artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Arte konstelazio bat Iruñeari opari

Iruñeko 1972ko Arte Topaketen 50. urteurrena ospatuko da aurten, eta orduko oroitzapenak bizirik dituzte batzuek. Xabier Morras margolariak, esaterako, kontrastez beteriko hiriaren irudia ekarri du gogora. Zentsurak, polemikek eta artisten aniztasunak ezaugarritu zuten topaketa.

arte-konstelazio-bat-iruneari-opari
Irudia: Iruñeako udala

Yasmine Khris [BERRIA.eus]
| 2022ko Urriaren 3a

Mende erdia igaro da. Baina, hala ere, "zein azkar joan den dena", erran du Xabier Morras margolariak (Iruñea, 1943), hasperen batekin. 1972an Iruñean egin ziren Artisten Topaketetan parte hartu zuten artistetako bat izan zen, eta goxo ekarri du oroimenera Iruñean kokatu zen nazioarteko kongresu artistiko eta historiko hura. 29 urte zituen, eta bizi gordetzen du ordukoa: zer giro arnasten zen karriketan, zer pieza aurkeztu behar zuen berak, zer xuxurlatzen zen erakusketetan. "Zoragarria zen, arte garaikidearen panoramika zabal bat ikusi genuen, dudarik gabe".

Frankismopeko Iruñean jaio ziren topaketak, eta Huarte familiak hartu zuen bere gain finantzaketa. Antolakuntza, ordea, Luis de Pablo konpositorearen eta Jose Luis Alexanco artistaren esku egon zen, eta 300 sortzaile baino gehiago gonbidatu zituzten. Konstelazio artistiko bat, ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean.

"Erabaki azertatu batzuek bermatu zuten topaketen arrakasta", Morrasen esanetan. Hiru zerrendatu ditu bata bestearen atzetik: datak, artista gonbidatuen askatasuna eta finantzaketa. "Sanferminak baino astebete lehenago ospatu ziren. Imajina dezakezu zer jai giro zegoen hirian". Artisten ugaritasuna ere azpimarratu du: "De Pablo eta Alexanco artistak ziren, garai harekin konektatua zegoen jendea. Topaketak ez zituzten diseinatu komisario, zuzendari edo akademikoen ikuspuntutik".

Hasiera batean, Nafarroako Foru Aldundiak, Iruñeko Udalak eta Huarte familiak babestu behar zituzten topaketak, baina, berehala, Amadeo Marco buru zuen diputazioa atera egin zen proiektutik. Orduan hartu zuen Huarte familiak gastu guztien ardura; denera, 12 milioi bat pezeta [72.000 euro inguru]. Sanferminen aurrekontua halako hiru, hain zuzen ere. "Hiriari oparia egiteko asmotan zebiltzan, eta lortu zuten".

Dena den, hiria prest ote zegoen neurri horretako egitasmo bat hartzeko? Zalantza egin du Morrasek: "John Cage musikagile estatubatuarrak, esaterako, ez zuen harrera oso ona izan, baina zinez interesgarria izan zen nahastea, hala ere. Cageren lan esperimentala Indiako doinu tradizionalekin eta txalapartarekin elkartu zen Iruñean". Horregatik ere, aurrez hirian ikusi gabekotzat jo du ordukoa, eta, konparazioak bilatzera, Kasselgo Dokumenta erakusketarekin (Alemania) konparatu du —arte garaikideko ekitaldirik garrantzitsuena da gaur oraindik—. "Hiri txiki bat oxigenatzeko xedea zuten biek".

Morrasek etxean du oraindik 1972ko topaketen jatorrizko katalogoa. "Azkena da, bertze guziak oparitu nituen". Denboraren igaroa igartzen da orrietan, eta pasatu ahala datozkio burura oroitzapenak. "Inaugurazioa pilota partida batekin egin zuten, Labrit frontoian. Hau originaltasuna arte festibal baterako!". Soinuak, mugimenduak, gorputzak memorian ditu oraindik. "Ballet bat zirudien!". Flashback eran zerrendatu ditu: Steve Reichen emankizuna, Anaitasuna kiroldegian —"ederra zen, tunika grekoekin dantzatzen ziren", eta eskuekin antzeratu ditu keinuak—, Arakawaren zinema alternatiboa, Equipo Cronicaren happening-ak Euskal Jai frontoian, Luc Ferrari eta Jean Serge Bretonen proiekzioak Ziudadelan.

Hala ere, hasieran marraztutako zeru urdinera hodei ilunik ere ekarri du Morrasek. "Euskal arteari emandako espazioa oso eskasa zen; ziurrenik hori izan zen txarrena". Dioenez, Nafarroako Museora "baztertu" zituzten Euskal Herriko artistak, hiriburuaren muturrera. Penatzen du, halaber, nafar artisten gabeziak.

Morrasek berak obra plastiko handi bat aurkeztu nahi izan zuen, metalezkoa, gurutziltzaketa bat irudikatuko zuena. "Kristo bat, mozal batekin, bi poliziak inguratuta". Zentsura eta autozentsura zirela eta, ordea, atzera egiteko gomendatu zioten, eta hala egin zuen azkenean. Beste askok ere hala egin zuten.

Anekdota "katalogoarekin" segituta, Eduardo Txillidaren bat etorri zaio akordura: "Ramon Carrera eskultorearen obra museoko patioaren erdian aurkitu zuenean, buelta egin zuen, berehala, hitzik erran gabe". Santiago Amoni eskatu zioten euskal artearen erakusketa atontzea, eta eztabaida bat baino gehiago piztu zituen emaitzak. Jorge Oteizak zein Txillidak, erraterako, uko egin zioten erakusketan parte hartzeari. Tentsio handiko uneak oroitzen ditu Morrasek. "Dena hemengo prismatik egin behar zen, ez Madrildik. Akaso ez ziren Iruñeko Topaketak?".

Etorkizuna zalantzan

Oraindik diktadurapean, egoera politikoak bizitza soziokulturala gogor baldintzatzen zuela ere ekarri du gogora Morrasek. "ETAk bi bonba jarri zituen; zentsura latza zegoen; euskal artea mespretxatua". Hurrengo urteetan segitzeko modurik ikusi zen? "Bai eta ez", Morrasek. ETAk Huarte familiako kide bat bahitu ondoren, jarraipenik ez zela aurreikusi azaldu du, baina uste du egoera bestelakoa izan zitekeela bertze norbaitek ardura hartuz gero. "Kasu horretan, Dokumenta baino are interesgarriagoa izan zitekeen". Aukera galdu bat, haren hitzetan.

Damu bakarra du orain: topaketen dokumentazio urria. "Ez dago apenas argazki edo bideorik. Memorian geratu da". Arrasto alaia, edonola ere. "50 urteren ondoren, berpizkunde bat falta zaigu, berriz elkar topatzeko".


behin-eta-berriz-hasi

Behin eta Berriz hasi

Oaia Peruarena

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Irailaren 05era

forma-egin-eta-pentsatu

Forma egin eta pentsatu

Izaskun Alonso Saratxaga

ZAS kultur aretoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 03ra

josturak

Josturak

Arrese Elena

Torre Luzea (Zarautz, Gipuzkoa)

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.