artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Ispiluen bidean oinez

Edertasuna ene aitzinean, oinez noa ni...". Hori da aretoan sartu aurretik hartutako eskuorrian irakurri dudan lehenengo esaldia. Navajoen gau kanta bat da, hain zuzen ere, Gentz del Vallek bere erakusketan barrena gidatuko gaituen testuaren parte dena. Halatan, oinez noalarik, Nafarroako Museoko kapera hartu duen erakusketan sartu naiz: Basati / Salvaje / Wild.

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2022ko Maiatzaren 25a

  • 'Basati / Salvaje/ Wild'
  • Artista: Gentz del Valle.
  • Non: Nafarroako Museoko kapera.
  • Noiz arte: 2022ko martxora arte.

Museoak sustatutako Arte oro garaikidea da proiektuaren barruan dago erakusketa, zeinak azkeneko hamarkadetan ekoiztutako artisten lanak publikoari gerturatzeko helburua duen. Gisa horretan, duela gutxira arte Celia Eslavaren lana bildu zuen kaperak orain Gentz del Valle artista bizkaitarraren proiektua biltzen du.

Tamaina txikiko erakusketa da, bistaratzeko denbora asko eskatzen ez diguna. Bada, zoru gainean oin bat bestearen aurrean mugitzen dugun heinean, jaiotza, bizitza eta heriotza uztartzea gauzatzen duen prozesu sakonean murgiltzen gara. Espazioan integratzen diren euskarriak askotarikoak dira: oihalak, ikus-entzunezkoak, pinturak, eskulturak… Eta denek era orekatuan esku hartzen dute espazioan. Kaperaren elementuekin integratzen dira, eta haren parte diren bi elementuk ezarriko dute erakusketaren ardatz tematikoa: bataiarria eta zoruan ezarritako hilarria.

Espazioan aurrera egin ahala, lurrean isuritako ispilu jario batek gidatzen gaitu. Bataiarritik abiatzen da ispiluz egituratutako ibilbidea, eta hori izanen da erakusketaren zirkuitua markatuko duena. Instalazioak, zirkuitua zehaztearekin bat, espazioarekiko perspektiba eraldatzen du guztiz, era oso eraginkorrean ispiluen isla izatera mugatzen baitira murruak, sabaia eta erretaulak. Honenbestez, espazioaren horizontaltasunak haren altuera gainditzen du, eta, koreografia hartan, gorputzak bat egingo du zoruarekin.

Ispiluek askatzen gaituztenean, begirada zorutik altxatu eta erakusketaren espazioa bitan banatzen duten oihalak ditugu pare-parean. Perspektiba eragozten duten oihalok bat-bateko bizia ematen diote ibaien isuriak sorrarazten duen erritmo geldoari. Oihalen gainean isuritako tinta gorriak haren zuritasuna urratzen du. Nolabait ere, bizitzea esan nahi duen prozesuan gauzak gertatzen dira, geure istorioei kolorea emanez.

Erakusketaren espazioak zehaztu duen bideak behartu egiten gaitu oihalek sortzen duten murrua zeharkatzera. Espazioaren nortasunarekin era oso orekatu eta eraginkorrean integratzen den instalazioa egituratzen da bertan. Ispiluak mantentzen dira, baina atmosfera bestelakoa da: gauarekin, iluntasunarekin, heriotzarekin… lotutako konposizioak hornitzen dute hura. Alabaina, gai horiek sor dezaketen kutsu tetrikoa arnastu ezean, bertan sumatzen dena misterioa da.

Ildo hari jarraikiz, bideak hilarrirantz gidatzen du ikuslea. Haren inguruan sortzen den instalazioa guztiz deigarria da. Sabaian zintzilikatutako egitura zuri bat islatzen da zoruko ispiluetan, zeinak sugeen azalaren aldatzeari erreferentzia zuzena egiten dion. Halaber, instalazioaren kutsu poetikoa ez da egitura hartara mugatzen, hilarriaren gainean museoak daukan hezurdura aurkezten baita. Eta, beirazko bitrina baten barnean dagoenez, haren itzalak hilarrian islatzen dira. Esku hartze horren eraginkortasuna ukaezina da, espazioaren ezaugarri propioak indartuz hainbat eta hainbat irakurketa egitera bideratzen baikaitu.

Nahiz eta erakusketaren muina kaperan dagoen, oraingoan erakusketa ez da espazio hartara mugatzen. Museoaren bigarren plantara gidatzen gaitu erakusketak. Pintura gotikoak biltzen dituen espazioan, Del Vallek ehundutako eta margotutako bionboa integratzen da. Arte garaikidea eta museoaren parte diren beste garaietako piezen sinbiosia gauzatzen da.

Eta han, Erdi Aroko pinturak bere garaia utzi, eta adierazpen artistiko garaikideak bihurtzen dira. Edo, alderantziz, pintura gotikoz inguratutako ohialezko bionboa artearen historian atzera egin eta Erdi Aroan sortutako pinturen parte bihurtzen da?

Pausoz pauso erakusketa atzean uztera noalarik, hasieran irakurritako Navajoen gau kantaren azkeneko esaldiak biltzen nau oso-osorik: "Edertasuna ene inguruan, oinez noa ni...".


erretratu-ii

Erretratu II

Erakusketa kolektiboa

SC Gallery (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 24tik
2026ko Ekainaren 30era

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

mixed-feelings

Mixed feelings

Ruoxi Jin

Cibrían (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Uztailaren 11era

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

bizirik-dirauten-izenak

Bizirik dirauten izenak

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 28a

Ziga bilduma | Non: Iruñeko Civivox Pompelon. | Noiz arte: Abenduaren 31ra arte.

babeslekuak

Babeslekuak

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Maiatzaren 28a

Gernikako Bakearen Museoan Veronica Domingo artistak jarri duen erakusketan konturatu nintzen memoriaren zenbat ñabardura dauden ezkutatuta edo erdi itzalean. Horietako bat gerra zibilean erabilitako babeslekuena da.

in-minor-keys-koyo-kouohen-azken-ikuskera

"In Minor Keys", Koyo Kouohen azken ikuskera

| 2026ko Maiatzaren 26a

2025ean zendu zen komisarioak ondua, Veneziako 61. Bienaleko Nazioarteko Erakusketak muga eta hierarkia geografiko, kultural zein espiritualak ezabatzen ditu.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.