artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Nerea Lekuona, memoria bisual eta grafikoa

Nerea Lekuona artistak bi horma irudi handi ikusgai jarri ditu Gasteizko Artium museoan

nerea-lekuona-memoria-bisual-eta-grafikoa
Nerea Lekuona, Artiumen ikusgai jarri duen horma irudi berria atzean duela. Arg/ ENDIKA PORTILLO, FOKU

Aitor Blain [BERRIA.eus]
| 2023ko Urriaren 19a

Artxiboetan eman ditu azken urteak Nerea Lekuona artistak (Gasteiz, 1976), hemerotekei begira. Egunkarietako orriak banan-banan errepasatzen aritu da, eskuak tintaz zikintzen, iraganari egungo betaurrekoez begiztatzen. Izan ere, frankismoaren osteko urteak aztertu ditu artistak, Espainian trantsizioa deitu zen garaikoak, eta galbahe lana egin du orduko mobilizazioetan eta protesta ekintzetan erabiltzen ziren aldarrikapenak biltzeko. Gasteizko Artiumen jarri du ikusgai lan horren emaitza, hitzak eta leloak museoko hormetan paratu baititu memoria eta gogoeta ariketa gisara. Idealak erakusketa osatu du hala. Abenduaren 10era arte egongo da zabalik, A03 aretoan, hain zuzen ere.

Artiumek Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren barruan hartu ditu Lekuonaren obrak, hau da, museoak duela gutxi eskuratu eta bere funtsetara batu dituen lanak ezagutaraztea helburu duen egitasmoari lotuta. Hain zuzen ere, aldarrikapenez eta leloz osatutako Consignas horma irudi erraldoia da horietako bat. Lekuonak erakusketarako espresuki egindakoa da, Artiumen oraintsu egin duen egonaldia aprobetxatuz ondutakoa.

Askotariko tipografiak eta garaiko errotulazioak erabiliz, alfabeto baten gisara aurkezten ditu hitzak horma irudian, euskaraz eta gaztalanaiaz: Alde, Amnistia, Bakean, Basta, Borroka, Crisis, Democracia, Etxera, Euskaldun, Euskara, Empleo, Fuera, Herria, Kalera, Konstituzioa, Libertad, Nuclear, Obreros, Pacto, Paz, Social, Terrorismo, Trabajo...

Orainalditik abiatuta iraganari begiratzeko eta hari buruz hausnartzeko gonbita egiten du artistak. "Instalazioa memoria edukiontzi moduko bat da", adierazi du Lekuonak. "Orduko aldarriez gogoratzeko balioko dio jendeari, berriak sortzeko, garai hartan zer aldarrikatzen zen ikusteko, eta gaur egun zer lortu den eta ez den aztertzeko".

Aldarri horietako batzuk egun oraindik erabiltzen badira ere, askok eta askok ez dute orduko "esanahi bera", artistak gogorarazi duenez. Eta badira egun ahoz aho dabiltzan arren orduko kroniketan agertzen ez zirenak ere. "Emakumeen eskubideei lotutako aldarriek, esaterako, ez zuten gaur duten indarra. Abortuari buruz, berdintasunari buruz hitz egiten zen orduan ere, baina aldarrikapen feministak zabalduago daude gaur egun, eta egunkarietako orrialde gehiago hartzen dituzte", zehaztu du artistak.

Alderaketa hori egiteko balio du, hain zuzen ere, erakusketan ikus daitekeen beste obra batek. Bideo instalazio bat da, eta Gasteizko manifestazio bateko irudiak erakusten ditu. "Frantzia kaleko manifestazio bateko irudiak dira, museoaren parean grabatutakoak. Kale horretatik igarotzen dira Gasteizen egiten diren manifestazio gehientsuenak", zehaztu du artistak.

"Arrakala" bat abiapuntu

Erakusketan ikusgai dago, halaber, 2021ean museoak bere bildumarako eskuratu zuen Laboratorio en Transición lana osatzen duten hainbat objekturen hautaketa bat. Lan hori Arabako Gobernu Zibil zaharreko funts dokumentaletan egindako ikerketatik abiatuta osatu zuen Lekuonak. Ehun objektutik gorako multzo bat bildu zuen: argazkiak, dokumentuak, planoak, mapak... Eta esku hartu zuen horietako batzuetan, garai hartako imajinario politikoarekin eta botereak igorritako mezuekin lotura zuten hitzak, esaldiak edota aldarriak idatziz.

Hain zuzen ere, bi mutur horien arteko eremuan dago erakusketaren muina, Enrique Martinez Goikoetxea komisarioaren hitzetan: "Trantsizioan izan ziren bi muturretako diskurtsoen arteko eremuan sortzen diren idealak erakustea da erakusketaren helburu nagusia. Hortik dator izenburua ere. Arrakala horretan sakondu nahi izan dugu. Hori izan da abiapuntua".

Bi horma irudiak testuinguruan jartzez gain, artistaren lan prozesua ere erakutsi nahi izan dute arduradunek erakusketan. Horretarako, ikusgai jarri dituzte Lekuonak mural berria osatzeko egindako marrazki eta zirriborroetako batzuk.

Erakusketaren bueltan hainbat egitasmo ere antolatu dituzte museoan. Irailaren 22an, erakusketa ireki berritan, Martxoaren 3ko abestiak: ahanzturaren eta inpunitatearen kontrako musika emanaldia egin zuten, Memoria Gara taldearekin elkarlanean. Eta urriaren 27an, ostiralarekin, Nerea Lekuonaren eta Sejo Carrascoren arteko solasaldia egingo dute Artiumen, Juan Ibarrondo moderatzaile dela. 18:30ean izango da.

idealak

Idealak

Nerea Lekuona

Artium (Gasteiz, Araba)

2023ko Irailaren 22tik
2023ko Abenduaren 10era


argiari-bidea-eman

Argiari bidea eman

Naia del Castillo

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Uztailaren 24tik
2026ko Irailaren 20era

walker

Walker

Tsai Ming-Liang

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 18tik
2026ko Abenduaren 06ra

essence

Essence

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.