artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Emakumeak protagonista dituzten XIX. eta XX. mendeko 35 artelan bildu ditu Arabako Arte Ederren Museoak

Besteak beste, Ignacio Diaz Olano, Fernando Amarika, Pablo Uranga eta Valentin Zubiaurreren lanak paratu dituzte 'Emakumea. Familia eta lana' erakusketan. Emakumeak landa eremuari, itsasoari eta amatasunari lotuta ageri dira margolanetan.

emakumeak-protagonista-dituzten-xix-eta-xx-mendeko-35-artelan-bildu-ditu-arabako-arte-ederren-museoak
Arabako Arte Ederren Museoan dago ikusgai 'Emakumea. Familia eta lana' erakusketa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2025eko Apirilaren 15a

XIX. mende erdialdetik XX. mende erdialdera emakumeei egokitu zitzaizkien rolak gizonek nola irudikatu zituzten bistaratzeko erakusketa zabaldu du Arabako Arte Ederren Museoak. Emakumeak. Familia eta lana du izenburu, eta Euskal Herriko —bereziki Arabako— eta Espainiako 23 artistaren 35 margolan bildu ditu. Besteak beste, Ignacio Diaz Olano, Fernando Amarika, Pablo Uranga, Aurelio Arteta eta Alberto Arrueren lanak dira. "Artelanek beren egileen bidez hitz egiten digute, eta, hain justu ere, egile guztiak gizonak dira, emakumeek oso nekeza zutelako hezkuntzan edo artean sartzea", azaldu du Ana del Val Kultura diputatuak.

Museoaren bildumarekin osatu dute erakusketa, eta hiru ataletan banatu: Emakumea landa eremuan, Emakumea eta itsasoa eta Amatasunetik haratago. Emakumearen egunerokoa kostunbrismoan, errealismoan, inpresionismoan eta postinpresionismoan oinarrituta islatu zuten artisten lanak bildu dituzte. Urriaren 19ra arte izango da zabalik.

Landa eremua

Antonio Maria Lekuona izan zen Bizkaiko landa eremuko ohiturak mihisean irudikatu zituzten aurreneko euskal artistetako bat. Bere eszena kostunbristetan ongi islatu zuen garai hartako Espainiako pintoreek hain berezkoa zuten generoa. Janarien bedeinkapena Bizkaiko baserri batean lanean, adibidez, eszena kostunbrista bat islatu zuen: familia bat mahaiaren bueltan ageri da, ama erdian delarik seme-alabak zaintzen, jatekoa bedeinkatzeko lanean.

Arabako zenbait artistak ere margotu zuten emakumeek landa eremuan zuten presentzia. Batez ere emakume gazte eta helduen eguneroko jardueren xehetasunak pintatu zituzten, izan soroetan lanean, izan ospakizunetan dantzan. Horietako bat izan zen Fernando Amarika. Uzta Araban (Tresponde) lanean, esaterako, Arabako herri horretan girotutako gari bilketa erakutsi zuen.

Arabako pintoreen artean, Ignacio Diaz Olanok ipini zituen emakumeak obraren erdigunean. Landa eremuan, barrualdean eta kostaldean ez ezik, hirigunean ere kokatu zituen andrazkoak. Eta, hala, langile klaseko emakumeak margotu zituen, baina baita burgesak ere, antzokian edo jatetxeetan. 1917. urtekoa da Diaz Olanoren Gorulariak eta ehuleak margolana: nekazaritza eta baserri giroan, lihoaren laborantzan eta zapiak nahiz arropak egiten margotu zituen emakumeak.

1920an, Leandro Anda industrialariak tamaina handiko margolan hura erosi, eta Buenos Airesera eraman zuen, eta handik urte askotara, 1990ean, Europan agertu zen berriro, baina horizontalki bitan zatituta. Gaur egun, bi zatiak ikus daitezke erakusketan, bereizita. Haien ezkerraldean eta eskuinaldean ageri dira Lihoa kardatzen eta Ibaian lihoa garbitzen lanak, Andak margolariari enkargatutako beste bi margolan handi.

