artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Mikel Lertxundik 'Natura, Harmonia, Poesia' Okendo kultur Etxean jarri du

Nazioarteko ibilbidea duen eta arte lanbideari 50 urtetik gora eskaini dizkion Mikel Lertxundi artistak bere diziplina anitzeko lanaren erakusketa dakar Okendo Kultur Etxera formatu ertaineko eskulturez, pinturez, marrazkiz eta argazkiz osatua.

mikel-lertxundik-natura-harmonia-poesia-okendo-kultur-etxean-jarri-du
Mikel Lertxundi Okendo Kultur Etxean jarri dituen zenbait artelanekin. Arg/ Okendo

| 2026ko Ekainaren 25a

Lertxundiren lanetan, harria, egurra eta burdina, edo haien irudikapenak, elkarrizketan eta elkarreraginean aritzen dira, posizioaren, ordenaren eta konposizioaren koordenatuei erantzunez, oreka lortzeko eta bertatik sortzen den bizitza eta poesia transmititzeko helburuarekin. Lan batzuetan, osagai desberdinak irmotasunez biltzen dira gorputz bakarrean; beste batzuetan, hirukoteak osatzen dituzte, bolumen hurbil baina independenteekin; beste batzuetan, (des)materializazio ariketak, (des)eraikitzeko egiturak eta ura, airea eta sua bezalako elementu espazialekin elkar eragiteko proposamenak aurkezten dituzte. Lan piktorikoak modu iradokitzailean aberasten du erakusketa, atmosfera eta espazialtasuna eta eskala eta magnitude desberdina erantsiz bolumenari.

Mikel Lertxundik (Berriatua, Bizkaia, 1951) ahalegin eta lan handia egin du artea jendearengana gerturatzen. Ez da konformatu museoetan eta aretoetan, bakarka zein taldean, Euskal Herrian nahiz atzerrian, 1974ko lehen erakusketaz geroztik, egin dituen hainbat eta hainbat erakusketa egitearekin. Mikel Lertxundik eskultura publiko asko ditu han eta hemen kokatuta, eta naturan ere egin izan ditu hainbat esku-hartze artistiko, Markina-Xemeingo Txepetxabixe harrobian eta Urdaibaiko Paresi ermita inguruan, esaterako. Aulestiko Aisureta arte-natura gunea ere, berak sortua da. Artea jendearengana gerturatze horretan erakusketa garrantzitsuak eta entzutetsuak egin ditu haize zabalean, esaterako, Ziortzako monasterioko zelaietan 2006an eta Gueñesko Arenatzarte parkean 2009an. Azkena eta oihartzun handia jaso zuena Bilbo erdiguneko zenbait leku publiko ezagun eta esanguratsutan egin zuen, 2019an, hirian halako kale erakusketarik egin duen lehen euskal artista izanik eta oraingoz bakarra. Formatu handiko kaleko erakusketa hau, beste bi formatuko erakusketekin osatu zuen orduan ere. Formatu txikiko eskulturak jarri zituen Juan Manuel Lumbreras galerian eta formatu ertainekoak Rekalde aretoan.

Erakusketa hirukoitza Donostian

Antzeko erakusketa hirukoitz bat egingo du orain Donostian. Natura Harmonia Poesia izenburu bakarrarekin hiru erakusketa egingo ditu hiru formatutan bereizita. Formatu txikikoekin hasi da Ekain Arte Lanak galerian, maiatzaren 29tik uztailaren 4ra egongo dena ikusgai. Jarraian, San Bizente eliz atarian neurri handiko lau eskultura jarri ditu, ekainaren 12tik abuztuaren 23ra arte, bertara gerturatzen diren bisitari guztien gozamenerako. Eta hirugarrenez eta ekimena borobilduz, ekainaren 26an hasi eta abuztuaren 29an bukatu, Okendo Kultur Etxean erakutsiko du formatu ertaineko bildumarik diziplina anitzekoena. 26 artelan jarriko dira han ikusgai, horien artean eskulturak, bideo-eskultura, margolanak, marrazkiak eta argazkiak. Artistaren sormen prozesua erakusten duen bideo bat ere egongo da, bertatik bertara ezagutzeko artista honen sormen iturriak, lan prozesuak eta filosofia sortzailea.

