artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Elkarrekin egoteko moduak birpentsatzeko zenbait gako

Marlene McCarty: Sasi guztien gainetik. | Non: Donostiako Tabakaleran. | Noiz arte: 2026ko otsailaren 1era arte.

elkarrekin-egoteko-moduak-birpentsatzeko-zenbait-gako
Marlene McCartyren erakusketa, Donostiako Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2025eko Azaroaren 7a

Ez dut atsegin inaugurazioetara joatea. Erakusketa taxuz ikusteko arazoak egoten dira, eta jendea erruz izaten da; erakusketak ikusteko egunak baino gehiago, gure espezie berekoekin sozializatzeko egunak izaten dira. Baina bertaratzen ez naizen arren, batzuetan, telematikoki loturaren bat izaten dut: tarteka, whatsappera argazkiren bat iristen zait, eta nire jakin-nahia martxan jartzen da. Hala gertatu zitzaidan Tabakaleran ikusgai jarri duten Marlene McCarty artistaren Sasi guztien gainetik izeneko banakako erakusketarekin —Maite Garbaio-Maeztuk komisariaturikoa—.

Izenburutik beretik hasita piztu zuen nire arreta erakusketak: euskara hutsekoa da; gaztelerarako itzulpenik gabea; egun, oso ohikoa ez dena. Beraz, zalantzarik gabe, euskal testuingurua presente zuen erakusketa zen, baina, era berean, protagonistatzat emakumezko artista amerikar bat zuen. Gainera, itxura guztiz, ikuspegi feminista batetik proposatutako ekoizpena ere izango zen, Garbaio-Maezturen ikerketa ildoak ezagututa. Eta pieza horiekguztiek nire jakin-nahia are gehiago elikatu zuten.

Bertaratuta, lehen ustekabekoak erakusketaren kokalekua eta tamaina izan ziren. Tabakalerako jardute modu nagusia paraleloan bi erakusketa izatea da: bata, espazio txikiagoko aretoan, 2 zenbakiarekin identifikatzen dena; eta bestea, normalean erakusketa nagusia izan ohi dena, harrera espazio batek erditik banatzen dituen bi espazio luzez osatutakoa izan ohi da. Oraingoan, ordea, hiru erakusketa daude batera: espazio txikikoaz gain, handiaren hegal bakoitzean beste bat dago; horietako batean, McCartyrena. Eta ustekabeko hau benetan positiboa izan zen, instituzioaren proposamenei freskotasuna eskaintzen die eta, espazio aldetik eraldaketa handirik izaten ez duen aretoari hain zuzen: beti zuri, beti luze. Mugimenduak erakusketetara beste gorpuzkera batekin —abegikorragoa agian— sartzea ere badakar.

Hala, espaziora daraman pasilloan barneratzearekin batera, mostrako lehen artelanarekin topo egiten du bisitariak aurrez aurre. Ez du beste aukerarik. HUG ME(2006) izenekoa da, grafito eta boligrafoz egindako tamaina handiko marrazkia, non altuera bereko orangutan kume bat eta haur bat aurrez aurre agertzen diren, bata bestearen ispilua izango balitz bezala. Orangutana bisitariari begira agertzen da, eta bisitariak begirada itzuli besterik ezin du egin. Gorputz atal batzuk dituzte akuarelaz azpimarraturik: orangutanak bere azal iletsu eta biluzia; haurrak, gainetik jantzia duen eta gorputz-azala estaltzen dion oihala. Gizarte patriarkalak mendeetan zehar sinetsarazi dizkigun ezberdintasunak dituzte azpimarraturik hala: bataren ustezko izaera basatia eta bestearen balizko zibilizazioa.

Eta lan honetatik aurrera, erakusketa osatzen duten beste marrazki eta instalazioek ideia horietan sakontzen eta arakatzen jarraitzen dute, erpin ezberdinetatik. Hor haren aberastasuna. Ustezko egia zientifikotzat eman izan diguten natura eta gizartearen arteko banaketa —lehena bigarrenaren mendekoa dela ulertaraziz— jartzen du kolokan erakusketak, (bereziki) emakumezkook mende luzeetan landareekiko izan dugun ezagutzari eta berrikiago hainbat emakumezko zientzialarik animaliekin (bereziki primateekin) egindako ekarpenei eskutik helduz.

Erakusketarako, McCartyk hainbat lan berri egin ditu, eta horien bidez ekarri du bere ikuspegia lur hauetara; mostraren tesia zerbait amerikarra ez dela agerrarazita, baizik eta hemen ere (mendebaldeko herrialdea izanik) gertatutakoa. Sasi guztien gainetik izenburuaren pean, inguruko hainbat landare bildu ditu —asko ugalkortasunaren kontrolari loturikoak—, baita euskal gizarte kolonial eta patriarkalaren zenbait ikono ere, naturak ia irentsita aurkeztuta, nahiz hauek ez egon hain begien bistan —ezaugarri patriarkalek beti izan dute ezkutatzeko gaitasuna—. Beraz, artistaren lanetan, ezagutza prozesu guztietan bezala, geruzaz geruza, detailez detaile murgildu beharra dago, haren lanen ikonografia eta konplexutasun guztira heltzeko.

Mostrak inguruko beste bizidunekin sozializatzeko aukera berriak eskaintzen ditu, patriarkatuak eskainitako moduen gabeziak azaleratuta; atzera begiratzeko proposamena eginez, aurretik izandako ezagutzak bereganatu eta aurrera jotzeko. Izan ere, erakusketatik ateratzerakoan aurrez aurre topatzen den HUG ME AGAIN(2006) marrazkiko akuarela pintzelkadek iradokitzen duten moduan, beste bizidunekiko ditugun antzekotasunak eta elkartzen gaituzten lokarriak sendoagoak dira elkarren aurka jartzen gaituztenak baino; betiere, gure begiradak eta gorputzak nola birkokatu ulertuz gero.

sasi-guztien-gainetik

Sasi guztien gainetik

Marlene McCarty

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2025eko Urriaren 17tik
2026ko Otsailaren 01era


fond-de-bain

Fond de bain

Hermann-Paul

Baionako Euskal Museoa (Baiona, Lapurdi)

2026ko Irailaren 18tik
2027ko Urtarrilaren 10era

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.