artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta izango dira San Telmoren Museo Bikoitzarako hurrengo artistak

Maddi Barber artistak Tractora kooperatibako bi kideak aukeratu ditu programan bere ondoren aritzeko

ainara-elgoibar-eta-usue-arrieta-izango-dira-san-telmoren-museo-bikoitzarako-hurrengo-artistak

| 2024ko Urriaren 11a

San Telmo Museoak iragarri du Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatuak Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar direla, Maddi Barber-ek hala hautatuta. Bi artista hauek Tractora kooperatibako kide dira, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa sortutako proiektua.

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Maddi Barber artistak hautatu ditu Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko.

Honela azaltzen du Maddi Barberrek bere aukeraketa: "Museo Bikoitza proiektuko hurrengo artistentzako gonbidapenari heltzerakoan, bai hasiera batean intuitiboki, bai hausnarketa sakon baten ondoren, argi izan nuen nire aukera Tractora Koop. E. artisten kooperatibako Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta izango zirela.

Museo Bikoitza proiektuak urtero gonbidatzen ditu artistak "San Telmo gizarte museoaren kontakizuna berrinterpretatzea, deszentratzea, konplexuagotzea edo kritikoki aztertzea" proposatzen duten obrak sortzera (Asier Mendizabalek proiektuaren oinarrietan zehazten duen bezala). Gogoeta hori hiru ardatzetan zentratu daiteke: bilduma, museografia eta/edo testuingurua eta historia. Nire ustez, Usuek eta Ainarak azken urteotan egindako lana bat dator Museo Bikoitza proiektuaren ikuspegiekin.

Ainararen eta Usueren lanak lotura estua du gertuko testuinguruarekin eta lurraldeko kultura adierazpenekin, industria, paisaia, kirola eta aisia bezalako alderdiak jorratuz. Askotan, artxiboetan edo bildumetan iraupen luzeko ikerketa egiten du, eta hainbat formatutan gauzatzen da: erakusketak, bideoak, performanceak eta argitalpenak.

Geldi (2011-2017, Usue Arrieta & Vicente Vázquez) bezalako lanetan, euskal kultura industrialean barneratzen gaituzte, lanaren esparru tradizionala gainditu eta bizitzaren dimentsio sortzaile, herrikoi eta kolektiboa inbaditzen duen ikuspegi batetik; Ainara Elgoibarren beste proiektu zinematografiko batzuetan, U-Glas (2016) edo Gold 20 (2013), aldiz, beira fabrikatzeko prozesuak pertzepzio estetikoa eta zinematikoa lantzen du lurraldeko ondare industrialari buruzko ikerketarekin.

Ainara Elgoibarrek eta Usue Arrietak hamar urtez baino gehiagoz kolaboratu dute elkarrekin, Tractora Koop. E. artista kooperatibaren bitartez, aurten bere jarduera aitortzeko Gure Artea saria jaso duen elkartea. Kooperatiba bere bazkideen proiektu artistikoak sortzen, ekoizten eta banatzen laguntzeko erakunde gisa sortu zen, baita haren gertuko pertsonen ekimenetan laguntzeko ere. Existitzen diren lankidetza-harremanak formalizatzeko espazio gisa funtzionatu du, eta izaera askotako proiektu artistikoak ekoizteko motor gisa. Museo Bikoitzaren gonbidapenaz ari garela, artista gonbidatuak Ainara eta Usue badira ere, kooperatibak bere gain hartuko du ondoriozko obraren ekoizlearen rola. Testuinguru horretan, garrantzitsua da ekoizpen tresna nabarmentzea, San Telmo Museoaren izaera dual eta historikoki konplexuarekin harremantzen baita. San Telmok Arte Ederren museo eta museo etnografiko gisa jarduten du, eta artelanak nahiz erreminta eta tresna etnografikoak biltzen ditu.

Clémentine Deliss kultur historialariak bilduma ilogiko eta probokatzaileak egitea proposatzen du Museo metabolikoan, elkarren artean aurrez aurre jartzen diren objektuak erabiliz eta interpretazio berriak eta ustekabekoak sortuz. Ainara eta Usue gonbidatzen ditut, San Telmori eta bere bildumei egindako begiradak egingo duten proiektuaren bidez ikertzeko espazioak eraiki eta museo barruan zein kanpoan ustekabeko loturak sor ditzaten."

