artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Tinduen zirriborroen kontserbazio delikatua

Marrazki bilduma handia du Baionako Bonnat Helleu museoak. Tindu lanak egiteko zirriborroak dira gehien-gehienak, eta, erakusleihoetan izateko, zaharberritu behar izaten dituzte. "Xinaurri lana" dela kontatu du Cecile Bignon kontserbatzaileak.

tinduen-zirriborroen-kontserbazio-delikatua
Nicolas Poussin margolariaren marrazkia, Baionako Bonnat Helleu museoan. BONNAT HELLEU

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2025eko Abenduaren 12a

Bonnat Helleu museoko obrei behaturik, nehork ez luke pentsatuko 3.500 marrazki inguru daudela Baionako museoko erreserbetako tiranteetan. Alta, artistek tindu lanak prestatzeko erabili zirriborroak bildu zituen Leon Bonnatek —1.800 marrazki inguru—,Europako arte maisu handiez pasionatua baitzen. Egun, Cecile Bignon museoko marrazki kontserbatzailea da haien zaindaria. Lehen estaian du bulegoa. Gelaren ezkerraldeanbulego administratibo baten itxurako mahaia eta ordenagailua ditu, paper frankoz hornituta, eta gelaren gainerateko guziak kimikari baten laborategia dirudi: mahai zuriak, botilatxoetan eman likidoak, pintzel lerrokadak eta hainbat foku dituen argi berezia ditu.

Marrazkiekiko pasio sutsua nabaritzen zaio Bignoni. Xehetasun guziak ezagutzen ditu, baina testuingurua "ontsa" kokatzea komeni da marrazkien ezaugarriak analizatzeko. XV. eta XIX. mende bitartekoak dira marrazki gehienak, eta artisten pentsamendutik ahalik eta hurbilen izateko bildu zituela kontatu du Bignonek. "Marrazki gehienak tindu lan bat prestatzeko zirriborroak dira. Artisten intimitatean sartzeko parada eskaintzen dute, eta anitzetan bukaerako obran ikusten ez diren gauza batzuk ikusten dira".

"Biziki" konplikatua da jakitea artistek bukaerako obra prestatzeko zenbat marrazki egiten zituzten, baina, funtsean, zirriborro marraztuek artistaren burutazioak islatzen dituzte. Ideia batekin hasi, hura marraztu, ezabatu edota artistak bertze bide bat hartu duela ikus daiteke, adibidez. Bistan daartistak ez zirela marrazki bakar batera mugatzen hastapeneko ideia ukan eta obra bukatu bitarte.

Bulegoko atearen gainean dituen marrazki batzuen fotokopiak adibidetzat hartu ditu Bignonek margolarien gogoetak esplikatzeko. Sokrates basaperrexila hartzen obra egiteko Jacques Louis Davidek Sokratesen posizioa behin eta berriz aldatu zuela kontatu du. Tindu lan osoko pertsonaia nagusia da, eta, beraz, nahiz eta besoak ezabatuagoak agertu, "ontsa" ageri da gorputza tindu lanaren erdian eman nahi izan duela.

Bignonen tailerretik kanpo dira marrazki gehienak, ordea, eta egun museoan ikusgai daudenak erakutsi ditu kontserbatzaileak. XV.eta XVI. mendeari dedikatu gelara joateko txartel ukaldika ireki ditu ateak, lasterbideak iraganez. Gela erdiko berinazko armairu beltz batzuetan erakutsiak dira marrazkiak. Tenperatura, hezetasun maila eta argi bereziak behar dituzte andeatuak ez izateko. "50 lux baino gutiagoko argia eman behar diegu, eta gehienez hiru hilabetez erakuts daitezke".

Han bertan dago Alessandro Maganzaren aingeru baten marrazkia. Manierismo garaikoa da, eta aingeruaren mugimendua lantzeko marraztu zirriborroa da. Paper gainean zirimolak ikus daitezke mugimendua ahalik eta finen irudikatzeko. Tanua irakinaraziz ukaiten zuten tinta ferrogalikoz egina da. Tanu irakina burdin herdoilduarekin nahastean, likido beltza baliatzen zuten tinta gisa.

Bigarren estaian, berriz, Nicolas Poussin margolariaren marrazkiak daude. Erregearen kabinetea hornitu zuen Bakanalaktindu lana egiteko zirriborroak daude. Obra bukatuan nahiz eta paisaia ikus daitekeen, marrazkian ez da ageri. Bignonen arabera, mugimendua eta artikulazioa pentsatzen ari zen fasean marraztu zuen obra.

Erakusgai dauden marrazkiek tinta marroia dute, denborarekin oxidatu baita. "Biziki errazki prestatzen zuten tinta, baina gaizki zahartzen dela ohartu gara: korrosiboa da, denborarekin lekuz aldatzen da eta anitzetan papera jaten du, zilatzen du". Berpizkundetik atzeman daiteke tinta ferrogalikoa. Biziki ohikoa zen tinta mota hori erabiltzea, baina, errate baterako, garai bereanPerino del Vegaksangina materiala baliatzen zuen. Tinta baino errazago erabiltzen da, ez baita bustibehar. "Tinta busti egin behar zen, eta sangina, berriz, ez;klariona modura bildu minerala da zur-ikatza eta arkatza bezalaxe, funtsean".

