artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bi urtez geldituko dute Urdaibaiko Guggenheimen proiektua

Bilboko Guggenheim museoko patronatuak hausnartzeko denbora hartuko du, Urdaibaiko proiektuarekin aurrera jarraituko ote duen erabakitzeko.

bi-urtez-geldituko-dute-urdaibaiko-guggenheimen-proiektua
Joan den urriaren 28an Urdaibaiko Guggenheimen aurka egindako protesta, Gernikan. Arg/ ALEX URIARTE / BUSTURIALDEAKO HITZA

Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]
| 2024ko Urtarrilaren 24a

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, Guggenheim museoaren patronatua osatzen duten kideek "hausnartzeko tarte bat" hartuko dute, Urdaibain egitekoak ziren museoaren proiektuarekin zer egin erabakitzeko. Bizkaiko diputatu nagusi Elixabete Etxanoberekin izandako bileraren ostean eman du lehendakariak erabakiaren berri.

Museoko patronatua EAEko instituzioek eta Guggenheim fundazioak osatzen dute. Guggenheim fundazioko New Yorkeko zuzendaritzan, aldaketa prozesu batean murgilduta daude. New Yorkeko zuzendaritzak akordioa du Bilbokoarekin, eta, beraz, eragina du Bizkaiko museoko erabakietan.

Aurreikuspenen arabera, ekainetik aurrera hartuko dute New Yorkeko kudeatzaile berriek Bilboko fundazioa kudeatzeko ardura. Organo berri horrek erabakiko du zer egin proiektuarekin. Abenduan egindako bileran, patronatuak erabaki zuen zuzendaritzako aldaketek iraun bitartean tarte bat hartuko zuela 2024. eta 2025. urteetan proiektua "bideragarria" ote zen erabakitzeko.

"Asko" dago hausnartzeko, Urkulluren ustez: "Baina oraindik ez dugu erabakirik hartu". Etxanobek gogoetatzeko denbora horren garrantzia azpimarratu duen arren, iragarri du bitartean "lanak aurreratzen" jarraituko dutela. Aldaketa urbanistikoen alorrean aurreratuko dituzte lan horiek, eta erantsi du kontuan hartuko dutela inguruko herritar eta kolektiboek eskatzen duten parte hartzea, baina ez du aurreratu nola egingo duten hori.

Helegitea Auzitegi Nazionalean

Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuan bi eraikin aurreikusten dira: bata Muruetako ontziolan, eta bestea Gernika-Lumoko Dalia lantegian. Horrez gain, bi eraikinak lotuko dituen bide berde bat egin nahi dute, bost kilometro ingurukoa. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Espainiako Auzitegi Nazionalean helegitea jarri du Espainiako Gobernuak joan den urriaren 19an hartutako neurriaren harira. Murueta ontziolaren kostako babes eremua 100 metrotik 20 metrora jaitsi du neurri horrek. Plataforma horren esanetan, erabakia "interes orokorren eta ingurumen interesen aurkakoa" da.

Azaroaren 21ean jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak Urdaibaiko itsasertzaren babes eremua murriztuko zuela. Kosta Legeak, hain zuzen, Muruetako eremuan itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea eragozten zuen. Ebazpenak urriaren 19ko data zuen arren, Urdaibai Stopek salatu zuen erabakia lehenagotik hartuta zegoela, "Urdaibaiko Guggenheimen proiektua prestatzen ari diren sukalde berean".

Hori zen Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko traba nagusia. Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak, zera adierazi zuen babes eremuaren aldaketaren berri izatean: "Berri ona da, erakusten baitu proiektua aurrera doala eta aurreikusitakoaren arabera garatuko dela".

Gainera, Guggenheim Urdaibai Stopeko kideek adierazi zuten Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiak txostenak eskatu zizkiela babes eremua kudeatzeko ardura zuten erakundeei, baina erakunde horiek ez zutela dokumenturik aurkeztu. Muruetako Udala, Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Saila dira erakunde horiek. Urdaibai Stopen susmoa zen eremu hori urbanizagarritzat jotzen duen udal plano bat izan zela aldaketa egiteko aintzat hartu zuten agiri bakarra.

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak esan zuen proiekturako 40 milioi euro jarriko zituela, hura aurrera eramateko. Kopuru hori EAJk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten 2022an, 2023ko aurrekontuak babestearen truke. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan ere lau milioi euroko diru sail bat agertzen da horretarako.


sinbiotika

Sinbiotika

Txaro Marañon

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 08ra

esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.