artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Marlene McCarty artista eta aktibistari eskainitako erakusketa inauguratu du tabakalerak

Sasi guztien gainetik erakusketak Marlene McCartyren azken bi hamarkadetako lanak biltzen ditu. Horietan, bereziki, gorputz femeninoaren inguruan eta honek beste espezie batzuekin duen loturaren inguruan hausnartzen du.

marlene-mccarty-artista-eta-aktibistari-eskainitako-erakusketa-inauguratu-du-tabakalerak

| 2025eko Urriaren 20a

Sasi guztien gainetik erakusketa inauguratuko du Tabakalerak, Marlene McCarty New Yorken bizi den sortzaileari Estatuan eskaintzen zaion lehen erakusketa. Artista eta aktibista feminista da McCarty, eta funtsezko ibilbidea egin du artea, politika eta ekologia uztartzen. Pieza historikoak eta ekoizpen berriak aurki daitezke erakusketan, eta Maite Garbayo-Maeztu ikertzailea da komisarioa.

Sexualitatearen, familiaren eta kulturaren inguruko botere-dinamikak izan dira Marlene McCartyren ia berrogei urteko praktika artistikoaren gai nagusiak. Halaber, intimoa eta soziala den horren arteko tentsioak dira bere ibilbidean zehar jorratu dituen beste gaietako bat. Horren erakusgarri da McCartyk Gran Fury talde artistiko-aktibistako kide gisa egindako lana. Talde horrek diseinua eta publizitatea erabili zituen GIB/HIESaren krisiaren inguruan kontzientziatzeko eta laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan gobernuaren gelditasunaren eta homofobiaren aurka protesta egiteko.

Gorputzak, landareak eta jakintzak erresistentzia gisa

Sasi guztien gainetik erakusketak erabat agerikoa ez den hori esploratzeko gonbidapena egiten du. Tamaina handiko marrazkiak, estraktu begetalekin sortuak batzuk, eta landare biziz osatutako instalazioa daude ikusgai erakusketan. Landareak giza gorputzarekin, bereziki femeninoarekin, duten lotura historikoagatik hautatu dituzte eta modu basatian hazten dira Euskal Herrian.

Marrazkia da Marlene McCartyren lanaren muina. Formatu handikoak dira, eta grafitoz, boligrafoz edo akuarelaz eginda daude. Obretan gainjarritako trazu finek ezusteko xehetasunak adierazten dituzten konposizioak sortzen dituzte, eta askotariko interpretazioak sor daitezke. Praktika horren bidez, McCartyren ikuspegiak jakin-min zientifikoa eta sentsibilitate artistikoa uztartzen ditu; marrazketa ezagutza-tresna gisa pentsatzeko modu bat.

McCartyren obrek historia, aktibismoa eta errepresentazioa uztartzen dituzte eta zenbait lanetan, primateen seriean kasu, primatologoen erreferentziak erabiltzen ditu; hala nola hil berri den Jane Goodall, Dian Fossey eta Biruté Galdikasenak. Aitzindariak dira guztiak gizakien eta animalien arteko muga zalantzan jartzen. Euren metodologiak, zuzeneko behaketa etengabean eta lotura afektiboen ezarpenean oinarrituak, zientziaren arauak irauli zituen eta primateak, eta beraz, gizakia bera ulertzeko modua eraldatu zuen. Ildo horretan, HUG ME. eta HUG ME AGAIN. esplorazio horren luzapenak dira, eta espezieen arteko loturaz hausnartzeko gonbita egiten dute.

Bestetik, pieza berriagoek, hala nola HUNG OUT TO DRY: (...) edo Don't Look Up My Skirt Unless You Mean It, DEATH (Datura Stramonium) izenekoek, gorputzak, espezieak, landareak eta sinbolo kulturalak konbinatzen dituzte kolonialtasun-prozesuak, dominazio maskulinoa eta gorputzen gaineko kontrola ikusarazteko, eta, aldi berean, emakumeen antzinako jakinduriaren sinboloak berreskuratzen dituzte, historikoki isilduak izan arren, memoria eta erresistentziarako tresna gisa aktibo jarraitzen baitute.