Paperari dagokionez, Europan atzeman zituzten lehenak XIII. mendekoak dira eta gehienak trapuz eginikoak ziren. Bonnat Helleuko marrazkiak trapuz eginiko xaflak dira, beix kolorekoak gehienak. "Biziki" kalitate onekoak dira trapukiak, eta mendeetan barna ontsa iraun dute. XVII. mendean paperaren fabrikatzeko eskaera kolpez handitu zelarik, kalitatea bortizki jaitsi zen, Bignonek erran duenez. XIX. mendetik goiti trapua ez zen gehiago lehengai gisa baliatzen, egurra ustiatzea erabaki zutelako papera ekoizteko. Kalitate "ezin txarragoko" papera egiteaz gain, pinuetatik atera erretxina erabiltzen hasi ziren papera euskarrietan kolatzeko. "Papera gaizki zahartzeaz gain, erretxinaren arrastoek marrazkiak horitzen dituzte".

Paperaren eta tintaren kalitateak marrazkien zahartzean eragiten dute, baina paperaren etsai nagusiak argia eta intsektuak dira. Fotooxidazioa deitzen zaio argiak marrazkiari ekar diezaiokeen andeatzeari, baina,hori baino gehiago, Bignonek zehaztu du gizakien istripuak guztiz suntsigarriak izan daitezkeela obrentzat. "Fite egina da paper puska bat tarratatzea eta marrazkia suntsitzea".

Zaharberritze "delikatua"

Erakusleihoan izan aitzin, marrazki bat zaharberritu daiteke, eta prozesua "luzea" da. Obraren araberakoa da, baina, egun, Jean Dominique Ingres-en Pierre Revoilen erretratuaren marrazkia zaharberritzen ari da Bignon, eta adibidetzat hartu du prozesua esplikatzeko.

Obra bakoitzak bere zauriak eta akatsak ditu, baina, kasu honetan, koadroko berina marrazkiaren gainean hautsi zen—finki erakutsi du berinak utzi arrastoa—. "Ikusten den bezala, berina hautsiak torratu du marrazkia. Uste izaten ahal da artistaren marrak direla, baina ez da hala".

Berina hautsi ondotikkoadrotik kendu zutela zehaztu du, eta bertze euskarri batera pasatzeanbazterrak suntsitu zituzten. Horregatik ageri dira zilo ttipi franko. Marrazkiak kola eranskorrek eta kolazintek utzi arrasto franko ditu, bertzalde. Orriak egoera naturala atzeman dezan iraganak utzi arrasto txar guziak kentzeko hamabortz egun behar izan ditu Bignonek.

Ondotik, hainbat fokuren azpian pasatu du, obraren geruza guziak azaleratzeko. Bertzeak bertze, lur arraseko argia baliatzen du paperak dituen tentsio guziak ikusteko. "Kolazintek paperaren gainean utzi arrastoek tentsioak sortzen dituzte marrazkiaren gainean, eta haxean ezartzeko beharra sortzen da".

Azken finean, papera bere onera jin dadin, zikinkeria geruzak kendu behar zaizkio. Gel batzuk berotuz kentzen dira denborak, eta gizakiak utzi dituen arrastoak. "Soldagailu batekin berotu dut gel berezi bat, eta kotoi txotxekin pixkanaka-pixkanaka marrazkian txertaturiko zikinkeria kendu dut". "Egiazko xinaurri lana da", gehitu du irriz.


azkenean-hondartza

Azkenean hondartza!

Claude Nori

L'Angle (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Uztailaren 19ra

kooperatiba

Kooperatiba

Taxio Ardanaz eta Carla Filipe

Tabakalera (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Uztailaren 02tik
2027ko Urtarrilaren 10era

lau-urteko-erakusketarako-deialdia-zabaldu-du-eremuak-programak

Lau urteko erakusketarako deialdia zabaldu du Eremuak Programak

| 2026ko Ekainaren 15a

Deialdia artistei eta arte garaikidearen praktiketan interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Hautaketa-epaimahaia eremuak-eko Batzorde Teknikoak osatuko du —gaur egun Iñaki Garmendia, Raúl Domínguez eta Olatz Otaloraz osatua—, Chus Martínezekin batera kanpoko gonbidatu gisa. Hautagaitzak uztailaren 5a arteko epean bidali behar dira.

rosalind-nashashibiren-get-me-a-stone-erakusketa-jarri-dute-artium-museoan

Rosalind Nashashibiren 'Get Me A Stone' erakusketa jarri dute Artium Museoan

| 2026ko Ekainaren 15a

Erakusketan azken bost urteetan ekoiztutako margolan batzuk daude ikusgai, eta horrekin batera Occupation of The Inner Life (2026) filma. Artistak Gazako egungo egoerarekin duen inplikazio afektibo eta politikoa islatzen dute Get Me A Stone erakusketan bildutako lanek. Aita palestinarraren alaba, Nashashibik hainbat lan eskaini dizkio historian zehar era guztietako indarkeria jasan duen lurralde bati.

david-hockney-88-urterekin-hil-da

David Hockney 88 urterekin hil da

| 2026ko Ekainaren 12a

Ekainaren 12 honetan iragarritako Artista britainiarraren heriotzak pintura, argazkigintza, irudi inprimatu eta ukipen-pantailen arteko zatiketak gutxitan kontuan hartu dituen ibilbideari amaiera eman dio.

san-telmo-museoak-baltzune-eta-p-003687-obrak-aurkezten-ditu

San Telmo Museoak Baltzune eta P-003687 obrak aurkezten ditu

| 2026ko Ekainaren 12a

Tractora Koop. E.-ko kide diren Usue Arrieta Otaolaren Baltzune eta Ainara Elgoibarren P-003687 obrak 2026ko ekainaren 11tik aurrera urtebetez museoko dorreoian eta elizan ikusgai izango dira Museo Bikoitza programaren barruan.

louvre

Louvre

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 11a

Louvre museoko langileak greban omen daude. Xalbat Alzugarai [Berria egunkariko] kazetariak argitaratutako erreportaje luzean ondo baino hobeto deskribatu zuen munduko museo handienetako baten egoera penagarria.

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.