artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Felix Beristain hil da, azken euskal margolari kostunbrista

Gaur goizean hil da Felix Beristain Amallobieta margolari ondarroarra, 87 urtetan. Euskal kostunbrismoaren azken ikurra izan da, baina bestelako estilorik ere landu du. Ondarroa (Bizkaia) eta bertako biztanleak sarrien mihiseratu dituen margolaria da.

felix-beristain-hil-da-azken-euskal-margolari-kostunbrista
Felix Beristain. BUSTURIALDEKO HITZA

Garbiñe Ubeda [BERRIA.eus]
| 2025eko Otsailaren 20a

1937ko uztailaren 16an sortu zen Felix Beristain margolari kostunbrista. Txikitandik erakutsi zituen dohain apartak, lehendabizi marrazketarako, eta ondoren margoketarako. 17 urte zituela egin zuen bere aurreneko erakusketa, Eibarren (Bizkaia), Valentin Zubiaurre margolari eta lagun minaren aholkuari jarraikiz. Urte berean, beste bi erakusketa ere egin zituen, bata Ondarroan eta bestea Bilbon. Haren dohainak ikusita, beka bat eman zion Ondarroako udalak, San Fernando Arte Ederren Errege Akademiara joan zedin ikastera, baina, diru funtsa eskas zuela eta, berehala egin zuen atzera udalak.

Ikasketa baztertu, eta lanera itzuli zen Beristain. Ez zuen, halere, margolanak erakusteko proposamenik falta izan. Tolosan (Gipuzkoa) eta Euskal Herriko beste hainbat herritan erakusketak egin ondoren, Beristain nazioartekotu egin zen. Frantzian, esaterako, hiri ugaritara iritsi ziren haren margolanak, besteak beste Bordelera, Pauera, Akizera eta Okzitaniako Tolosara; Alemanian ere egin zituen erakusketak.

Errealismo gogorra

Bere lehen etapan kostunbrismoari heldu zion bete-betean. Kostrunbrismo tristea da harena: tonu ilunak eta errealismo gogorra erakusten ditu. Horren adibide da, esate baterako, haren hainbat horma irudietako bat, Ondarroako arrantzaleen kofradiakoa: Marinel andreari omenaldia (1968). Horma irudi horren ondotik, hamar urteko etenaldia egin zuen Beristainek, eta enkarguz besterik ez zuen margotu, 1974an Bilboko Arte Galerian erakusketa bat jarri zuen arte. Horko katalogoaren hitzaurrean, halaxe mintzatu zen Juan Antonio Zubikarai, Beristainen lanez: "Muralgileak etengabe egiten duen lanari esker, hainbat material erabil ditzake. Horrez gain, espazioaren ikuskera berri bat ematen dio, eta askatasun handiagoa ematen dio. Gaiak betikoak dira, lan eszenak lehenetsiz, orain giro lasai eta solidoan bilduta. Argiak eta koloreak paleta luzea dute, urdinen eta grisen gamara ohitua".

Beristain azken euskal kostunbristatzat jotzen da, baina beste estilorik ere landu zuen: esate baterako, abstrakzioa, hiperrealismoa eta postkubismoa. Azken estilo horrek, hain zuzen, aukera berriak zabaldu zizkion arrantzaleen jantziak eta ingurunea lantzeko.

Ondarroako paisaia landu zuen bereziki, baina bestelakorik ere margotu zuen, betiere bidaiei lotuta. Tartean dira Gaztelan, Londresen, Venezian, Portugalen eta Marokon margotutako lanak. Danubiotik gora egindako itsas bidaia batean Moldaviako lurrak ere deskubritu zituen, baita errumaniar jendeen plastikotasuna ere.

1981ean Jujuyra (Argentina) joan zen bizitzera, eta Arturo Acebal Idigoras pintoreak berrogei urte lehenago egindako ibilbidea egin zuen; han inoiz ez bezala landu zuen paisaia generoa.

Bere azken 30 urteak Arabako Sarrian eman zituen, Zuia herrian.


mundu-baten-aukera

Mundu Baten Aukera

Naturaren ikuspegiak BBVA Bilduman

BBVA San Nikolas (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 12ra

fig-bilbao

FIG Bilbao

Paper Arte eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdia

Euskalduna Jauregia (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Azaroaren 26tik
2026ko Azaroaren 29ra

isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.