxukarro piano jotzaileak kontzertua eskainiko du azaroaren 3an, hain justu, 90 urte beteko dituen egun berean. Mastodontek kontzertua emango du azaroaren 19an, eta El Niño de Elche eta Refree elkarrekin izango dira abenduaren 17an.

Museoaren lagunekin ekintza artistiko bat egingo du Cecilia Bengolea artistak urriaren 25ean: Inmersions izeneko video mapping ikuskizuna antolatu dute abenduaren 3tik 11rako egunetan.

Baina urriaren 18an aurkeztuko duten Sekzioak/ Intersekzioak erakusketa izango da urteurreneko ekitaldi artistikorik esanguratsuena. Bilboko museoaren bildumaren parte diren artelanekin antolatu dute, osorik, eta eraikinaren hiru solairuak hartuko ditu. Museoa itxi beharrik ez izateko hasiak dituzte jadanik muntatze lanak, baina urteurrenaren egun zehatzerako gorde dute irekiera. Bidartek zehaztu duenez, 140 eta 150 artelan artean ditu egun bilduma horrek, eta haren kalitatea da erakusketaren berme nagusia. "Bildumak urteotan izan duen hazkundeak eta lortu duen heldutasunak ematen digute aukera erakusketa hau antolatzeko".

Bestalde, doako sarrera aurreikusi dute urriaren 22 eta 23ko astebururako, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako biztanleek ere sarrera doan izango dute urriaren 25etik abenduaren 2ra bitarte, aurrez izena emanda.

Ur horniduraren kezka

Uda honetan ur eskasia izan da Urdaibai inguruan kezkarako motibo nagusietako bat, eta bertan eraikitzeko asmoz diren Guggenheim museoa ere bustitzera heldu da arazoa. Eusko Jaurlaritzaren meneko Ura agentziak txostena kaleratu zuen abuztuan, eta, museo berria eraikitzekotan, aurrez, ur hornidura arazoa konpontzeko beharra nabarmentzen zuen testuak, aurreikuspenen arabera, 140.000 bisitari erakarri ahal izango bailituzke proiektuak urtean.

Bada, ura izango da Bilboko Guggenheim museoak urteurrenaren harira landuko duen beste gaietako bat. Uraren ekologiak izeneko nazioarteko sinposioa hartuko du Bilboko Guggenheim museoak. Urriaren 6an izango da hori. Ur inguruen babesa izango da mintzagaietako bat, eta, hamaika aditu ez ezik, hainbat artistak ere hartuko dute parte bertan: Cristina Iglesiasek eta Mark Ijzermanek, kasurako.


after-hopper

After Hopper

Jose Antonio Azpilikueta

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Otsailaren 04tik
2026ko Maiatzaren 31era

gonzalo-etxebarria

Gonzalo Etxebarria

Barkoxeko Denen Etxea (Barkoxe, Zuberoa)

2026ko Apirilaren 25etik
2026ko Maiatzaren 08ra

aurre-tresnak

Aurre-tresnak

Xabier Salaberria

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Otsailaren 27tik
2026ko Maiatzaren 09ra

barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

memoria-lausoei-begira

Memoria lausoei begira

Api. 16 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Juana cima. BEGIRADA DISIDENTE BAT | Non: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: Abuztuaren 30era arte.

ondarearen-zaintzaileak

Ondarearen zaintzaileak

Api. 15 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Reina Sofia museoko teknikarien txostenak Picassoren Gernika ez mugitzeko gomendioa eman omen du; ez dakiguna da zein baldintzatan ez litzatekeen bete behar ez mugitzeko gomendio hori. Hau da, lana kalterik gabe mugitzeko aukera egongo balitz, iritzi bera mantenduko lukete?

iragan-kolonialak-bistaratuz

Iragan kolonialak bistaratuz

Api. 13 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Standing here Wondering Which Way to Go | Noiz arte: 2026ko ekainaren 14ra arte. | Non: Tabakaleran, Donostian.

arte-laborategiak

Arte laborategiak

Api. 04 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Gasteizko Zas kultur erakundeak eta Artium museoak Arabako artista gazteentzat egonaldi artistikoak egiteko deialdia egin dute. Parte hartu nahi duten artista hasiberriek hilabeteko soldata jasoko dute, produkzio gastuetarako dirua, eta museoaren azpiegitura erabiltzeko aukera izango dute.

zeri-begiratzen-dioten-artelanei-begiratzen-dietenek

Zeri begiratzen dioten artelanei begiratzen dietenek

Api. 04 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Publikoak bildumako zortzi artelanen aurrean eginiko gogoetak biltzen dituzten zortzi bideo osatu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak. Tamara Garcia Iglesias zinemagileak egin ditu, eta horiekin eman du amaitutzat 2021ean hasitako Ikuspuntuak proiektua.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.