artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ingurua erretratatzeko hiru modu

Zarauzko Argazki Bilerak 31. aldia du. Argazkilaritza dokumentalari eta kontzeptualari egin diote lekua. Gaur egungo gizartearen kontsumo ereduaren hausnarketa eta Gernikako bonbardaketa ardatz hartu duten proiektuen erakusketak daude, besteak beste.

ingurua-erretratatzeko-hiru-modu
'3 minutes' erakusketako irudi batzuk, Zarauzko Photomuseumen. Arg/ GORKA RUBIO - FOKU

Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]
| 2024ko Apirilaren 12a

Argazkilaritza instanteak jasotzea dela diote; osotasunaren momentu txikiak jasotzea. Kamera esku artean, norberak momentuak jasotzeko era desberdinak ditu, begiradak baldintzatzen baitu zer une aukeratu. Batzuei, istante espontaneoak jasotzea gustatzen zaie, beste batzuei, ordea, une hori aurrez prestatua izatea gustatzen zaie; haren konposizio patxadaz sortuz. Denbora tarte horiek jasotzeko hiru modu erakusten ditu aurtengo Argazki Bilerak. Zarauzko (Gipuzkoa) hiru txokotan antolatu dituzte erakusketak: Sanz Enea kultur etxean, Torre Luzean eta Photomuseumen. Iaz 30 urte bete zituen egitasmoak; 31.a da aurtengoa.

Hiru erakusketa daude martxan orain. Bat: David Hornbacken 3 minutes (Hiru minutu), Photomuseumen, apirilaren 28ra arte egongo dena. Bi: Gernikako bonbardatzea ardatz hartuta, hamar argazkilari gasteiztarrek egindako lanak biltzen dituen Rügen, Sanz Enean, eta maiatzaren 26ra arte ikusi ahalko dena. Eta hiru: Marisa Di Santok Zarauzko merkatariei egindako erretratuak biltzen dituen Gertutasuna, Torre Luzean, maiatzaren 19ra arte ikusi ahalko dena.

Apirilaren 28tik aurrera, beste erakusketa bat ere zabalduko dute Photomuseumen: Euskaldunak Australian, hain zuzen. Maiatzaren 26ra arte bertaratu ahal izango da jendea laugarren erakusketa horretara.

'3 minutes' | Non: Photomuseumen. Noiz arte: Apirilaren 28ra arte

"Argazkigintza eta denbora eskutik helduta doaz", aipatu du Martxel Altuna Photomuseumeko zuzendariak. Hain zuzen, denborari buruzkoa da David Hornback argazkilariaren 3 Minutes proiektua. Argazki kamera zahar batekin hartu ditu erakusketarako irudiak; pertsonei egindako erretratuak denak. Kamera horrek esposizio denbora handia eskatzen du —hiru minutukoa zehazki—, eta, tarte horretan, erretratatutako pertsonei hausnartzeko aukera eman die. Eta hala azaldu du egileak: "Aurpegiek bere kontenplazioa, bere bakea, bere barne mugimendua islatzen dute".

Detaile txikiak agerian uzten dituzten irudi handiak dira nagusi aretoan, baina badira askoz txikiagoak ere. Postal tamainako argazkiak daude paretetako batean. Bata bestearen ondoan jarrita, mosaiko handi bat osatzen dute. Argazki horietako batzuk pertsona berari ateratakoak dira, eta segida moduko bat osatzen dute.

Argazkia ateratzeko behar izan dituen hiru minutu horietan erretratatutako pertsonek egindako hausnarketak ere bildu ditu Hornbackek, erakusketarako sortutako dokumental labur batean. Making of moduko bat proiektatzen da aretoko paretetako batean, eta bertan kontatzen dituzte pertsona erretratatuek euren gogoetak. Onartzen dutenez, batzuei luze egiten zaizkie hiru minutu horiek: tarte horretan auto baten gurpila alda dezakeela aipatzen du batek; eta kameraren aurrean lasai egoteko ahaleginak egin nahian ari da beste bat.

'Gertutasuna' | Non: Torre Luzean. Noiz arte: Maiatzaren 19ra arte.

Ez da zarauztarra, baina ia-ia; 20 urte daramatza-eta herrian. Marisa Di Santok "pasio" du argazkilaritza, eta, batez ere, jendeari erretratuak ateratzea du gustukoen: "Eroso dauden toki edo espazioetan argazkiak ateratzea da politena", esan du. Eta hori da Gertutasuna erakusketa, Zarauzko dendarien inguruko lan dokumentala; euren dendetan erretratatu dituelako herriko hainbat merkatari.

Erakusketa bat egiten amaitzeko inongo asmorik gabe hasi zen argazkiak ateratzen. Baina Photomuseumeko zuzendariarekin hitz egin, eta proiektu itxura emateko aukera ikusi zuten. "Jendeari argazkiak ateratzen hasi nintzenean konturatu nintzen, askorentzat Internet, eta bertatik egiten diren erosketak, izugarriko arazoa direla". Horregatik, jendea euren erosketa ohituren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi izan du erakusketarekin.

