artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Isaak Diezen obra eta bizitza "itzalpetik" atera du Arabako Arte Ederren Museoak

Artista arabarraren hiru pintura ikusgai jarri dituzte 'Isaak Diez (1891-1962). Artista arabar baten bizitza eta obra' erakusketan. Ia ezezaguna den sortzaile horren ibilbide artistikoa eta militantzia politikoa ezagutzeko parada ematen du bildumak.

isaak-diezen-obra-eta-bizitza-itzalpetik-atera-du-arabako-arte-ederren-museoak
Isaak Diezen 'Emakume ijitoa' obra Arabako Arte Ederren Museoan. RAUL BOGAJO / FOKU

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2025eko Urriaren 10a

Isaak Diez sortzailearen (Gasteiz 1891-Venezuela 1962) ekoizpen artistikotik jatorrizko pieza gutxi geratzen dira gaur egun, eta haren margolan gutxi daude bilduma publikoetan. Artistari buruzko bibliografia ere urria da, eta dagoen informazio asko, gainera, garai hartako material grafikoaren bidez ezagutzen da. Adituen hitzetan, Ignacio Diaz Olano, Obdulio Lopez Uralde eta Adrian Aldekoa garai hartako artisten "itzalpean" geratu zen Diez, "bigarren mailan", baina artista "handia" izan zen, askotariko diziplinak landu zituena.

Arabako Arte Ederren Museoak artistaren hiru margolanekin osatu du Isaak Diez (1891-1962). Artista arabar baten bizitza eta obra erakusketa, baina hiru pintura horiek baino gehiago da bilduma. Diezen bizitzaren eta ibilbide artistikoaren inguruko ikuspegi zabala ematen du erakusketak, baina, batez ere, "itzalpetik argitara" ekartzen ditu Arabako historian "urardotuta" geratu den artista horren lana, militantzia politikoa eta bizitza. 2026ko apirlaren 12ra arte zabalik egongo da.

Erakusketara doanak artistaren aurpegia ikusiko du beste ezer baino lehen. "Oso zaila da Isaak Diezen irudi bat topatzea, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun haren aurpegia erakustea", azaldu du Ana Arregi Barandiaran artearen historialariak. Artistaren irudiarekin batera, haren bizitzaren pasarterik garrantzitsuenak irakur daitezke zenbait testutan.

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta bertako irakaslea izan zen. Margolaria, eskultorea, gidoilaria eta aktorea izan zen, besteak beste. Zinemagintzan egindako lanari dagokionez, Josetxo filmaren zuzendari eta aktorea izan zen —Araban filmatu zen lehen filma da, eta gaur egun desagertuta dago—. EAJn aktiboki militatu zuen, eta 1936ko gerraren ondoren erbesteratu egin zen, lehenik Frantziara eta gero Venezuelara.

Sormena eta militantzia, eskutik

Artistak zenbait garaitan pintatutako hiru margolan ikus daitezke erakusketan.1914koa da haietako bat: Emakume ijitoa. Diezen pintura goiztiarra da, 23 urterekin margotutakoa, bere ibilbidearen hasieran. Margolariak egindako proba batizan zen, artean errepertorio eta molde propioaren bila zebilela. Emakume ijitoak, majak eta manolak ohikoak ziren XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehen hereneko artista askoren lanetan; museoaren bilduman bertan, adibidez, badira zenbait egilerenak: esaterako, Daniel Zuloaga, Juan Etxebarria eta Gustavo Maezturenak. Hain justu ere, Maezturen Emakume dantzaria margolanak eta Diezen Emakume ijitoa-k hainbat ezaugarri komun dituzte: emakumearen irudi eskultorikoak dira biak, eta folklore eta konstumbrismoaren sinbologia oso presente dago.

1934. urtea garrantzitsua izan zen Diezen bizitzan. Alde batetik, gogotik parte hartu zuen EAJren Aberri Eguna antolatzen —politikoki zein artistikoki—, eta, bestetik, jaioterria atzean utzi eta Errenteriara (Gipuzkoa) joan zen bizitzera. Gainera, urte horretan Gasteizen ospatutako Aberri Egunerako egitaraua eta kartela egin zituen. Afixa horretan, gizon bat eta emakume bat kateaturik ageri dira, zazpi probintzien armarriari —Zazpiak Bat deritzona— eusten daudela.

Urte berekoak dira, halaber, artistaren margolan ugari. Gasteizko Circulo Vitoriano elkartearen aretoetan egindako erakusketa batean haren lan batzuk erakutsi zituzten —Frutak, Nire ama, Loreak, Erromeria, Lautada (Araba)... — Adrian Aldekoa eta Aurelio Vera-Fajardoren pinturekin batera.Arabako Arte Ederren Museoan ikusgai dagoenGasteizko ikuspegia obra ere garai berekoa da. Zehazki noiz pintatu zuen ez dago argi, baina ziurtzat jotzen dute 1936ko gerraren aurrekoa dela.

Margolanean Gasteiz hiriaren ikuspegi zabala ikus daiteke, non elizetako dorreak nabarmentzen diren;bereziki, Santa Maria katedralekoa: Arabako hiriburua inguratzen zuten laborantza lurrak aurreneko planoan ageri dira, eta industrializazioaren lehen arrastoak ikus daitezke. Kolorea da margolanaren bereizgarria: tonalitate askotako zuhaitz berdeak, eta arrosa eta malba koloreko zerua.

Urte hartan bertan, 1934an, Errenteriara joan zen bizitzera, Arte eta Lanbide Eskolan eszedentzia hartuta. Ez dago argi zer dela-eta joan zen hara, baina han marrazketa eskolak ematen jarraitu zuen. Hala ere, Diezek jaioterriarekin lotuta segitu zuen, Arabako hainbat pintura lehiaketatan esku hartuz. 1936. urtean, adibidez, Arabako Artisten Pinturen Erakusketan parte hartu zuen, eta hiru margolan eraman zituen hara: Nire estudiotik, Gipuzkoako bazterra eta Txistu-txiki.

Hain zuzen ere, Txistu-txiki da museoak ikusgai jarri duen hirugarren lana. 1936an pintatu zuen, eta Narkisi eskainita dago, bere semeetako bati, alegia. Txapela eta kaikua jantzita ageri da txistulari gaztea, txistua eta danbolina jotzen. Bigarren plano batean, nabarmen lausoago ageri dira emakume batzuk, frutaz beteriko saskiak buruan daramatzatela. Landa eremuaren irudi idilikoa iradokitzen du margolanak, kostunbrismo etnografikoaren isla.


web

Web

Mona Hatoum

Iruñeako Zitadela (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Urriaren 01etik
2026ko Azaroaren 15era

bertopaketak

Bertopaketak

Anton Hurtado

Juan Manuel Lumbreras (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Irailaren 17tik
2026ko Urriaren 23ra

uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

fantasia-eta-arrazoia

Fantasia eta arrazoia

Goya

Arabako Arte Ederren Museoa (Gasteiz, Araba)

2026ko Maiatzaren 18tik
2027ko Otsailaren 28ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.