artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Amesten dudana

'Aurora Bengoetxea berrikusten' | Noiz arte: maiatzaren 28ra arte | Non: Menchu Gal aretoan (Irun, Gipuzkoa).

amesten-dudana
À‚© Mikel Del Val

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2023ko Apirilaren 13a

Badirudi Artearen Historia ikasterako garaian, badirela zenbait egile, tradizionalki artista jeinutzat hartu izan direnak, eta ezinbestean ezagutu beharrekoak direla Artearen Historia taxuz ezagutu nahi bada behintzat. Pentsa al dezakezue, sikiera, Artearen Historia ikasten aritu eta Kandinskiren lanen azterketa programan ez egotea? Hala balitz, batek baino gehiagok eskuak burura eramango lituzke, ikaragarrizko sakrilegioa izango balitz bezala. Kandinski, ordea, maiz abstrakzioaz hitz egiteko erabiltzen den egilea izan ohi da. Ezin al litzateke bada berdina egin, Hilma af Klinten lanak erabilita, adibidez? Izan ere, zer ikasi, aukeratu beharra dago ezinbestean, eta aukeratzeak baztertzea dakar ezinbestean. Kandinski aukeratuz gero, Hilma af Klint zokora doa; eta Hilma af Klint aukeratuz gero, Kandinski da zokora doana. Eta nola bada okurritu bietan Kandinski zokoratzea?

Baina kontu hau ez da Artearen Historiako ikasketetan soilik gertatzen. Besteak beste, museo handietan oraindik ere tradizionalki artista jeinutzat hartu izan ditugun horien izenak behin eta berriz errepikatzen dihardute. Urteko erakusketen programazioa egiterako garaian, berdin-berdin, aukeratu beharrean daude; eta aukeratzeak —gogora dezagun— baztertzea dakar ezinbestean. Eta badirudi jeinu horiek erakusketetan sartu gabe ezin diseinatu daitekeela programaziorik. Hala bada, badira artista batzuk, artista guztiz interesgarri batzuk, sistematikoki gure ezagutzatik eta begien aurretik aldentzen dizkigutenak etengabean. Eta, tarteka, norbaitek ikerketa bat egin duelako gehienetan, hara non, itsutzen gaituen monokromia horretan, argi dizdizariak agertzen diren. Eta eskuak burura ematen ditugu —edo nik behintzat eramaten ditut—: nolatan ez nuen ezagutzen? Nolatan museoek ez diote arreta handiagorik eskaintzen artista honi? Kezka. Pena. Ezintasuna. Lotsa.

Halako sentsazioak izan nituen lehen aldiz Aurora Bengoetxearen lan bat ikusi nuenean. Segituan bere katalogo arrazoitua erosi nuen, gehiago jakiteko irrikaz bainintzen, zeina 2007an Donostiako Koldo Mitxelenan Maya Agirianok egindako ikerketa sakon eta aipagarrian oinarritutako erakusketaren argitalpena izan baitzen. Museo nagusienetan tarterik ez, eta bestelako instituzioetara jo behar izaten dute maiz, maizegi, komisarioek halako artisten —zoritxarrez ezezagunen— erakusketak egiteko aukerarik izan nahi baldin badute behintzat. Eta oraingoan ere hala izan da. Bere ekoizpenaren zati bat zuzen-zuzenean ikusteko gogoa baldin badu bakarren batek, Iruneko Mentxu Gal aretoan du aukera.

Artistak berak ematen du ongietorria erakusketara autorretratu baten bidez, eta ondoren bi aukera daude, ezkerreko aretora sartu edo eskuinekora. Ezkerretara jotzeko hautua egin nuen, jende gutxiago zegoelako. Bere azken garaian egindako lan batzuk topatu nituen lehendabizi, eta, beraz, pentsatu nuen erakusketa atzekoz aurrera ikusten hasi nintzela, ordena kronologikoa izango zuelakoan. Horien segidan, ordea, bere ahizpari 60ko hamarkadan egindako erretratua zegoen. Ez ordena kronologikorik, ez eta gai edo bestelako lotura ikusgarririk ere ez da antzematen lanen artean, eta, ondorioz, erakusketa nahiko nahasgarria suertatzen da. Pinturen arteko loturak eta konexioak burutzea zail egiten da eta, beraz, lanen arteko irakurketak egitea ere bai.

