artekaria

Euskal Herriko
Arte Ataria

aktualitatea

Yoshitomo Nararen lehenengo bakarkako erakusketa Europako museo garrantzitsu batean

Nararen pertsonaiak, haren figurak eta animaliak, bere buruaren isla dira: haurtzaroko oroitzapenak, bizi-esperientziak eta musikaz, arteaz eta gizarteaz —Japoniakoaz zein atzerrikoaz— duen ezagutza ditu sormen-iturri.

yoshitomo-nararen-lehenengo-bakarkako-erakusketa-europako-museo-garrantzitsu-batean
Yoshitomo Nara Tobiu lanaren aurrean. Arg/ Yoshitomo Nara

| 2024ko Uztailaren 1a

Guggenheim Bilbao Museoak Yoshitomo Nara aurkezten du, 1997az geroztik Museoaren Babesle Estrategikoa den BBVA Fundazioaren babesaz antolatutako erakusketa. Atzerabegirakoak Yoshitomo Nararen mundu berezia erakusten eta aztertzen du. Gainera, bidaia batean barrena eramaten gaitu, artistaren sormenak, bere ideien sorburutik hasita, izan duen eboluzioan barrena. Erakusketa gaika antolatuta dago, ez hainbeste kronologikoki edo teknika eta materialen arabera, eta Nararen prozesu kontzeptualen eta formalen gaineko ikuspegia eskaintzen du. Azken lau hamarkadetan —1984tik 2024ra— egindako pintura, marrazki, eskultura eta instalazioen hautaketa zabalak enpatiaz erantzuten die artistak urteetan zehar aurkitu dituen pertsonei eta lekuei.

Nararen obrari museo garrantzitsu batean eskainitako lehen bakarkako erakusketa handia da, baita espainiar estatuan egingo zaion lehendabizikoa ere. Erakustaldia berariaz antolatuta dago Guggenheim Bilbao Museoaren erakustaretoetarako, eta handik Baden-Badenera eta Londresera eramango dute gero; horietan ere berariaz moldatuko dute guneetako bakoitzaren berezitasunetara.

Yoshitomo Nara (1959, Hirosaki, Aomori prefektura, Japonia) bere belaunaldiko artistarik ospetsuenetako bat da. Oso ezagunak dira egiten dituen haurren irudi bereziak, beren buru eta begi handi eta guzti mehatxagarri, desafiatzaile eta lotsagabe ageri ohi direnak, baina baita malenkoniatsu eta zalantzati ere.

Nararen pertsonaiak, haren irudiak eta animaliak, bere buruaren isla dira, bere pentsamendu eta emoziorik sakonenen irudikapena eta adierazpidea. Haurtzaroko oroitzapenak, bizi-esperientziak eta musikaz, arteaz eta gizarteaz —Japoniakoaz zein atzerrikoaz— duen ezagutza ditu sormen-iturri. Narari izugarri interesatzen zaio gizadia; hala, etxea, komunitatea, natura eta haien arteko interrelazioa bezalako kontzeptuak aztertzen eta txertatzen ditu bere lanetan.

Erakusketa gaika antolatuta dago, Nararen zehaztapenei jarraituz. Bere lanetan behin eta berriro agertzen diren motiboek —besteak beste, teilatu gorriko etxea, kimuak, putzua, kutxa, itsasontzi urdina eta basoa— agerian jartzen dute bere ibilbidean zehar pentsamendu-jarraitutasun bati eutsi diola, eta bere garapen estilistikoa nabarmentzeko ere balio dute. Narak margolaritzat du bere burua, baina gaietako bakoitza hainbat material eta formaturen bidez jorratzen du: marrazkia, eskultura eta instalazioa.

