artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar: "Autoretza artearen parte bat baino ez da"

Artistek jadanik martxan zituzten elkarlanei forma egituratuago bat emateko sortu zuten Tractora kooperatiba, 2013an, eta hamarkada pasako lan hori aitortu diete orain Gure Artea sariarekin.

usue-arrieta-eta-ainara-elgoibar-autoretza-artearen-parte-bat-baino-ez-da
Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar Tractora kooperatibako kideak. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

2024ko Urriaren 3a | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Ibai baten eta bihurkin baten arteko zer edo zer da Tractora kooperatiba. Artisten behar jakin batzuei erantzuteko sortutako erreminta bat da, batetik, eta, horrenbestez, baita etengabeko jarioan egoeraren arabera egokituz doan zerbait ere. 2013an jarri zuten martxan, eta, besteak beste, artisten artean jadanik martxan ziren elkarlanak formalizatzea izan zen hasierako helburua. Ainara Elgoibar (Mungia, Bizkaia, 1975) eta Usue Arrieta (Arrasate, Gipuzkoa, 1979) dira haren aurpegirik ezagunenak, baina, haiek ez ezik, Marc Vives eta Vicente Vazquez artistek ere jarri zuten abian proiektua, eta Nader Koochaki ere gehitu zitzaien gero. Gure Artea sariarekin aitortu diote orain hamarkada bete baino gehiagoz egindako lan hori.

Kamioilariei hartu zenieten kooperatiba proiektua hasieran, esana duzuenez hori zelako eskura zenuten eredurik malguena. Berdin jarraitzen duzue edo jadanik errazagoa da zer egiten duzuen zehaztea?

USUE ARRIETA: Kooperatiba muntatzea erabaki genuenean ereduak bilatu behar izan genituen, inguruan ez geneukalako artisten kooperatiben eredu argirik. Asmatu egin behar izan genuen. Kooperatiben legedira jo genuen, eta kooperatiben munduan zebilen jendeari ere eskatu genion aholkua, eta horrela konturatu ginen kamioilariek erabiltzen zuten zerbitzu kooperatiba eredua zela hoberen etortzen zitzaigun forma estatutarioa.

Malgua zelako?

ARRIETA: Malgua delako, bai.

Eta balio dizue oraindik?

ARRIETA: Gaur egun lan kooperatiba bat gara. Eraldatu egin gara. Baina Tractora ez da inoiz izan zer edo zer finkoa, beti izan da erreminta bat, eraldatu egin duguna momentu bakoitzeko beharren, gustuen eta desiren arabera. Eta nik uste dut Tractorak ere gu geu asko eraldatu gaituela.

Eta orain ohikoagoak dira, beraz, artisten kooperatibak?

ARRIETA: Gehienbat Ingalaterran eta AEBetan 1960ko eta 1970eko hamarkadetan eratutako kooperatiben ereduak geneuzkan: London Film Coop, New York Film Coop, Artist Placement Group APG... Eta, horiez gainera, adibidez, nik umetatik ezagutu dut Arrasateko kooperatiben eredua. Bi beso horiek geneuzkan, eta hortik joan ginen inbentatzen. Ez dugu izan hurbileko eredurik.

Bost hamarkadako aldea dago 1970etik 2013ra.

ARRIETA: Bai, baina orduko behar batzuk gaur egun ere berdin mantentzen dira.

Elkartzeko beharra, esaterako?

ARRIETA: Elkartzeko beharra, adibidez. Eta medioak eta baliabideak konpartitzeko beharra ere bai. Ze, adibidez, Tractoraren hasierako kapitala gure ekipamenduak izan ziren, ez geneukalako enpresarik muntatzeko dirurik, eta, horregatik, tresneria hori tasatu, eta hori eman genion kooperatibari kapital bezala. Eta, beraz, bai, tresna bat da, eta tresnaz osatu zen. Eta, geroztik, adibidez, guztion artean ordaindu ditugu guztiok erabiltzeko zerbitzuak ere. Aholkularitza juridikoa edo kontu aholkularitza, esaterako. Bakoitzak bere aholkularia ordaintzea garestia da, baina guztion artean ez hainbeste. Oso modu xumean hasi zen Tractora, behar oso oinarrizkoei erantzuteko, bai eta gure artean jada martxan ziren elkarlanak formalizatzeko ere. Eta, azkenik, gure ekoizpen medioak gure gain hartzea izan da azken lan ildoa.

