artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Baionako Euskal Museoko eta Gordailuko metala urtuz egin joareak aurkeztu ditu Nader Koochakik

'Museoa Urtu' deitu dute Nader Koochakik aurkeztu duen egitasmoa. 54 joare ekoitzi ditu metalezko joare eta tresnetarik abiaturik. Haien soinua grabatuko du, eta neguan aurkeztuko du bilduma. Proiektua "eginkizun post-etnografiko" batean kokatzen du.

baionako-euskal-museoko-eta-gordailuko-metala-urtuz-egin-joareak-aurkeztu-ditu-nader-koochakik
Nader Koochaki eta Jean Michel Barreix, Baionako Euskal Museoan. PATXI BELTZAIZ

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2025eko Maiatzaren 17a

Bi museoetako metalezko ondarea urtu, joare egin eta Zuberoako mendietako artzainei banatu. Nahiz eta sinplea iruditu, Nader Koochaki soziologo eta artistak kontatu du "bide luzea" egin duela Baionako Euskal Museoan aurkeztu duen Museoa urtu proiektuaren emaitza materialera iristeko. Lau urteko lanketa artistikoaren egiteko, Euskal Kultur Erakundeak, Baionako Euskal Museoak eta Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak lagundu dute Koochaki Euskal museoko eta Gordailuko metalezko tresnei "bizia ematen".

Lau urte hauetan, joare zaharrak eta nagusiki golde zatiak eta aizkora buruak urtu ditu Koochakik 54 joare egiteko eta ondotik Zuberoako mendietan banatzeko. Egitasmoa ez da bakarrik joare ekoizpenean mugatzen, sortuko duten "musika" grabatuko baitu Koochakik. "Ez da ohiko proiektua. Joareei erabilera aurkitu diet Zuberoako artzainen artaldeetan. Behin ardiei jantzirik, soinua grabatuko dut uda honetan, eta soinu bilketaren emaitza neguan aurkeztuko dut".

Funtsean, museoaren funtzioa galdekatzen du Koochakiren proiektuak. Haren irudiko, kontserbaziolana "erabat" aldatzen du Museoa urtu egitasmoak. "Museotik haratago erabilera bizi bat dute joareek, entzungai izanen baitira eremu bizi batean, mendian, udan eta manera librean". Hortaz, obren kontserbazioa "lan tresna" gisa hartu du artistak, proiektuaren ikuspegi zurrun eta zientifikoa urtu baitu haren ustez. "Galduko dugu orain arte izan dugun tratamendu kontserbazionista". Museoek obrak hartu, sailkatu eta erakusten dituzte, baina joareak lurraldean banatuz, Euskal Museoa "zeregin post-etnografiko" batean jarri du,Koochakik adierazi duenez.

Museoko joareen melodia mendietan aditu dadin, Jean Michel Barreix Urdiñarbeko (Zuberoa) artzaina hor zen Koochakiren ondoan, Euskal Museotik aterako den lehen joarea ukaiteko. Haren arabera, "plazer handiz" hartu zuen proiektuaren ideia, eta mendira igateko prest duen hirurehun ardiko artaldean emanen du joarea Barreixek. "Baionaraino jin naiz artaldean emanen dudan zintzarria hartzeko. Nader [Koochaki] jin zelarik, etxeko zintzarri bat prestatu nion haren irudiko bat egin zezan". Joarea eskuetan, proiektuaren "alde bizia" agerian eman du artzainak. "Biziki ontsa" iruditzen zaio etxaldean duela mende bat baliatzen dituen joareen irudikoak "bizirik" segi daitezen, artzaintza oraino luzaz bizitzeko obra sinbolikoa egin baitu Koochakik.

Ekoizpen prozesua

Museoetako metalezko ondarea zaharra denez, Koochakik zailtasunak izan ditu materiala urtzeko, eta, oro har, kexu da ekoizpen prozesua korapilatsua izan dela. Joare zaharrak ez bakarrik, goldeak, tira-perrak eta aizkora buruak urtu ditu joareen egiteko. Urtze teknika ez da ohikoa izan, lehenik joare egileak baliatzen duen joareari forma egiteko tola egitea ezinezkoa izan zaielako. Ondorioz, ekoizpen gehigarriaren teknika erabili zuten metala maneiatzeko. "Metala urtzeko gasarekin zati txikitan zatitzen da: atomizazioa deitzen da prozesu hori".

Behin urturik, hots, metala salda moduko likido bat zelarik 3D inprimagailu industrial baten bidez forma eman zien joareei. Prozesua Donostiako ikerketa zentro batean hasi zuten, baina arazo tekniko batzuk tarteko, Alemaniara igorri zuten metala. Zikinkeriaz beteriko metala zen, eta Koochakikazaldu du atomizatzailea ere hautsi zuela. Ondorioz, metala urtzeaz gain, garbitu behar izan zuten atomizazio prozesua hasi baino lehen. Azken fasea, berriz, joare egile batek egin du, letoizko geruza bat emanez joare bakoitzari eta labe tradizional batean sartuz geriza finka zedin.

‘Soineko Paisaia' osatuz

2023an Soineko Paisaia proiektua aurkeztu zuen Koochakik. Euskal Kultur Erakundeak eta Baionako Euskal Museoak bultzatu proiektua zen hura ere, eta haren segida da Museoa Urtu, Katixa Dolhare Zaldunbide Euskal Kultur Erakundeko lehendakariaren arabera. "Museoa Urtu ez da gaur hasi. Proiektu orokor baten bilakaera bat ikusten dugu egun. Soineko Paisaia egitasmoaren segidatzat hartzen ahal da egungoa". Horren karietara, EKEren misioetan sartzen da kultura eta ondarea baloratzea eta biziberritzea. Justuki, Dolhare Zaldunbidek uste duMuseoa Urtu aurkeztuzerakustokiko "lau pareta mutuetatik" haratago zabalduko dutela haien xedea.

Bertzalde, erantsi du joareak objektu ederrak direla begietarako eta belarrietarako. Gainera, museoaren eta museotik kanpoaren arteko lotura eraikitzen dute. Izan ere, Dolhare Zaldunbidek gaineratu duenez, joareek hiriaren eta baserriaren lotura egingo dute, baina baita kostaldearen eta barnealdearen arteko lotura ere. Gordailuko objektuak ere ekoizpen oinarri izan direnez, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko zubia eraikiko dute joareek. Azken finean, Dolhare Zaldunbideren iritziz, "Koochakik ondarea sorkuntza iturri egin du, zintzarri berrietatikpolifonia berri bat sortuz".


itzalek-diotena

Itzalek diotena

Ihintza-Chole Hargous Aranburu

Posta aretoa (Urruña, Lapurdi)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 16ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.