Nararen haurtzaroko oroitzapenak —isolamendu-sentipen kutsu handikoak—, atzerrira egindako bidaiak, Alemaniako egonaldia, eta artearen historiaz duen ezagutza sakona funtsezkoak dira haren lana ulertzeko. Bere jarduna biziki lotuta dago, baita ere, txikitan entzuten zuen musikarekin: Bob Dylan bezalako kantautore estatubatuarren folk abestiak, Vietnamgo gudaren garaian gerraren aurkako mezu inkonformistak eta eskubide zibilen mugimenduaren aldeko aldarria zabaltzen zutenak; blues doinu introspektibo eta malenkoniatsuak; eta Ingalaterratik eta Irlandatik iritsitako musika herrikoia. Atzerriko hizkuntzetan abestutako kanta haien letrak ulertu gabe, Narak zentzumenen bidez xurgatu zituen doinuak. Eta, diskoen azaleko irudietan sumatzen zuenarekin batera, bere modura ulertzen zuen Narak musika hura, emozio pertsonalez blaituta. Hori guztia punkaren edo new wavearen garaia baino askoz lehenago izan zen, nahiz eta gerora genero horiek ere hartu zituen artistak inspirazio-iturritzat. Musikaren bidez, Narak konektatu egin zuen gizadiarekiko eta komunitatearekiko begirunearekin eta askatasun-senarekin.

1980ko otsailean, hogei urteko ikaslea zela, Nara lehen aldiz etorri zen Europara. Bidaian, Goi Erdi Aroko eta Errenazimentuko margolanak ikusi ahal izan zituen aurrez aurre —gai biblikoak eta narratiba erlijiosoak irudikatzen zituztenak—, baita Europako maisu modernoen lanak ere. Obra haien aurrean, erakarpen emozional izugarria sentitu zuen Narak; are gehiago, halako iratzartze espiritual bat nabaritu zuten bere baitan. Asko ikasi zuen inpresionismotik, espresionismotik eta Parisko Eskolarekin lotutako artisten lanetik. Sortzaile haien filosofiak, espiritualtasunak eta teknikek bultzatuta, bestelako argitan berrikusi zuen ordura arte ikasitako guztia. Nararen beraren hitzetan: "Japonia utzi ondoren, konturatu nintzen gauzak guztiz desberdin ikusten direla Fuji menditik eta Everest menditik".

1983an bigarren aldiz etorri zen Europara, eta bidaia hark ere eragin handia izan zuen artistarengan. Urte batzuk geroago, 1987an, Aichi prefekturako Arte Unibertsitatean graduatu ondoren, Alemaniara joatea erabaki zuen Kunstakademie Düsseldorfen ikastera. Garai hura garrantzi handikoa izan zen Nararen garapen pertsonal eta artistikorako. Alemanieraz hitz egiteko gai ez zela ikusita, kontzienteki itzuli zen bere haurtzaroko bakardadera, eta horrek bere artearen bidez komunikatzeko zuen beharraz jabetzea ekarri zion.

Kunstakademien, Narak Alemaniako neoespresionismoaren defendatzaile nagusietako batekin ikasi zuen, A. R. Penck artistarekin, hain zuzen. Pencken eragina bistakoa zen jada Nararen hurbilketa formalean — pintzelkada soltez eta kolore bizi eta distiratsuak erabiliz zakarki margotutako figurak—, baita bere iruditerian ere, Egin bidea, jarraitu bidea (Make the Road, Follow the Road, 1990) lanean ikusten den bezala. Margolan horretan, mundutartasuna eta espiritualtasuna uztartu eta mitologia erabat pertsonala eratu zuen. Nararen aldi hartako margolanen eta marrazkien artean disonantzia bat zegoela ikusi zuen Penckek, eta bi praktikak bateratzeko aholkatu zion. Horrek Nararen konposizio narratiboak fintzea ekarri zuen, eta artista lan estilizatuagoak, bikainagoak eta emozionalki zuzenagoak sortzen hasi zen horrela. Obra horiek aitortza lortu zuten Europako artearen munduan beren indibidualtasunari eta berezitasunari esker. Begirada desafiatzaileko begi handiz irudikatutako haurrak Nararen bereizgarri bihurtu ziren.

