artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Bizitza ehuntzen duten hariak

'Eva Lootz. Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu' erakusketa zabaldu dute Donostian, Kutxaren Kubo aretoan. Diziplina ugari landu ditu artista austriarrak, eta haren obra aztertzeko aukera ematen du bildumak.

bizitza-ehuntzen-duten-hariak
Eva Lootz artistaren 'Zu eta ni II' instalazioa, Donostiako Kubo Kutxa aretoko erakusketan. Arg/ JAGOBA MANTEROLA - FOKU

Ainhoa Sarasola [BERRIA.eus]
| 2024ko Maiatzaren 2a

Obren bidez, ihesi doan denboraz, inkomunikazioaz, presentziaz eta absentziaz, eta gizakiaren beste hainbat kezkari buruz hitz egin izan du bere ibilbide osoan Eva Lootz artista plastikoak (Viena, 1940). Hariak baliatu izan ditu horretarako, korapiloak eta sokak ere bai, harea beste hainbatetan, edo papera bestela. Eta eskultura edo instalazioetara ez ezik, bideo nahiz marrazkietara ere eraman ditu ideia horiek. Guztiak ageri dira, molde batean edo bestean, Donostiako Kutxaren Kubo aretoan zabaldu berri duten bilduman. Hain zuzen, artistaren obra eta ibilbidea aztertzeko aukera ematen du Eva Lootz. Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu erakusketak. Abuztuaren 25era bitarte egongo da irekita.

Lootzen ibilbidea xehatu du Ane Abalde Kutxa fundazioko Arte eta Ondareko zuzendariak, eta nabarmendu, 1970eko eta 1980ko urteetan Espainian "eskulturaren eszena berritu zuten artisten belaunaldikoa" dela —1960ko hamarkadatik Madrilen bizi da—. "Artista horiek artearen kontzeptua zabaltzea eta lan prozesuei lehentasuna ematea aldarrikatzen zuten. Hala, Lootzen sorkuntza ana artearen joera esperimentalen barruan kokatzen da, eta oso lotura estua du post-minimalismoarekin". Abaldek gogorarazi duobra osoan "etengabe" landu dituen gaien arteanmemoria, denbora, isiltasuna eta gizakiaren funtsezko beste hainbat auzi daudela. Eta horiei heltzekodiziplina ugari jorratu izan dituela: tartean, marrazkia, eskultura, bideoa eta instalazioa.

"Osasun arazo txiki bat" tarteko, artista ez da aurkezpenean izan, eta Lola Duran komisarioak eman ditu erakusketari buruzko azalpenak. Aurreiritzirik gabe joateko eta murgiltzeko gomendatu die ikusleei.

Lootzek 1993 eta 2013 bitartean egindako 42 obra dira ikusgai daudenak, oso molde desberdinetakoak, eta bost gunetan banatuak. Artistaren instalazio esanguratsuenetako bi daude tartean, baita hiru ikus-entzunezko lan ere, eta orain arte inoiz erakutsi gabeko paperezko lan sorta bat ere jaso dute erakusketan.

Sokak, eskuak, harea

Sarreraren alboan dagoen lehen aretoan, Esku artean (2011) ikus-entzunezko lana ikusi ahal izango du bisitariak lehenik. Bitan banatutako pantailan, hari edo soka jolasean ari diren bi lagunen eskuak ageri dira. Hari edo soka fin bat hatzen artean hartu, askotariko formak egin, eta parean den lagunaren eskuetan uztean datza jolas horrek, eta horretan ari dira bideoan ageri diren pertsonak. Duranek azaldu duenez, haurtzaroko jolas moduan da ezaguna gure kulturan, baina antzinako herri askoren tradizioan ere badago. Korapilo bat eginez hasten da beti jolas hori, eta obra horretan "korapiloak hainbat kulturatan duen garrantziaz" hitz egiten du artistak. "Memoria kolektiboan dagoen lengoaia batekin lotzen du berak; loturakkomunikazioa iradokitzen ditu, eta bera harien eremura eramaten du horrek, pentsamenduak ordenatzera, bizitza ehuntzeraeta, ehuntze horretan, mundu femenino batera".

Areto nagusian, berriz, bi instalazio jarri dituzte, espazio handi banatan. "Eva aitzindarietako bat da instalazio eskultorikoak sortzen, eta haren xedeetako bat da espazio inguratzaileak sortzea, bisitaria haietan murgildu dadin. Modu horretan, lotura bat sortu nahi du ikuslearekin, komunikazio bat".