Guztira, 52 argazki daude Torre Luzeako aretoan; gehiago dauzka eginda, baina ez ditu erakusketan sartu. Zapata eta arropa dendak, ile apaindegiak, harategiak... denetarik dago. Irudimena erabiltzeko tartea ere izan duela kontatu du egileak, ez baitu dendaren "argazki soil bat" bakarrik atera nahi izan: "Nire adierazteko modua erakusten saiatu naiz argazki bakoitzean". Argazki gehiago egiten jarraitzea da Di Santoren asmoa, dendariei buruzko lan dokumentala delako.

Erakusketa irekita egon den lehen egunetan Torre Luzean izan da argazkilaria, eta jendearen iruzkinak jaso ahal izan ditu. Eta Photomuseumeko zuzendariaren ustez, herriko dendariei aurpegia jartzea da proiektuaren alderik esanguratsuenetako bat.

'Rügen' | Non: Sanz Enean. Noiz arte: Maiatzaren 26ra arte.

1937ko apirilaren 26an Gernika (Bizkaia) bonbardatu zuen Alemaniako Condor legioak. Rügen deitu zioten operazio hari. Bonbardaketako hegazkinetako batzuk Gasteizko Salburua auzoko aerodromo zaharretik abiatu ziren. Operazioaren izen bera du Sanz Enea kultur etxeko erakusketak; izan ere, gertaera hartatik abiatu dira Gasteizko hamar argazkilari, erakusketako argazkiak ateratzeko.

David Salcedok gidatzen du Taller 144 proiektua, eta espazio horretan biltzen diren hamar argazkilarik sortu dute erakusketa. Piko Zuluetak, besteak beste. Gasteiztarra da bera, baina ez zekien Gernikako bonbardaketako hegazkinetako batzuk Salburutik atera zirenik. "Hasieran, ez zitzaigun motibagarria iruditu auzoaren inguruko proiektu bat egin behar genuela jakitea, baina, behin datu hori jakinda, lanaren dinamika erabat aldatu zen".

Sei hilabetez auzoan argazkiak ateratzen aritu ziren hamar argazkilariak, eta, asteburu bateko egonaldiaren ostean, proiektuan erabiliko zituzten irudiak aukeratu zituzten. Hasieran, fanzine digital bat egitea pentsatu zuten, baina, lanaren osotasuna ikusita, egokiagoa iruditu zitzaien erakusketa bat egitea.

Zuluetak oroitu du hasieran literalagoak izan zirela argazkiak egiteko orduan; aerodromo zaharrari irudiak ateratzen zizkieten gehienbat. Proiektuak aurrera egin ahala, ordea, horrek zentzurik ez zuela ikusi zuten: "Auzoko gauza arruntak bonbardaketako elementuekin lotzen hasi ginen".

Sanz Enea kultur etxeko aretoan sartu orduko, erakusketaren azalpen labur bat, hori da testuingurua aipatzen duen elementu bakarra. Irudiak ez daude sinatuta, eta ez dute izenbururik ere. Argazkilariak kontatu du ikusleak gehiegi ez baldintzatzeko egindako hautu bat izan dela. Talde lana izanik, proiektuan parte hartutako kideek ez zuten talde izaera hori alde batera utzi nahi; hainbat argazkilariren lanak izanda ere, zentzu bera baitute. Irudi guztiek dute estetika bera, denak daude zuri-beltzean; eta tamaina berekoak dira. "Badirudi pertsona bakar batek egin dituela", esan du Zuluetak.


amaia-molinet

Amaia Molinet

Barriek zikloa

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Ekainaren 23tik
2026ko Irailaren 06ra

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 14tik
2026ko Abenduaren 31era

rosalind-nashashibiren-get-me-a-stone-erakusketa-jarri-dute-artium-museoan

Rosalind Nashashibiren 'Get Me A Stone' erakusketa jarri dute Artium Museoan

| 2026ko Ekainaren 15a

Erakusketan azken bost urteetan ekoiztutako margolan batzuk daude ikusgai, eta horrekin batera Occupation of The Inner Life (2026) filma. Artistak Gazako egungo egoerarekin duen inplikazio afektibo eta politikoa islatzen dute Get Me A Stone erakusketan bildutako lanek. Aita palestinarraren alaba, Nashashibik hainbat lan eskaini dizkio historian zehar era guztietako indarkeria jasan duen lurralde bati.

david-hockney-88-urterekin-hil-da

David Hockney 88 urterekin hil da

| 2026ko Ekainaren 12a

Ekainaren 12 honetan iragarritako Artista britainiarraren heriotzak pintura, argazkigintza, irudi inprimatu eta ukipen-pantailen arteko zatiketak gutxitan kontuan hartu dituen ibilbideari amaiera eman dio.

san-telmo-museoak-baltzune-eta-p-003687-obrak-aurkezten-ditu

San Telmo Museoak Baltzune eta P-003687 obrak aurkezten ditu

| 2026ko Ekainaren 12a

Tractora Koop. E.-ko kide diren Usue Arrieta Otaolaren Baltzune eta Ainara Elgoibarren P-003687 obrak 2026ko ekainaren 11tik aurrera urtebetez museoko dorreoian eta elizan ikusgai izango dira Museo Bikoitza programaren barruan.

louvre

Louvre

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 11a

Louvre museoko langileak greban omen daude. Xalbat Alzugarai [Berria egunkariko] kazetariak argitaratutako erreportaje luzean ondo baino hobeto deskribatu zuen munduko museo handienetako baten egoera penagarria.

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.