Hiru erakusketa hauetan, Mikel Lertxundik 50 urtetik gorako ibilbide artistiko profesionalean arteari egin dion ekarpenaren erakustaldi bikaina jasoko du ikusleak, bere sorkuntzako ildo nagusietako lan esanguratsuenetatik 50 artelan inguru hautatu baitira Donostian erakusteko.

Ekain Arte Lanak galeriako erakusketan dauden artelanak oso txikiak dira. Material astunak eta sendoak diren harria, egurra eta burdina arinak eta hauskorrak bihurtu ditu, materiaz hustu ahala iradokizunez eta mezuz bete, kutun antzeko objektu preziatu bihurtzeraino.

San Bizente eliz atarian egongo diren lau eskulturak ere, orekaren bilaketan egindako ariketak dira, ohiko hiru material horiekin egindakoak izanagatik oso estetika desberdinetakoak elkarren artean. Lanen eskala handia deigarria da kasu honetan, begiradaz ez ezik gorputzez ere zeharkatzeko edo inguratzeko modukoak baitira.

Okendo Kultur Etxeko erakusketa lekuak neurri ertain, handi samarrak agertzeko aukera ematen du. Obra gehienak Lertxundik bere arte-adierazpide bihurtu dituen harria, egurra eta burdina materialak elkartuz eginak daude, eta zenbaitek ura, airea eta sua elementu espazialak ditu txertatuta aipatutako hiru materialetan, eta besteren batek bideoa. Gainerako artelanak bidimentsionalak dira, naturako argazki batzuk eta neurri handiko marrazki eta margolanak: atmosferak, paisaiak gogorarazten dituzten abstrakzioak, edota eskulturen bolumenak hondo zabal mugagabe iradokitzaileetan kokatuta ageri direnak.

Mikel Lertxundiren ibilbidea

Naturarekin harreman estuan bizi da eta sortzen du. Txikitatik aurkitu zituen artea eta natura, landan ateratako buztinarekin bere ingurunea erreproduzitzen jolasten zuenean. 1974an lehen erakusketa egin zuen eta 1980an, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren bekarekin Parisera bidaiatu zuen, non munduan egiten ari zen artea ikusteko eta ikasteko aukera izan zuen.

Artegintzan hasi eta laster harria, egurra eta burdinaren mihiztadura ikertzen eta lantzen hasi zen, lengoaia berezia lortuz obra pertsonala eta aintzatetsia emango diona euskal arteari. 80ko hamarkadatik aurrera, ura, airea eta sua elementuak ere txertatzen ditu sormen-lerroetako batean.

Bost hamarkadatik gorako ibilbidean azoka entzutetsuetan erakutsi ditu bere lanak, hala nola, ARCO (Madril), FIA (Caracas), ART MIAMI (Miami), NICAF (Tokio), KIAF (Seul) eta nazioko eta atzerriko galeria eta erakustoki garrantzitsuetan. Neurri handiko eskulturen erakusketak ere egin ditu Ziortzako Monasterioan, Arenatzarte parkean eta Bilboko kale eta plazatan, eta esku-hartze artistikoak egin izan ditu naturan.

Bere artelanak Arte Ederren Bilboko Museoan, San Telmo Museoan, Kutxa Bilduman, Pforzheim-go udaletxean eta Florentziako Assessorato di Culturan daude, besteak beste. Horrez gain, obra publiko ugari du kokatuta han eta hemen.

Bere pentsamendu eta obraren inguruko saiakera-liburuak argitaratu ditu: Lertxundi euskaradun arte unibertsala, argitalpen onenaren Euskadi sariarekin saritua, eta Espazioa Lurra Denbora.

natura-harmonia-poesia

Natura Harmonia Poesia

Mikel Lertxundi

Okendo Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Agorrilaren 29ra

natura-harmonia-poesia

Natura Harmonia Poesia

Mikel Lertxundi

Okendo Kultur Etxea (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 26tik
2026ko Agorrilaren 29ra


isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

sinbiotika

Sinbiotika

Txaro Marañon

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 08ra

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

diferituan-bizitzea

Diferituan bizitzea

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala.

korapiloek-dakitena

Korapiloek dakitena

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 30a

'Gerezi Hori' | Artista: Maider Aldasoro. | Non: Rekalde aretoa, Bilbo. | Noiz arte: Azaroaren 22ra arte.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.