Kunstakademie Düsseldorfen pinturako espezialitatean masterra lortu ondoren, Nara Koloniara joan zen, eta han bizi izan zen 1994tik 2000ra. Koloniako egonaldi hartan, bakarkako hainbat erakusketa egin zituen, eta taldeko erakusketetan ere parte hartu zuen Europa osoan. Bere lanen salmentari esker bizimodua ateratzea lortu zuen, eta horrek aukera eman zion bete-betean ekoizpen artistikoan aritzeko. Gai berriak jorratzen hasi zen, eta horren erakusle dira, besteak beste, Hazizurriak (Mumps) eta Txakurtxo abandonatua (Abandoned Puppy) lanak; lehenak haur bat irudikatzen du, aurpegia buru gainean korapiloz lotutako bendaz bilduta duela; bigarrenak, aldiz, txakurtxoz mozorrotutako ume bat erakusten du.

Batzuetan, bi haurrak kutxa baten barruan agertzen dira; kutxa aterpearen eta babesaren sinbolo da Nararentzat.

1995ean, Narak bere lehen erakusketa indibiduala egin zuen Estatu Batuetan, eta ohi baino publiko zabalagoaren arreta erakarri zuen. Kritikariek bere obraren garraztasun aztoragarria nabarmendu zuten. Hiru urte geroago, Kaliforniako Unibertsitateak pinturako irakasle gonbidatu izatea proposatu zion. Hiru hilabetez, Takashi Murakami artista japoniarrarekin batera aritu zen bertako pintura-sailean eta, harreman haren ondorioz, Murakamik 2000. urtean antolatutako hainbat erakusketatan parte hartu zuen. Nararen artelanak Ipar Amerikako bildumetan sartzen hasi ziren: Gauean esna (eserita) [Sleepless Night (Sitting), 1997], esaterako, Rubell familia-bildumak eskuratu zuen.

Hamabi urtez Alemanian bizi ondoren, 2000an Japoniara itzultzea erabaki zuen Narak. Hurrengo urtean bakarkako erakusketa handi bat eskaini zioten Yokohamako Arte Museoan: I DON'T MIND, IF YOU FORGET ME. Erakusketa herrialdeko beste bost lekutara eraman zuten, besteak beste bere jaioterriko, hau da, Hirosakiko Yoshii Brick Brew Housera. Hala, Japoniako artista gailen eta ezagunenetakoa bihurtu zen Nara. Ikusgai jarritako lanen artean zegoen Hiltzeko gazteegi (Too Young to Die, 2001), plater itxurako margolan biribil bat, Nararen pertsonaia arketipikoetako bat zigarroa erretzen irudikatzen duena tondo errenazentista bat gogorarazten duen konposizio baten baitan.

2011ko martxoaren 11n Japoniak hainbat hondamendi jasan zituen aldi berean: herrialdearen ekialdea astindu zuen lurrikara handi bat, haren ondoriozko tsunamia eta Fukushima Daiichi zentral elektrikoko istripu nuklearra. Naturaren ahalmenak eragindako suntsipenaren handitasunak bizitza aldatu zion Narari. Kaltetuek jasandako galera izugarria eta haien oinazea ikusita, artista gisa zeukan egitekoa berraztertzeko beharra sentitu zuen, eta Tohoku eskualdera bideratu zuen arreta, bertan hazia baitzen. Konturatu zen, Tokio bezalako hiri handien izugarrizko eskakizunen aldean, landa-eremuak galtzen ateratzen zirela bai ekonomikoki bai kulturalki, eta komunitatean oinarritutako tokian tokiko proiektu artistikoei ekitea erabaki zuen.

Nararen lengoaia piktorikoa munduaren ikuspegi berri bat islatzen hasi zen harrezkero. Aire-erasoentzako babeslekutik (From the Bomb Shelter, 2017) lanak, esaterako, haur bat erakusten du lurpeko bunker batetik irteten saiatzen. Kolore bakarreko irudi horrek Nararen motibo iraunkorrenetako biren jarraitutasuna eta garapena erakusten ditu: kutxarena eta —putzu baten bidez, eremu kolektiboari lotutako atari batean sartzen den— figura murgilduarena. Aire-erasoentzako babeslekutik Hideo Sekigawa zuzendariaren Hiroshima (1953) filmean inspiratuta dago, eta filma bera, berriz, Children of the A-Bomb (1951) best- sellerrean oinarrituta dago. Liburuak Hiroshimako bonbardaketatik bizirik irtendako eskola-umeen zuzeneko kontakizunak biltzen ditu.