Bestalde, erakusketan bereziki 80ko hamarkadan burututako ekoizpena topatzen da, bere bigarren eta hirugarren garaiei dagozkienak. Eta, behintzat, garai horretako ekoizpenaren hurbiltze bat bermatzen da. Lan koloretsuak dira, askeak, inguratzen zuen munduaren isla zirenak batzuk, eta besteak, berriz, amesten zuen horrenak. Gehientsuenetan gizakiaren eta naturaren arteko sinbiosiak antzematen dira, bilatuz gero topatzen direnak: natura bilakatutako gorputzak, edo gorputz bilakatutako naturak. Zantzu ekologistak lan batzuetan, eta besteetan feministak. 2007az geroztik banako erakusketarik izan ez duen artista izanik, ordea, eta bere lana ere ikustea hain zaila izanik, garai ezberdinetako lanen falta sumatu dut: bere ibilbidean zehar garatutako margoketa ezberdinak ikustekoa, izandako aldaketak ezagutzekoa, artistak landutako ikuskera konplexura sakonago inguratzekoa. Gogoz gelditu nintzen.


uhinak

Uhinak

Ra Asensi

Bilboko Euskal Museoa - Kukula (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 08tik
2026ko Abenduaren 28ra

erretratu-intimoa

Erretratu intimoa

Pilar Belzunce

Txillida leku (Hernani, Gipuzkoa)

2025eko Ekainaren 05etik
2026ko Abenduaren 26ra

the-new-ink

The New Ink.

Matias Ofizialdegi (SMOF)

La Fabrica De Gomas (Iruñea, Nafarroa)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 25era

juan-mieg-neure-pintura-besterik-ez-dut-egin

Juan Mieg: "Neure pintura, besterik ez dut egin"

Miel Anjel Elustondo [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 18a

Kasik ez gara garaiz heldu Juan Miegekin hitz egitera. 88 urte, eta aurten bertan utzi dio pintatzeari, ezinaren ezinez. Urte askoan, eta oraindik ere, hoska ari zaizkigu artista honen obrak bateko eta besteko eraikinetako hormetatik. Bizi guztiko obra, poesia pintura egina, mihisera finezia handiz eramana, konposizioa, matizeak. Pintura berri bat, hasi zenetik eta oraindaino.

lapurretak

Lapurretak

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Irailaren 16a

Moda berri bat zabaltzen ari da Europan: museoetan lapurtzea. Orain dela urtebete eskas Louvretik balio handiko bitxiak eraman zituztenetik, hainbat museotako bildumek eraso azkar eta eraginkorrak jasan dituzte.

claudix-vanesix-tabakalerako-artista-egoiliarra-2025ean-prix-ars-electronican-saritua-izan-da

Claudix Vanesix, Tabakalerako artista egoiliarra 2025ean, Prix Ars Electronican saritua izan da

| 2026ko Irailaren 10a

XENOCENE: A Manifesto in Motion, Tabakaleran sustatu eta garatutako lanak Ohorezko Aipamena jaso du Prix Ars Electronica 2026 sarietako Interactive Art + kategorian. Bigarren urtez jarraian, Tabakaleran sortutako proiektu batek aitortza jaso du Prix Ars Electronica sarietan. 2025ean, Maria Oterok ere Ohorezko Aipamena jaso zuen Compost Computacional lanarengatik.

jose-pablo-arriaga-itsasoarekiko-harremana-bizi-nahi-nuen-nire-eskulturetan-kontatu-ahal-izateko-gero

Jose Pablo Arriaga: "Itsasoarekiko harremana bizi nahi nuen, nire eskulturetan kontatu ahal izateko gero"

Maria Ortega Zubiate [Argia.eus]
| 2026ko Irailaren 10a

2025eko udan abiatu zen Mutrikuko (Gipuzkoa) portutik Jose Pablo Arriagaren belaontzia, emaztea eta bi alabak eta teila batzuk lagun; urtebete beranduago iritsi da, teilarik barik, baina esperientzia mordoa hartuta. Bidaia horretatik sortuko du Lau teila proiektua eskultoreak, Karibeko herrialde postkolonialen bidegabekeriak inspirazio hartuta.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.