artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Interbentzio tentsionatuak

Sahatsa Jauregi. 'Flux Cored' | Lekua: Gasteizko Artium museoa. | Noiz arte: Irailaren 3ra arte.

interbentzio-tentsionatuak
Sabaitik zintzilikatuta daude Artium museoan ikusgai dagoen erakusketako piezetako batzuk. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2023ko Maiatzaren 17a

Artiumera sartu, eta, eskaileretan behera eginik, ezkerraldeko espazioaren ezkerrean dagoen erakusketara gerturatu naiz. Erakusgai dauden bildumen artean, espazio txikiena hartzen duena da hau. Mostraren izena Flux Cored da, Sahatsa Jauregik konposatutako pieza eskultorikoak biltzen ditu, eta Artiumeko Testuinguruak bildumaren programaren barnean kokatzen da; museoaren bilduman sartu berri diren piezen saretzea bideratzeko helburua duena, hain zuzen.

Mostra espazio bakarrean ehuntzen da, eta horrek pieza guztien arteko elkarrizketa bideratzen du. Alabaina, piezen artean etenik ez dagoela sumatzen da nolabait. Eskulturek elkarrekiko dauzkaten lotura estetiko eta diskurtsiboak argiak izanik, eskulturak autonomoak izatea baino gehiago, osotasun bat bideratzen duen instalazio eskultorikoa dela esan genezake.

Bertara barneratzean, museoa desagertu, eta bestelako atmosfera batera naraman gune batean dagoela sentitu du nire gorputzak. Formen eta egituren arteko uztartzeei, irudiei edota gainazalei zuzendutako lege ez-idatziak berrantolatzen dituzten eskulturez osatzen baita espazioa. Hormen zuritasunarekin kontrastatzen dute egiturok, eta, era berean, kutsu industriala arnasten den nonbait kokatzen gaituzte, pieza gehienak altzairuzko xaflaz edota hodiz egituratzen baitira.

Dena dela, Sahatsa Jauregik ehundutako konposizioak ez dira horretara mugatzen, altzairuak helarazi zezakeen hoztasuna urratzen duten interbentzioek osatzen baitituzte eskulturak. Espazioarekin kontaktua dugun lehenengo momentuan ohartzen gara horretaz: manikien buruak, lupak, kristalezko lurrin pote bat, tangak, lumak, plastikozko frutak...

Ildo horretan, interesgarria dira oso piezen instalazioek sortzen dituzten erritmoak, nolabait ere harmonia urratzen baitute. Eta, urratze horretan, instalaziook gorantz edo beherantz, atzerantz edo aurrerantz begiratzera eramango gaituzte. Halaber, horrek eramaten nau pentsatzera gure gorputzak baduela bere lekua eskulturen artean: hutsunez hutsune, instalazioaren atalak aztertzen ditugu, eta, horren bitartez, koreografia anitz gauzatzen dira.

Instalazioaren atal batzuei sabaiak heltzen die, baina badira lurraren eta sabaiaren sustengu izateko keinua egiten dutenak ere. Horren eredu da Perfume izenekoa, altzairuzko hodiek eta objektu gardenek konposatzen dutena, hain zuzen. Kontrasteak sortzen dira lurrinezko potearen, lupa gardenen forma organiko bezain gardenen eta hodi zurrun eta beltzen artean.

Bada, eskulturak aztertzen ditugun heinean, euskarrien arteko tentsioak sumatuko ditugu. Uztartzeak sortzen baitira artistak berak egituratutako piezei egindako interbentzioen bitartez. Alegia, interbentzioek zentzu bat inskribatzen dute artelanetan, eta, horrela, bide berriak irekitzen dizkiote ikusten dugun horrek helarazten digunari.

Halaber, interbentzio materialez gain, espazio batean gauzatutako esku hartze ohien oihartzunak dira Izarrak eta Jone, Leire, Hodei, Nora eta Ni piezak. Gorputzen presentziak antzematen baitira haietan. Era berean, eskulturak, nonbait, gorputz horiek behin izandako keinuen errepikapenak edota kristaltzeak dira. Halatan, gorputzen presentziek ez dute mugarik, esan bezala, haien oihartzunak bertan daudelako. Momentuz momentu eskulturak aztertzen ditugun heinean, oihartzunak eraldatu egin daitezke, eta, horiez baino gehiago, itzalei buruz hitz egin genezakeela ondorioztatu dezakegu, edota gorputz horien keinuen argazki ilunez ere bai.

Bada, argazkiok, konposatzen dituzten beste objektuekin batera ulertzen ditugunean, argazki izateari uzten diote. Orduan, haien dimentsio eskultorikoak hartzen gaitu. Egunerokotasuneko keinuak egunerokotasuneko objektuekin ehuntzen dira, eta sinbiosi horretan ohikoak ez diren irudiak sortzen dira. Baina, aldi berean, inguratzen gaituenaren irakurketa estetikoen gatazkan kokatzen gaitu artistak. Interbentzioz interbentzio, geure begiradak hartzen dituen objektuen tentsioari eutsiz.


foragers

Foragers

Jumana Manna

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Azaroaren 15era

isiltasun-lurraldeak

Isiltasun lurraldeak

Evelyne Herisson

DIDAM (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 25etik
2026ko Azaroaren 22ra

ever-is-over-all

Ever is Over All

Pipilotti Rist

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 01etik
2027ko Urtarrilaren 17ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.