Gaur egun, ingurumen-krisiak eta sexu- eta ugalketa-eskubideetan izandako atzerakadek markatutako garai honetan, beste ahots batzuk entzuteko beharra planteatzen du McCartyk —itzalean beren jakintzak transmititu zituzten landare, animalia edo emakumeenak—, bai eta ingurunearekin dugun harremana berriz pentsatzekoa ere.

Monument to an Epistemicide (Study 1) instalazioak —Tabakalerak ekoitzia—Clara Gutiérrez Arana etnobotanikoaren laguntzaz artistak hautatutako landareekin elkarbizitzeko aukera ematen du erakusketa-aretoan. Landare horiek giza gorputzarekin harreman luze eta bizia dute: sendatu, hil edo ugalketa-sistema aldatzeko ahalmena dute. Asko sorgin-ukendu zaharretan edo Erdi Aroko emaginen errezetetan ageri dira, eta belaunaldiek transmititutako ezagutza ekartzen dute gogora, sarritan historiaren kontakizun hegemonikoak isilarazia.

Marlene McCarty

1980. urteaz geroztik, Marlene McCarty artistaren obrak kontra egin dio maskulinitate toxikoari eta botere patriarkalaren egiturei, eta sexu- eta gizarte-eraikuntza pintura, marrazki monumental eta landareekin egindako earthworken bidez jorratu du. Gran Fury(1987-1995) kolektibo aktibistako funtsezko kidea,Women's Action Coalition (1992 -1995)erakundeko kidea eta, Bureau(1989–2001) diseinu transdiziplinarreko estudioaren sortzailea da.McCartyk Cincinnatiko Unibertsitatean eta Hochschule für Gestaltung und Kunst Basel FHNW-en ikasi zuen. Gaur egun, ikusmen-arteetako irakaslea da New Yorkeko Unibertsitatean. Bere lana Estatu Batuetan, Europan eta Hego Amerikan erakutsi da, eta Museum of Modern Art, New York City (MoMA), Brooklyn Museum eta Los Angeleseko Museum of Contemporary Art (MOCA) eta Kunsthaus Zurich museoetako bildumetan dago.

Maite Garbayo-Maeztu (komisarioa)

Maite Garbayo-Maeztu (Iruñea, 1980) Ramon y Cajal ikertzailea da Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historia eta Musika Sailean. Irakaslea eta ikertzailea izan da estatuko eta nazioarteko hainbat erakunde akademikotan (Bartzelonako Unibertsitatea, Universitat Oberta de Catalunya, Mexikoko Unibertsitate Iberoamerikarra, Mexikoko UNAM Ikerketa Estetikoen Institutua eta Goethe Universität Frankfurt). 2016an argitaratu zuen bere lehen liburua, Cuerpos que aparecen, performance y feminismos en el tardofranquismo (2. edizioa 2019an), eta ikerketa-lerro nagusi izan ditu Estatu espainiarreko eta Latinoamerikako arte garaikidearen, kultura bisualaren eta feminismoen arteko intersekzioak. Hainbat erakusketetan izan da komisario, eta erakunde hauekin aritu da lankidetzan: Reina Sofía Museoa, Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoa (MACBA), Mexikoko Arte Garaikidearen Unibertsitate Museoa (MUAC), Gaztela eta Leongo Arte Garaikidearen Museoa (MUSAC), Huarteko Arte Garaikidearen Zentroa (CACH) eta Tabakalera.

irudi galeria

marlene-mccarty

muskoko

Muskoko

Leyre Arraiza

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Apirilaren 01etik
2026ko Ekainaren 28ra

erretratu-ii

Erretratu II

Erakusketa kolektiboa

SC Gallery (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 24tik
2026ko Ekainaren 30era

gaueko-jeinuak

Gaueko jeinuak

Ada Garrues

Juan Manuel Lumbreras (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 29tik
2026ko Ekainaren 12ra

mar-de-dios

Mar de Dios

Rekalde Aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 14tik
2026ko Ekainaren 21era

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.