artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Artium museoak Esther Ferrer eta Gema Intxausti artisten artxiboak gehitu dizkio bere funts dokumentalari

Bilduman dauden edo museoaren programen parte diren artisten artxiboak katalogatzea eta zabaltzea da Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren jarduera-ildo estrategikoetako bat. Legatu dokumental hori funtsezko ondarea da azken hamarkadetako eztabaida eta praktika artistikoen kontserbazio, ikerketa eta zabalkunderako.

artium-museoak-esther-ferrer-eta-gema-intxausti-artisten-artxiboak-gehitu-dizkio-bere-funts-dokumentalari
Artxiboko lanen aurkezpena. Arg/ Quintas

| 2025eko Irailaren 24a

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, bere helburuen artean du Bildumari eta museoaren programei loturiko artisten dokumentu-ondarea kontserbatzea. Artxibo eta funts dokumentalek osagai dituzte artistek eta kultura-eragileek beren jarduera profesionalean zehar sortutako materialak, eta, hala, haien ibilbideak dokumentatzen dituzten material multzo antolatuak dira. Horietan jasota daude artisten lanaren memoria eta lan hori ahalbidetu duten prozesu, ideia eta erlazioak ere. Eta biziki baliotsuak dira lekukotasun bakoitzaren izaera bereziagatik nahiz materialen izaera heterogeneo eta zabalagatik: gutunak, idatzi pertsonalak, zirriborroak, testu argitaragabeak, proiektuak, material grafikoak eta ikus-entzunezkoak, prentsako ebakinak, gonbidapenak eta jarduera artistiko profesionalari loturiko bestelako dokumentuak.

Oro har mota desberdinetako materialak direnez —idatziak, argazkiak, bideoak, gutunak…— arreta espezializatua eskatzen du haien tratamenduak, epe luzera begirako kontserbazioa bermatzeko eta, aldi berean, ikerketarako eta publikoaren ezagutzarako kontsulta eta zabalkundea ahalbidetzeko. Funtsak aztertu, katalogatu eta digitalizatutakoan, adituen eskura jartzen dira, ikerketa- eta prestakuntza-proiektuak garatzeko; gainera, hala eskatzen duten museoaren publiko guztien eskuragarri ere jartzen dira. Alderdi horretatik, Dokumentazio Zentroaren lana giltzarria da erakundearen proiektu orokorrean, bai ondare publikoa eta azken 70 urteetako artearen testuinguruko memoria kontserbatzeko konpromisoari dagokionez, bai museoaren programei eta bildumari loturiko lan zientifikoari dagokionez.

Dokumentazio Zentroa etengabeko bilakaeran murgilduta dago; horren erakusgarri, Esther Ferrer artistaren (Donostia, 1937) funts dokumentala eskuratu du, berriki, eta funts hori lantzen ari da, 2025ean zehar Gema Intxausti (Gernika, 1966) eta José Félix González Placer (Vitoria-Gasteiz, 1951–1991) artisten funtsekin egin bezala.

Esther Ferrer

Esther Ferrerren artxibo digitala, berriki eskuratua eta Dokumentazio Zentroa gaur egun katalogatzen ari dena, funts berezia da, artistaren jardueraren etapak zehatz-mehatz dokumentatzen dituen heinean, laurogeita hamarreko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte. 6.000 dokumentu digital baino gehiago biltzen ditu; horien artean, autorretratuen sailak, erakusketetako dokumentazioa, maketak eta proiektuak, soinu eta ikus-entzunezko materialak. Artium Museoa artistarekin lankidetza estuan katalogatzen ari da azkenaldiko artearen historiari hurbiltzeko oinarri-oinarrizkoa den funts hau, artearen hizkuntza berriekin, performancearekin eta feminismoarekin irmo konprometitutako lan baten bidez hurbiltzeko artearen azkenaldiko Historiara.

