artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Txillida, Jesus Uriarteren begietatik

Tabakalerako Artegunean bildu dituzten 180 argazki inguruetan Txillidaren lan prozesuak irudikatu dituzte. Erakusketa lau zatitan banatu dute, eskultoreak erabiltzen zituen lau material nagusiak aipatuta: papera, lurra, hormigoia eta altzairua.

txillida-jesus-uriarteren-begietatik
Txillida. Arg/ Kutxa fundazioa

Urko Iridoy Alzelai [BERRIA.eus]
| 2024ko Apirilaren 11a

Haizearen orrazia, Zerumugaren goraipamena, Gure aitaren etxea, Tolerantziari monumentua... aski ezagunak dira Eduardo Txillidaren lanak. Baina eskultura ororen atzean lan prozesu luze bat ezkutatzen da. Hori argi daki Jesus Uriarte argazkilariak, urte askoan aritu baitzen Txillidarekin elkarlanean. Horren emaitza da Tabakalerako Artegunean dagoen erakusketa: Txillida lanean. 180 argazki biltzen ditu. Bi solairuz osatutako erakusketa ekainaren 30era bitarte egongo da ikusgai, eta, horrez gain, argazkiak biltzen dituen liburu bat argitaratu du Kutxa fundazioak.

Jon Uriarte erakusketaren komisarioak azaldu duenez, lau zatitan banatu dute tokia: "Txillidak lau material erabili zituen bere lanak egiteko: papera, lurra, hormigoia eta altzairua. Horren harira zatitu dugu erakusketa, hau da, material bakoitzak bere espazioa dauka". Erakusketara sartzean, beheko solairuan, papera eta lurra dira protagonistak. Jon Uriartek azaldu du materialen harremanaren arabera antolatu dutela tokia, eta lurra eta papera hainbat arrazoirengatik jarri dituztela behean: sabai baxuagoak daude, eta argazkiak gertuago daudela sentitzen du ikusleak. Horregatik, Jon Uriartek adierazi du beheko argazkiak "eskala txikiagoan" egin dituztela. "Behean gela txiki bat dago, Txillidak Ingerborg etxean zuen estudioaren antzekoa, eta eskultoreak paperezko lanak egiten zituen han", esan du Jon Uriartek. Gela txikiko argazkiak Txillidaren estudioan zeuden tresnenak dira gehienbat, eta zehaztasun handiko irudiak dira.

Lurraren argazkiak Hans Spinner artistaren etxeko lorategian ateratakoak dira batez ere, Frantzian, Grasse hirian. "Paperarekin eta lurrarekin egiten zituen prozesuak intimoagoak ziren, eskuz eginiko lana zen. Beheko solairuak espazio oso ona ematen digu Txillidaren lana azaltzeko, zirkuitu borobil bati jarraitu diezaiokegulako, buztinarekin egiten zituen pauso guztiak ikusi ahal izateko", azaldu du Jon Uriartek. Buztinaren prozesu guztiak ikus daitezke, hasierako moldaketetatik hasi eta labeetan sartzeraino.

Goiko solairuan irudi handiagoak daude. Hormigoiaren inguruan osatutako paretan, gelaren ezkerraldean, mosaiko handi bat da nagusi. "Ia 50 argazkiko mosaiko bat dago goian, hormigoiz eginiko eskulturen prozesua irudikatzen duena", esan du Jon Uriartek. Gijonen (Asturias, Espainia) kokatuta dagoen Zerumugaren goraipamena bezalako eskulturak aparrez eraikitzen zituen lehen pauso moduan Txillidak, 1:1 eskalan, eta, ondoren, apar hori egurrez inguratzen zuten. Azkenik, egurrezko armazoian hormigoia kofratu egiten zuten. "Hormigoizko piezek hilabeteetako eta batzuetan urteetako lan prozesua eskatzen zuten, eta Jesus Txillidaren ondoan egon zen denbora hartan guztian", azaldu du Jon Uriartek.

