artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bizitzaren erraiak

Chiharu Shiota. 'My house is your house' | Non: Azkuna zentroan, Bilbon. | Noiz arte: Irailaren 28ra arte.

bizitzaren-erraiak
Chiharu Shiota artista, Bilboko erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2025eko Ekainaren 25a

Zenbait erakusketatara nire desioei segika joaten naiz, beste batzuetara konpromisoz —horrelakoak ere izaten dira, ezin esan kontrakorik—, eta bada jendearen gomendioz inguratzen naizenik ere. Eta hala joan nintzen orain Bilboko Azkuna zentroko erakusgela nagusian dagoen erakusketara: jaiotzez japoniarra den baina egun Berlinen bizi den Chiharu Shiota artistaren My house is your house (Nire etxea zure etxea da) izenekora. Euskaraz ere badugu antzeko esaera bat, "etxe honetara sartzen dena, bere etxean da" —izan ditzakeen aldaera guztiekin—, eta loturaren graziak are gehiago animatu ninduen bertaratzera.

Erakusketaz ezer gutxi jakinda, etxekotasunari loturiko zerbait topatuko nuelakoan nengoen. Eta, erakusketako testua eta harekin batera lehenengo aretoan zeuden bi instalazioak ikusita, irudipen berari eutsi nion. Ezkerretara, bi isurialdeko teilatudun etxea irudikatzen duen instalazio monumental eta ikusgarri bat dago, dena gorri koloreko hariz saretua. Begiradaz alde batetik bestera gurutzatu daiteke, baina gorputzek sarbidea galarazita dute. Beste aldeko instalazioan, berriz, etxe barneko altzarien maketatxo txikiak daude, ikaragarri pila: oheak, mahaiak, armairuak, aulkiak... Hauetako bakoitza ere gorri koloreko hari batez bildua agertzen da, eta instalazioari ekarpen handiegirik egiten ez dion tamaina handiko argazki bat dute atzean —etxe barnealde batena, non objektuak eta gorri koloreko hari zatiak lurrean botata ikus daitezkeen—.

Hura ikusita, erakusketaren bigarren aretoan murgiltzeko aukera ematen duten bi ateetako edozein har daiteke, non saretutako hari gorriek sorturiko espazioak erabateko protagonismoa hartzen duen; espazio museistikoa bera irentsi eta beste bat sortzeraino. Instalazioaren erraietan barrena ibiltzera beharturik dago bisitaria, harentzat bereziki irekitako tuneletan barrena. Eta espazio berri hau sortzen duen hari sareaz bestaldera leihoak daude, eta leihoetan kiribilduta, paperak: bisitarien esku hartzeak dira, zeinak haientzat etxea denaren definizioa izkiriatuta duten. Hau ere ikusgarria da. Ikusgarriegia, agian? —nire kide batek zioen moduan—.

Espektakularizazio handia duen erakusketa da, zenbait pieza ia ikuskizun bilakatzerainokoa. Light in the Darkness (2018-2015) eta Dialogue with Absence (2023-2025) instalazioak ere ildo horretan koka daitezke: lehena, ospitalekoa dirudien ohe bat, koltxoiaren gainaldean zehar argi zerrenda bat duena; eta bestea, berriz, ponpatutako odolez beteriko hodiak diruditen sigi-saga erraldoia.

Horiek ikusita, aurreko instalazioetako hari gorriek ere odol hodiei erreferentzia egin diezaieketela uler daiteke, eta erakusketaren tituluak aipatzen duen etxeak artistaren gorputzari egiten diola keinua: norberaren lehen etxea, bizitokia, norbere gorputza baita ezbairik gabe —ametsetan ere hala interpretatzen dira maiz etxeak—. Hala, erakusketaren erroa erabat existentziala bilakatzen da; bizitzaren presentzien eta absentzien artekoa; bizitzaren beraren eta heriotzaren artekoa; eta, oreka horretan, gure presentziaren nolakotasuna ulertzekoa.

Tarteko aretoan daude formatu txikieneko objektuak: alde batean, marrazkiak, eta bestean, argazkiak eta bideoak, tartekatuta. Argazkiak eta bideoak esplizituak dira: odolarekiko eta lurrarekiko harremanak agertzen dira, artistak bizitzaren erroekin lotzen baititu. Lurrarekin loturikoek, eta bereziki Try and Go Home performancearen (1997) argazkiek, Ana Mendietaren lanak gogora dakartzate. Dena den, kasu askotan, ekintza beraren argazkiak eta bideoak agertzen dira bata bestearen ondoan, ekarpen handiegirik egin gabe batzuek besteei, eta betelan irudipena emanez.

Erakusketako esparrurik interesgarriena, ordea, horma honen beste aldean kokatua dagoena dela esango nuke: izkina batean dagoen duen Out of My Body (2020-2025) instalazioa, eta bereziki, aurrez aipatutako marrazkiak. Erakusketako zatirik transzendental, intimo eta zintzoena dela dirudi, artistaren kezkarik sakonenak irudikatzen dituena: gizakion presentzia munduan, unibertsoarekiko dugun erlazioa, eta elkarrekiko sostengua eta harremanak; era berean, kezka unibertsalak ere izan daitezkeenak. Hala, ez da epel eta axolagabe uzten duen erakusketa bat, eta hori aitortu behar zaio.


gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

fontana-n-3

Fontana nº 3

Susana Solanoa

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Urriaren 01etik
2026ko Urriaren 12ra

circus

Circus

Alejandra Icaza

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 30etik
2027ko Otsailaren 28ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.