Ainara Elgoibar eta Usue Arrietaren biografia labur bana

Usue Arrieta (Arrasate, 1979) 2002tik dabil ikusizko arteen eta zinemaren alorretan lanak sortu, ekoiztu eta plazaratzen. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Arte ekoizpenean Masterra du Valentziako Unibertsitate Politeknikoan. Bere ikus-entzunezko lanak instituzio publiko zein pribatuetan erakutsi dira, Miró Fundazioa, Tàpies Fundazioa, Centro de Arte Dos de Mayo, Musac edo San Telmo Museoan, besteak beste. Zinema jaialdietan ere erakutsi dira nazioarte mailan.

Bere artelanak bilduma publiko zein pribatuetan daude estatu mailan, la Caixa Fundazioa, Centro Galego de Arte Contemporáneo eta Bilbaoarten besteak beste. 2013an X Films saria jaso zuen Punto de Vista Nazioarteko Dokumental Jaialdian.

2013an Tractora Koop. E. artisten kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, Bilbon. 2016ean New Yorkeko Anthology Film Archiven bere lanen atzerabegirako bat programatu zuten. Tractora ekoiztetxearen baitan lanean diharduela, 2018an landa lan eta edizio esperimentalean oinarritutako artisten liburuak plazaratzeko asmoz -zko argitaletxea sortu zuen Nader Koochaki eta Vicente Vázquezekin elkarlanean eta 2019an Ainara Elgoibarrekin batera Kinu Lantaldea eratu zuen, artisten zineman oinarria duen hiruhileko nazioarteko programazio eta autoformazio plataforma bat. 2020az geroztik Atoi izeneko arte espazioa gobernatzen du Ainara Elgoibarrekin batera.

Ainara Elgoibar (Mungia, 1975) artista da. LADEn lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Arte Ederretan Bartzelonako Unibertsitatean; han ere doktoratu zen 2019an. Tractora artisten kooperatibaren bazkide sortzailea, Usue Arrietarekin batera zuzentzen du /kudeatzen du Atoi espazioa, Tractorak bultzatua, Bilbon. Bere lanean nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoa. Bere filmak erakusketa testuinguruetan erakutsi dira (Fundació Tàpies, Macba, Artium Museoa, La Capella eta Carreras Múgica, besteak beste) eta zinema jaialditan (Zinebi, Punto de Vista, Curtocircuíto, Intersección eta Kasseler DokFest, besteak beste). Bere lanak Bilbao Museoko, Artium Museoko, Guasch-Coranty Fundazioko eta Bilbaoarteko bildumetan daude.

Museo Bikoitza programa

2018an jarri zuen martxan San Telmo Museoak Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku-hartzeen programa bat da urtero gonbidatutako artista batek egiten duena, eta museoarekin lotuta lan egiten du artista horrek proiektu berri baten produkzioan. Lan horren emaitza denbora batez egoten da erakusketa programaren barruan, eta azkenik museoaren arte bildumari gehitzen zaio, egungo une bakoitza San Telmoko bildumaren ondarera eta kontakizunera gehitzeko premia adieraziz, premia hori ordeztu gabe, betiere.

Programa honen metodologiaren arabera, artista bakoitzak, gutxi gorabehera 6 hilabete ditu ikerketarako eta proposamena aurkezteko, eta beste horrenbeste proiektua gauzatzeko. Amaitutako proiektua museoan instalatzen da, egungo ibilbide museografikoaren barruan edo adostutako gune batean, eta proiektua jendaurrean erakusten den urtean, hurrengo edizioko artista hautatu eta lan koordinazioaren konpromisoak bere gain hartzen ditu gonbidatutako pertsonak. Proiektuaren erakustaldi publikoa amaitutakoan, museoaren bilduman txertatzen da produzitutako obra.

Asier Mendizabalek, proiektuaren ideiaren sortzaileak, gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Aranberrik lekukoa Erlea Maneros Zabalari eman zion eta honek Jose Mari Zabalari. Zabalaren ondoren Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean Museo Bikoitza programan eta jarraian Hinrich Sachs. Honen lana urriaren bukaera arte izango da ikusgai museoan, eta bere erreleboa hartutako Maddi Barberren lana aurkeztuko dugu azaroan, azken urtean lanean aritu ondoren. Orain, Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar hasiko dira lanean.


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

bertopaketak

Bertopaketak

Anton Hurtado

Juan Manuel Lumbreras (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Urriaren 23ra

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 18a

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 16a

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 2026ko Urriaren 15a

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 14a

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.