Antzeko ziurgabetasun-sentsazioa eragiten dute Blankey (2012) eta berriki egindako Gauerdiko malkoak (Midnight Tears, 2023) lanek ere. Horietan, haurrek itxura etereoa dute; kolore desberdinetako pintura- ukitu zatikatuekin margotuta daude, aurreko lanetako kolore-eremu solidoetatik urrun. Beren aho horizontal itxiek ezer gutxi ematen dute aditzera —aurreko lanetan muzin-keinuz edo ertzak zertxobait igota ia irribarrez agertzen ziren ezpain haien arrastorik ere ez orain—; malkoz betetako begiek, ordea, emozio sakona erakusten dute.

Erakusketa honek Narak Europara egin zuen bigarren bidaiatik gaur arte igarotako berrogei urteak biltzen ditu. Agerian jartzen du Hirosakitik alde egin izana eta Japoniatik kanpo emandako denbora funtsezkoak eta beharrezkoak izan zirela Nararentzat, eta tresnak eskaini zizkiotela artista gisa duen egitekoa birpentsatzeko eta Japoniako komunitateekin, jendearekin eta naturarekin duen harremana berriro aztertzeko: "Azkenean sentitu nuen dagoeneko baneukala ordura arte falta izan zitzaidan hura, nolabait esatearren, behar nezakeen edozer esku-eskura neukala, eta hiriburutik urrun bizitzeko gai nintzela. Hala ere, uste dut horren beharra nuela, hau da, denbora batez jaioterritik aldentzeko beharra, hori dena ulertu ahal izateko".

yoshitomo-nara

Yoshitomo Nara

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2024ko Ekainaren 28tik
2024ko Azaroaren 03ra


sirenak

Sirenak

Casey Larae

Okendo Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

2024ko Ekainaren 27tik
2024ko Agorrilaren 23ra

argi-itzalak

Argi Itzalak

Jose Ramon Anda

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2024ko Maiatzaren 17tik
2025eko Martxoaren 23ra

makurtu

Makurtu

Xare Álvarez Berakoetxea

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2024ko Maiatzaren 25etik
2024ko Agorrilaren 24ra

conchita

Conchita

Rodrigo Hernandez

CarrerasMugica (Bilbo, Bizkaia)

2024ko Maiatzaren 17tik
2024ko Uztailaren 30era

bi-egun-gernikan

Bi egun Gernikan

Eka. 27 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Gernika eta Gernikei buruzko kongresuan egon gara bi egun oso izen bereko herrian. Gertakizun historikoa eta horrek eragin zituen ondorioak aztertu ditugu kongresu akademikoan. Gernika sinbolismo handiko herria zen gerra zibila hasi baino lehen, baina bonbardaketaren ondoren beste kutsu batzuk hartu zituen.

gauden-tokitik-toki-berriak

Gauden tokitik, toki berriak

Eka. 27 | Elena Olave [BERRIA.eus]

'-n, -z, -tik, -rantz' | Artista: Jose Angel Lasa. | Non: Bermeoko Frantziskotarren klaustroan. | Noiz arte: Urriaren 31ra arte.

sota-familia-artea-eta-mezenasgoa

Sota familia. Artea eta mezenasgoa

Eka. 22 | Arte Ederren Bilboko museoa

Ramón de la Sota y Llanok antzinako eta garai modernoko arte-bilduma bikain bat egin zuen, eta bere bi egoitzetan banatu zuen kronologikoki: antzinako artea Bilboko Ibaigane Jauregian –Athletic Cluben egoitza 1988tik–, eta arte modernoa Lertegin zeukan egoitzan, hurbileko Getxoko udalerrian. Horren haritik Arte Ederren Bilboko museoan jarritako erakusketa urrira arte ikusgai izanen da.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.