Lehenik, Zu eta ni I (1997) izenekoa topatuko du bisitariak. Mahai luze bat ageri da, mutur banatan bi aulki huts eta harea zuriz betetako plater bana dituena. Mahaikiderik, ordea, ez da ageri. "Absentziaren presentziaz egiten du gogoeta. Evak normalean ez ditu pertsonaiak agertzen bere lanetan, baina haien arrastoa hor dago", komisarioaren hitzetan. Gertutik begiratuz gero, bisitaria ohartuko da plater batek besteak baino harea gutxiago duela; zulo txiki bat du azpian, baita mahaiak ere, eta lurrean harea pila txiki baten arrastoa dago. "Galeraz ari da, denboraren iragateaz, momentuek irrist egiteaz, hutsuneaz, bakardadeaz". Sentsazio hori areagotzen duten hiru argazki daude mahaiaren bueltako hormetan; hitz bat ageri da bakoitzean —ni, eta, zu—, alemanez, eta piztuta dagoen kandela baten forman idatzita.

Aldameneko gunean, beste instalazio handi bat dago: Zu eta ni II (2000). Harea zuri eta fina da osagai nagusia berriro ere, baina lurrean zelai bat osatuz ageri da oraingoan, eta marra beltzez lau sailetan zatitua. Alor bakoitzaren gainean, ertz batean, oinetako pare bat dago, beste pare batekin aurrez aurre jarrita. "Eremu zuriek eta beltzek inkomunikazio fisikoaz hitz egiten digute, muga batzuk zehazten dituztelako. Halaber, oinetakoek ahots batzuk hedatzen dituzte, eta, teorian, elkarrizketa bat dago. Baina entzutera hurbilduz gero,bakarrizketak direla jabetuko gara".

Hurrengo aretoan, ikus-entzunezko beste bi lan ikusi ahal dira: Zulo txiki bat baino ez da nire bularrean (2004) eta Puntu itsua (2005). Lehenean, zulo beltz bat ikus daiteke, eta harea haren barrura etengabe labaintzen. "Berriro ere, presentziaz eta absentziaz, eutsi ezinaz ari zaigu artista". Bigarren bideoan ere, borobil ilun bat ageri da erdian, baina begi bat da oraingoan, eta, puntu itsuen metaforaren bidez, "bizitzan eta historian puntu itsu batean egon direnak" ekarri nahi ditu gogora, "tartean, emakume filosofoak". Bi lanak bata bestearen segidan proiektatzen dira, etengabe.

30 urtez kaxa batean

Goiko solairuan, soken marrazki sail baten alboan, Manilaren gela obra osatzen duten lanen sorta jarri dute ikusgai. Hain zuzen, gauzak biltzeko erabili ohi den Manila papera zimurtuz edo korapilatuz, askotariko pieza txikiak sortu zituen artistak: soineko bat, belarritakoak, lepokoak, poltsak, zapatak... 1993an ondu zituen, Lanzaroten (Kanaria Uharteak) egonaldi batean parte hartzen ari zela, eta "oso sorta berezia" da, komisarioak azaldu duenez. "Erakusketan zer aurkeztuko genuen pentsatzen ari ginela, artistaren estudioan kartoizko kaxa bat agertu zen; gordea zuen, eta ez zuen 30 urtean ireki. Han zeuden pieza haiek, paper oso delikatu eta aldi berean oso sendo batean egin zituenak". Jendaurrean inoiz erakutsi gabeak dira, beraz.

Erakusketaren osagarri, hainbat jarduera biltzen dituen programa ere osatu dute. Bisita gidatuez gain, idazketa tailer kolektibo bat gidatuko du Oier Guillanek, ekainaren 1ean eta 8an; dantza eta gorputz tailer bat, berriz, Mafalda Saloiok, ekainaren 15ean; eta, tailerretako parte hartzaileek idatzitako materialetan oinarrituta, Javier Barandiaran eta Maite Mugerza aktoreek pieza bat sortu eta eszenaratuko dute Zu eta ni II obra instalatuta dagoen lekuan, uztailaren 11n eta 25ean.


barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

15-zeramika-masterra

15. zeramika masterra

Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 03tik
2026ko Agorrilaren 27ra

museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Ondarearen etxea (Maule-Lextarre, Zuberoa)

2026ko Urtarrilaren 26tik
2026ko Irailaren 06ra

generation-volta

Generation Volta

Sanlé Sory

Sakana (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Agorrilaren 01etik
2026ko Urriaren 01era

xabier-morras

Xabier Morrás

Kubo Kutxa aretoa (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Urriaren 23tik
2027ko Otsailaren 07ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.