artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Euskal eskulturak ez dezan gizon izena bakarrik izan

E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkartea osatzen duten hemeretzi artisten lanak bildu dituzte 'Eskultoreak hemen orain' erakusketan. Bizkaiako Batzar Nagusietan dago bilduma ikusgai, Bilbon.

euskal-eskulturak-ez-dezan-gizon-izena-bakarrik-izan
E3 Euskal Emakumezko Eskultoreen elkarteko hainbat artista, Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Iñigo Astiz [BERRIA.eus]
| 2026ko Martxoaren 6a

"Gizartearen iruditeria kolektiboan, euskal eskulturak ezin du gizonen izena bakarrik eduki, emakumezko eskultore pilo bat ere ari garelako lanean, orain, hemen". E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkarteko presidentea da Amaia Conde Chiralt artista, eta Eskultoreak hemen orainerakusketaren irekieran egin ditu adierazpenok. Elkartea osatzen duten hemeretzi emakumezko artisten lanak bildu dituzte bertan, eta, erakusteaz gainera, ikusaraztea da haren helburua. Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoan jarri dute erakusketa, eta bertan dira, besteak beste, Eider Baile, Barbara Camhi, Idoia Grijalbo, Idoia Elosegi, Arantza Munita eta Conderen beraren lanak. Apirilaren 24ra arte egongo da erakusketa zabalik.

Duela lau urte sortu zuten elkartea, eta erakusketan parte hartu duten hemeretzi artistek osatzen dute egun. Euskal Herrian jaiotakoak edo Euskal Herrian bizi diren artistak dira denak, eta guztiak emakumezkoak. 30 urteren bueltan dabil kiderik gazteena, eta 70 betetzekoa da zaharrena. Aurrez ere, Bilbon egon aurretik, beste hainbat herritan ere jarri dituzte euren lanak ikusgai: besteak beste, Barakaldon (Bizkaian), Tolosan (Gipuzkoa), Zumaian (Gipuzkoa) eta Donostiako San Telmo museoan ere egon dira aurrez, eta, zehaztu dutenez, Burgosen (Espainia) egingo dute hurrengo erakusketa, Medina de Pomar herrian.

"Oso ikusgarriak izan dira gizonak, artean orokorrean, eta euskal eskulturan ere bai, baina gu ere hemen gaude". Olatz Pereda da elkarteko kiderik gazteena. Alonsotegin (Bizkaia) jaio zen, 1993an, eta hasieratik izan da elkarteko kidea. Elkarri lotutako moduluz osatutako pieza bat jarri du erakusketan, eta, azaldu duenez, elkarteko kideen arteko harremana da bereziki inspiragarri egiten zaiona; elkarrekin duten hartu-emana.

Elena Scarati Brescia herrian jaio zen, Italian, 1972an, baina urteak daramatza Euskal Herrian bizitzen, eta Donostiako La Inversa elkartearen eta galeriaren sortzailea da. E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkarteko kidea ere bada, eta hari gorriz sortutako eskultura bat jarri du Bilboko erakusketan. Aretoaren ertz bat hartzen du piezak, eta, artistak zehaztu duenez, kilometro bete hari baliatu du hura sortzeko. Egitura organiko baten itxura du lanak, eta, hain zuzen ere, haren hitzetan, "bizitzaren prozesuak imitatuz" osatzen du bere lana. "Natura ez da minimalista", azaldu du, "maximalista da, eta, horregatik, nik neuk ere, mugarik izan ez banu, fra, fra, fra, eraikin osora zabalduko nukeen eskultura hau ere".

Eguzki lorea, babes eske

Helena Elbustok (Paris, 1966) Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Arte Ederren Ikasketak, eta dantza garaikidea eta pintura landuz hasi zuen ibilbidea. Eskultura ere lantzen du egun, eta, hain zuzen, lan horietan ere igar daiteke mugimenduarekiko duen kezka. Paperez egindako eskultura bat jarri du Bilbon ikusgai, esaterako, eta, azaldu duenez, material horren moldakortasuna da gehien interesatzen zaizkion ezaugarrietako bat.

Ate bati itsatsitako eguzki lore bat eraman du erakusketara Susana Bart artistak (Bilbo, 1977). Azaldu duenez, ekologia da bere jardun artistikoaren kezka nagusietako bat, eta hori dago Bilbon erakutsi duen piezaren muinean ere. Material birziklatuak erabiltzen ditu maiz, eta, kasu honetan, plastikoa baliatu du eskultura sortzeko. Eguzki loreak babesa irudikatzen duela gogoratu du sortzaileak, baina, kasu horretan, eguzki lorea da babes eskean dabilena. Natura.

Eta erakusketaren askotarikotasunaren erakusgarri dira Maite Canto artistak horman zintzilikatutako beira zuntzezko aurpegi erraldoia, Mari Jose Lacadenak alanbrez inguratutako eskultura delikatua, eta Arantza Munitaren eskultura geometrikoagoak.

Aurrekoetan egin bezala, Bilboko erakusketan ere bisita gidatuekin, tailerrekin eta hitzaldiekin osatu dute proposamena. Martxoaren 20an, esaterako, mahai ingurua antolatu dute Dora Salazar, Elena Mendizabal eta Mabi Revuelta artistekin, eta martxoaren 27an hitzaldia emango du Lourdes Mendez artearen antropologo feministak. Katalogo bat ere prestatu dute erakusketaren harira, eta Maria Jose Aranzasti arte historialari eta komisarioaren hitzaurre bat ere badarama.

Artistak

Eider Baile, Anabel Barberena, Maite Barrainkua, Susan Bart, Virginia Bosch, Barbara Camhi, Maite Canto, Amaia Conde Chiralt, Helena Elbusto, Idoia Elosegi Urteaga, Idoia Grijalbo, Maria Jose Lacadena, Amparo Lozano, Arantza Munita Irisarri, Olatz Pereda Bados, Nery Adriana Pradenas, Amaia Saenzde Magarola, Elena Scaratti, Elena Solatxi.

eskultoreak-hemen-eta-orain

Eskultoreak hemen eta orain

E3 Euskal Emakume Eskultoreak Elkartea

Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Martxoaren 03tik
2026ko Apirilaren 24ra


ciga-bilduma

Ciga Bilduma

Javier Ciga

Pompelo Civivox (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Otsailaren 14tik
2026ko Abenduaren 31era

esentzia

Esentzia

Erakusketa kolektiboa

Virginie Bario Galeria (Hendaia, Lapurdi)

2026ko Irailaren 12tik
2026ko Azaroaren 04ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.