Gema Intxausti

2022. urtean, Gema Intxausti artistak bere ibilbide artistikoari loturiko dokumentazioa —pertsonala, sorkuntzari dagokiona nahiz profesionala— biltzen zuten artxibo eta karpeten zazpi kutxako funts dokumental bat dohaintzan eman zion museoari. Funts horretan, garrantzi berezia dute 80ko hamarkadaren amaieratik 2000. urtearen hasierara bitarteko praktika feministei, kontzeptualei eta diziplinartekoei buruzkoek. Funtsa katalogatzeko lanak amaituta, dagoeneko eskuragarri dago museoaren webgunean, sorkuntza artistikoaren eta testuinguru sozialaren arteko erlazioan eta arte garaikideko narratiba pertsonalen eta kolektiboen uztarketan sakontzeko, interes bereziko gaiak biak ere Intxaustiren ibilbidean.

José Félix González Placer

2021eko irailean, gasteiztar artistaren familiak museoari dohaintzan eman zion haren funtsa; gazterik hil zen artista, baina funts oparoa osatu zuen, beste material batzuen artean bildurik animazioko proiektuetara zirriborroak, idatziak, storyboardak eta apunteak, ohar-koadernoak edo askotariko dokumentazioen karpetak, Leioako Arte Ederren Fakultatean irakasle egindako etapakoak batzuk. Euskadiko animazio esperimentaleko zinema, praktika grafikoen, idazketaren eta ikus-entzunezko artearen arteko erlazioak nahiz 90eko urteetako gizarteko testuingurua eta garai hartan gertatutako "hiesaren krisia" aztertzeko funtsezkoa den corpus hau lehengoratu eta katalogatu du Dokumentazio Zentroko lantaldeak azken urteotan.

Artisten beste artxibo batzuk

Artxibo berri horiekin egindako lana museoak aldez aurretik beste artista batzuen ondarearekin egindakoari gehitzen zaio. Horien artean dago Junca Ballestínen (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015) artxiboa, 2021ean Anesvad erakundeak dohaintzan emana. Hain zuzen ere, Gasteiztar sortzaileari eskainitako Bizitza ariketa gisa erakusketaren parte izan zen, eta Dokumentazio Zentroak artistarena artxibo pertsonalari buruz egindako antolaketa-, digitalizazio- eta katalogazio-lanaren emaitza biltzen duen 2024ko argitalpen baten oinarri. 2023an Rafael Lafuente artistaren (Vitoria-Gasteiz, 1936-2005) artxiboa dohaintzan eman zion haren familiak museoari, artistari eskainitako Composiciones – Konposaketak erakusketa prestatzeko prozesuan harekin lankidetza estuan aritu ondoren, eta adituek aztergai dute, gaur egun, Santiago Arcediano historialariarekin lankidetzan argitaratzeko. Aipatzekoa da, halaber, Néstor Basterretxearen (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014) funts dokumentala, 2023an familiak museoari emana, hartan oinarritu baitzen artistaren jaiotzaren mendeurrena zela-eta Artium Museoak 2024an hari buruz antolatutako erakusketa. Era berean, Juana Cimak (Caibarién, Kuba, 1951) dohaintza bat formalizatu zuen 2022an, bere ibilbidea dokumentatzen duten hainbat katalogo, liburuxka, kartel, prentsa-artikulu eta aldizkari biltzen zituena, baita apunte-koaderno batzuk, dokumentazio pertsonala eta 100 argazki inguru ere, pertsonalak nahiz bere lanenak eta erakusketenak; ordenatuta eta digitalizatuta, artistaren pentsamendu kritikora eta irakaskuntza-jardunera hurbiltzen laguntzen dute, eta horietan oinarriturik prestatzen ari da museoa artistari buruzko erakusketa, 2026. urteari begira.


hirugarren-paisaia

Hirugarren paisaia

Maria Azkarate

Nafarroako museoa (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Maiatzaren 15etik
2027ko Apirilaren 04ra

esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 14tik
2026ko Abenduaren 31era

gorputz-geometrikoak

Gorputz geometrikoak

Eduardo Txillida

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2026ko Ekainaren 25etik
2026ko Urriaren 26ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.