Adibidez?

ARRIETA: Erakusketak egiteko orduan, adibidez. Normalean, erakusketa bat egiten duzunean, bi diru sail egoten dira: ekoizpenen diru sail bat, batetik, eta ordainsarien diru sail bat, bestetik. Baina bideoak egiten badituzu, demagun, bideoa editatzeko, edo soinua zuzenean grabatzeko norbait kontratatzen baduzu, hori ekoizpen lantzat hartzen da, baina lan hori artistak berak egiten badu, orduan ez. Tractora tresna bat izan da beti gure lana lan bilakatzeko. Azken finean, artearen historiaren XX. mendeko bigarren hamarkadan lan handia egin zen artea desmaterializatzeko, eta horrek gauza onak ekarri ditu, baina gauza txarrak ere bai. Eta hor badago ikuspegi, nahi baduzu, marxistago bat, ekoizpen medioak berreskuratzekoa. Modu oso sinplean hori dena.

Ekintzatik abiatuta, alegia.

ARRIETA: Guk artearen material moduan hartu ditugu elementu horiek guztiak. Artea badelako erakusketa aretoan jartzen dituzun artelanen materialtasuna, baina baita erakusketa aretoaren beraren materialtasuna bera ere. Artearekin erlazioa du horrek ere. Artelanaren ekoizpenak markak uzten ditu artelanetan. Guk hori oso argi izan dugu hasieratik, pixkanaka autonomia handiagoa edukitzeko. Artelanak nahi ditugun bezala egiteko, eta, horri esker, interesa duen jende gehiago hurbildu da.

AINARA ELGOIBAR: Eta tresnek definitzen dute egiteko modu bat ere. Tresna eraikitzen duzu, eta tresnak eraikitzen zaitu zu, eta zuk berriro ere tresna aldatzen duzu,... iterazioa deitzen zaio horri matematiketan.

Hainbat proiektu dituzue martxan oraintxe. Esate baterako, duela hiru urte jarri zenuten martxan Atoi espazioa. Egonkortu da proposamena?

ELGOIBAR: Eraldatzen doa hau.

ARRIETA: Egonkortasuna, gainera, artearen esparruan... puf... Asko esatea da hori. Uste dut aitortza egon badagoela, baina aitortza hori babesteko babes egonkorrik ez dago, eta arte esperimentaletan lan egitea ez da erraza. Arrisku handiko proiektuak dira, eta babesa behar dute.

Eta Atoi ere ezegonkortasun horretan dago, beraz. Orain, bada izan, baina izan liteke izateari uztea ere?

ELGOIBAR: Izan liteke. Ez da gaur izango, ez da datorren urtean izango, beharbada, baina hiru urterako egonkortasun ekonomikorik, adibidez, ez daukagu.

ARRIETA: Urtero gaude datorren urtean zapalduko dugun zorua marrazten. Horrela funtzionatzen du.

Eta hala izan behar luke?

ARRIETA: Kalitate aitortua daukaten egiturek babes serioagoa edukitzea litzateke desiragarria, haien bizimodua egonkortzeko.

ELGOIBAR: Badaude laguntzak, baina indartu behar lirateke laguntza horiek.

ARRIETA: Ze hor badago galdu egiten den indar bat. Proiektuek oso modu boluntarioan funtzionatzen dute. Proiektu asko muntatu egiten dira eta gero galdu egiten dira. Eta horrelakoetan bidean egin den lan guztia ere galdu egiten da.

ELGOIBAR: Deuseztatzen den zer edo zer egiteak esfortzu handia dakar. Proiektuek jarraipena badute, errazagoa da.

ARRIETA: Urtero egiten zaie aitortza artearen esparruan egiten diren gauzarik esanguratsuenei, baina aitortza hori ez dago lotuta luze gabe egonkortasuna lortzearekin, eta hori desiragarria litzateke. Horrek ekarriko lioke asko euskal testuinguruari.