Azkenik, altzairuaren saila dago goiko solairuan ere. Jon Uriarte: "Altzairua jorratzen duten argazkiak nik uste zinematografikoenak direla. Donostian Txillidak zuen sutegi txikia agertzen da, baita Reinosan [Kantabria, Espainia] erabiltzen zituen Sidenor enpresako sutegi industrialak ere. Hango tenperaturak oso beroak ziren, eta, argazkiak film batetik aterata daudenez, argiak kontraste handia egiten du irudian. Baldintza horiek guztiek indar dramatikoagoa ematen diote altzairua biltzen duen argazki bildumari", adierazi du Jon Uriartek. Altzairuarekin jarraituz, Reinosako argazkien ondoan azpiatal bat osatu dute, Haizearen orrazia eskultura eta haren lan prozesua irudikatzeko. Hainbat tamainatako argazkiz osatuta dago azpiatal hori, eta eskultura egiteko langileek eta Txillidak egindako lana ikus daiteke han.

Lau materialei eskainitako sail bakoitzak pieza berezi bat du. Altzairuarenean metalez inprimaturiko argazki bat dago, paperean paperezko irudi bat, hormigoian aparrez osaturiko argazki bat eta lurraren sailean egurrean irudikatutako bat, hau da, lau materialak argazkietan agertzeaz gain, erakusketan presentzia propioa daukate. Lau sailen zatiketa nabaria da, bakoitzak bere lekua baitu, eta bakoitzak Txillidaren alde bat irudikatzen baitu. Jon Uriartek uste du sailen zatiketak eragin handia duela ikuslearengan, Txillidaren lana ulertzeko modu "aproposagoa" delako.

Talasoterapiaren antzera

1982. urtean hasi zen Jesus Uriarte Txillidarekin elkarlanean, eta 2000. urtera bitarte iraun zuen harremanak, hau da, Txillida gaixotu zen arte. Lehenagotik eskultoreari hainbat irudi atera zizkion, Haizearen orrazia egiten zebilen bitartean adibidez, baina harreman horrek maiztasunik ez zuen izan 1982ra arte. Txillidarekin lan egiten zuen garai bertsuan prentsan ere aritu zen Jesus Uriarte, zehazki El Pais egunkarian. "Niretzat erlaxatzeko momentuak ziren Eduardorekin pasatzen nituenak, garai hartan aski gogorra baitzen Euskal Herrian prentsan lan egitea", azaldu du. Jon Uriartek esan du bere aitaren lasaitasun momentu horiek "talasoterapiara joatea" bezalatsu zirela. Erlazio "estua eta polita" sortu zen argazkilariaren eta eskultorearen artean, Jesus Uriarteren ustez, biek denbora "asko" igarotzen zutelako elkarrekin.

Ondo ezagutzen zuen argazkilariak Txillida, eta bazekien noiz atera argazkiak eta noiz ez. "Luxua zen Eduardorekin lan egitea. Baina, hala ere, kontuz ibili behar nuen. Bera deseroso zegoenean nik antzematen nuen, eta banekien ez zela argazkiak ateratzeko momentua. Adibidez, Ingerborg etxean egoten ginenean, argazki oso politak ateratzen ziren, sabai leiho eder bat zuelako, eta hortik argi natural asko sartzen zelako. Momentua ez zenean, leihoaren azpian zeuden besaulki batzuetan esertzen nintzen, Eduardo bere lanarekin eroso sentitu arte", azaldu du argazkilariak.

chillida-lanean

Chillida lanean

Jesus Uriarte

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2024ko Martxoaren 15etik
2024ko Ekainaren 30era


isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

itsasoaz-haraindiko-ikuspegiak

Itsasoaz haraindiko ikuspegiak

Patricia Phelps de Cisneros Bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 06tik
2027ko Urtarrilaren 21era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.