Itsasoa eta amatasuna

Kostaldeko emakumeen eginkizuna ere islatu zuten garai hartako artistek. Batez ere arrantzaleen emazteen eta alaben egunerokoa pintatu zuten; besteak beste, sareak konpontzen eta arraina biltzen edo saltzen. Giro hura islatu zuen Angel Cabanas Oteizak Arrantzaleak obran: txapela eta kaikua jantzita dauzkan gizon zahar bat eta buruaren gainean ohiko saskia daraman emakume gazteago bat ageri dira lanean.

Etxetik kanpo luzaroan egoten zirela-eta arrantzaleek familiaren bizimodua nola baldintzatzen zuten ere erakusten du bildumak. Valentin Zubiaurreren Txalupen irteera margolanean, adibidez, itsasoratzen ari diren itsasontziak ageri dira, eta lehen planoan, lehorretik agur esaten dieten agureak, emakumeak eta umeak daude. Eta arrantza jardueran izaten ziren naufragioen ondorioz alargun eta umezurtz geratzen zirenak ikusten dira Aurelio Artetaren lanetan; Alarguna eta Arrain-saltzailea portuan obrak dira horren lekuko.

Bestetik, amatasuna familia egituraren ikur gisa agertzen zen garai hartako artelanetan, eta, askotan, gizarte tradizionalaren eredu gisa. Besteak beste, Julian Tellaetxek emakumeak ama rolean pintatu zituen Amatasuna lanean, seme-alabei bularra emateko unea irudikatuta, eta Juan Aranoak haur txiki baten irudia egin zuen Haurra margolanean. Biak ikus daitezke erakusketan.


uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

xabier-morras-margoz-emandako-lekukotasuna

Xabier Morras, margoz emandako lekukotasuna

Itziar Ugarte Irizar [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 24a

Artista nafarraren atzera begirako erakusketa ireki dute Donostiako Kutxa Kubo aretoan. Morrasek 60 urtean egindako lana jaso dute, eta, margolanak ez ezik, lan prozesuetako material ugari ere bildu dute. Jesus Mari Lazkano izan da komisarioa.

harri-erre-malpais

Harri erre, 'malpaís'

Izaskun Araluzea [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Malpaís | Artista: Borja Gomez. | Non: Naratan, Bilbon. | Noiz arte: Azaroaren 7ra arte.

bilboko-arte-ederren-museoa-zabaldu-dute

Bilboko Arte Ederren Museoa zabaldu dute

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 21a

Berritutako museoei buruzko artikulu sorta bukatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoari tokatuko zaio gaur txanda. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu duten moduan, urriaren 5ean zabaldu zen Bilboko museo berritua.

zer-memoria-dosi-behar-du-fikzioak

Zer memoria dosi behar du fikzioak?

Uxue Rey Gorraiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 18a

Iruñeko Topaketen gerizpean, Leire Lakuntza, Ainhoa Apeztegia eta Nagore Txibite artisten obrak hizketan eta galdezka jarri dituzte Ziudadelako Arma aretoan. Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanen hautaketa batekin ere osatu dute erakusketa.

kultura-ikertu-kultura-babestu

Kultura ikertu, kultura babestu

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 16a

Orain egun batzuk [EAEko] Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerazko mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez ditu halako gauzak gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?).

gwangjuko-biurtekoa-aldaketarako-agindu-bat

Gwangjuko Biurtekoa, aldaketarako agindu bat

| 2026ko Urriaren 15a

Bere 16. edizioan, Hego Koreako arte garaikideko nazioarteko erakusketak esperientzia intimoak, kontakizun historikoak eta denboraren ikusmoldeak jartzen ditu elkarrizketan

osotasunaren-gezur-hauskorra

Osotasunaren gezur hauskorra

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 14a

Izar iheskorra eta bihotza | Artista: M. Benito Piriz. | Non: Bilbo Arten, Bilbon. | Noiz arte: azaroaren 8ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.