Nola bizi duzue proiektuak sustatzearen eta zeuen proiektu propioak garatzearen arteko harremana?

ELGOIBAR: Artistak gara eta guk artearen esparruan egiten dugu lan oraindino.

Akaso ez duzue kezkatzat ere?

ARRIETA: Autoretza artearen parte bat baino ez da. Modernitateaz geroztik horrek errelebantzia itzela hartu du arte plastikoen esparruan, eta badirudi hor jokatzen dela dena. Baina artea, eta artean lan egitea, autoretza baino askoz ere gehiago da.

Eta, halere, badirudi munduak autoretzaren aldera egiten jarraitzen duela. Pertsonalismorantz.

ELGOIBAR: Baina ez bakarrik artean.

ARRIETA: Gaur egun identifikazio makina oso eraginkorra behar dugulako ere bada hori. Oso arin ulertu behar duzu musika hau edo bestea zer musika mota den, zer pelikula mota den hau edo bestea. Ea noir terror creep den edo beste edozer. Nola informazio asko dagoen eskuragarri, azkenean, izenena nabigazio kontu bat da, eta diskriminatu egin behar duzu, ze potentzialki dena dago zure eskutan, baina ez daukagu ahalmenik dena jasotzeko. Behar dugu horren sintesi bat, eta sintesi bat, eta sintesi bat, dena etiketetara eramaten dugun arte. Horrek laguntzen digu aldiberekotasunen mundu honetan nabigatzen. Baina hori da prozesuaren parte bat, eta museoen atarian ikusten duzun izen handi horrek ez du bere burua horretaz soilik elikatzen: egon behar dira inguruan beste gauza batzuk informeagoak.

Artista bat ezagun bilaka daiteke bakarrik izena edo forma ematen diolako inguruan dagoen zer edo zer informe bati: sentsazio bati, argi mota bati, bi gauzaren arteko erlazio bati. Izendatu egiten du hori, edo seinalatu egiten du, edo mugatu, edo lehenengo planoan jarri. Hortaz, artistak beti ari gara informe horretan mugitzen, eta hor mugitu behar gara, ze hortik aterako da oraindik esatear dagoena, oraindik ulertzear dagoena, oraindik kontabilizatzear dagoen, edo onartzear dagoena. Jada ulertzen badugu eta jada etiketa zehatz bat badu, hori ez da artearen esparrua. Hitz totel horretan dago artea. Oraindik hizkuntzarik ez daukan horretan. Oraindik azpiegitura ez daukan horretan. Hor dago. Horrek laguntzen dit niri artean jarraitzen.

Hemendik hamar urtera proiektua nola ikusten duzue?

ARRIETA: Belaunaldi berri batekin.

ELGOIBAR: Gustatuko litzaiguke jende gazteagoaren eskuetan geratzea.

Eta badago errelebo hori?

ARRIETA: Bagoaz eraikitzen, pausoz pauso. Ez pentsa, e, normalean buruan sartzen zaizkigun gauzak aurrera ateratzen ditugu.

TRACTORAREN BOST PROIEKTU

  • Atoi: 2021eko ekaineko azken astean zabaldu zituen ateak Atoi espazioak Bilboko Iparragirre kaleko 66. zenbakian. 40 metro koadroko hiru solairu ditu; proiekzio gune bat sotoan, erakusketa gunea beheko solairuan, eta, lehen solairuan, Tractora kooperatibako artisten estudioa.
  • Foku: Atoi guneko erakusketa programa da Foku. Testuinguruan esanguratsuak diren artisten lanak erakusteko sortu zuten programa, eta, lan berriak ez ezik, euren ibilbidea sakonki arakatzeko gonbidapena ere egiten diete artistei. Leire Lakuntza artistaren argi interbentzio bat jarriko dute hurrengo.
  • Kinu: Denbora ardatz modura daukaten praktika artistikoei buruzko elkarlaneko ikastaro programa bat da Kinu. 2019an jarri zuten abian, eta aurtengo otsailetik apirilera bitarte egin dute azkena, Ibon Aranberri artistarekin. Hurrengo artista zein izango den erabakitzen ari dira orain.
  • Sistema Eragilea: Artistei beren argitalpenak deskribatzeko eta sarean katalogatzeko aukera ematen dien plataforma digitala da Sistema Eragilea. Sortzaileek egindako zerrendekin ez ezik, beste hainbat funts bibliografikotan katalogaturik dauden argitalpen-erregistroak ere hartzen ditu. Euskal Herriko esparru artistikoan dagoen argitaratze ekoizpena kartografiatzeko balio du.
  • -zko: Artearen eta bestelako ezagutza diziplinetan sortutako lanak argitaratzeko sortutako argitaletxea da -zko. Aurten Gertrude Stein idazlearen poema esperimental bat emango dute argitara, Idoia Zabaletaren hitzaurrearekin eta Danele Sarriugartek eta Ane Garciak egindako itzulpenarekin.

ur-handiak

Ur Handiak

Pablo Ugartetxea

Cristina Enea fundazioa (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Abenduaren 19tik
2026ko Martxoaren 15era

Woburn Walk

Sylvano Bussotti

Champ Lacombe galeria (Biarritz, Lapurdi)

2026ko Urtarrilaren 16tik
2026ko Martxoaren 07ra

gipuzkoa-begiragarria

Gipuzkoa begiragarria

Erakusketa kolektiboa

Kutxa Kultur Artegunea (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Azaroaren 21etik
2026ko Martxoaren 01era

ukitu

Ukitu

Maider López

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Urriaren 24tik
2026ko Otsailaren 07ra

situ-akzioak

Situ-akzioak

Andrea Canepa

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 26tik
2026ko Uztailaren 19ra

jose-antonio-azpilikuetaren-edward-hopperrak

Jose Antonio Azpilikuetaren Edward Hopperrak

Ots. 04 | Iñigo Astiz [BERRIA.eus]

Euskal artistak Hopperren lanetan oinarrituta sortutako hamabi grabatu bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak ‘After Hopper' erakusketan. Jose Ignacio Olabe arte editoreak egindako enkargu baten emaitza da bilduma.

arte-galeriek-atea-itxiko-diote-21eko-bezari

Arte galeriek atea itxiko diote %21eko BEZari

Ots. 02 | Amaia Jimenez Larrea [BERRIA.eus]

Gaurtik larunbatera bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat arte galeria itxi egingo dituzte, Espainiako Gobernuak artelanen salmentarako ezarritako %21eko BEZaren aurka protesta egiteko. Aspalditik dator zerga jaisteko eskaria; 2012an igo zuten.

strong-back-soft-front-egunerokotasunaren-behaketari-buruzko-hausnarketa-artistikoa

Strong Back, Soft Front" egunerokotasunaren behaketari buruzko hausnarketa artistikoa

| 2026ko Urtarrilaren 30a

Maite González Martínez artistaren bakarkako erakusketak, Iñigo Villafranca Apesteguia komisario duela, gelditzeko eta ingurunea begirada lasai eta hurbiletik behatzeko proposamena egiten du. Erakusketa Tabakalerako komisariotza egonaldi deialdiaren emaitza da; bertako komisario eta artistei laguntzea du helburu.

poesiarik-ez-behintzat

Poesiarik ez behintzat

Urt. 29 | Garazi Ansa [BERRIA.eus]

Moon poem | Artista: Oscar Tuazon. | Lekua: Cibrian galeria (Donostia). | Noiz arte: urtarrilaren 31ra arte.

elkarketa-ala-murrizketa

Elkarketa ala murrizketa

Urt. 29 | Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]

Iazko abenduaren 15ean, Bilbo Arte eta Azkuna zentroa elkartzeko erabakia hartu zuen Bilboko Udalak. Abenduaren erdiko bi asteak eztabaida publikorik gabe hartutako erabakiak oihartzun gutxirekin pasatzeko erabiltzen dira...

estetizidioa

Estetizidioa

Urt. 22 | Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau.

ideologien-beldurrik-bai

Ideologien beldurrik bai?

Urt. 22 | Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]

Lurrak ez du jaberik izango | Artista: Marwa Arsanios. | Tokia: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: apirilaren 12ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.