artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Egoteko modu berriak

'unform' | Artista: Patricia Dauder. | Non: Artiumen, Gasteizen. | Noiz arte: irailaren 29ra arte.

egoteko-modu-berriak
Patricia Dauderren zenbait pieza, Gasteizko Artiumen irekitako 'Unform' erakusketan. Arg/ ENDIKA PORTILLO - FOKU

Garazi Ansa [BERRIA.eus]
| 2024ko Ekainaren 6a

Zuzendaritza berria sartu zenetik Artiumen hainbat aldaketa izan dira, garrantzitsuena agian Euskal Herriko artearen historiografiaren inguruko bestelako ikuspegi kritikoak plazaratzeko planteamendu ezberdinak proposatzearen nahia izan da; izan bildumaren erakusketak aintzat hartuta, izan aldi baterako mostra ezberdinen bidez (banakoak zein taldekoak). Baina horiez gain, izan dira bestelako zenbait aldaketa ere, ez dutenak hain izaera kritikoa —edo zenbaitetan baita politikoa ere—, baina instituzioaren erakusketa-programan zuzenean eragina dutenak: espazioen birmoldatzeak egin zituzten, leihoak irekiz adibidez, kanpoko argia eta kanpoko errealitatearen zantzu batzuk bederen lur-azpiko barne espazioarekin lotuz. Espazioen birmoldatzeak egin zituzten, jatorriz artelanak erakusteko espazioak ez ziren zenbait lekutan obrak eskegiz eta hauei protagonismo berezia emanez. Orain, aretoetara jaisteko azken eskailera-atalera iritsi aurretik Juncal Ballestinen hainbat pintura ederrek egiten dute ongietorria. Eta espazioen birmoldatzeak egin zituzten, bildumaren erakusketarentzat espazio nagusi bat utzi arren, instituzioaren azalera osatzen duten beste erakusketa-guneen tamaina txikituz. Ondorioz, bisitatzeko atseginagoak diren proposamenak egoteaz gain, instituzioaren eskaintzan ere aniztasun gehiago ekarriz. Hain zuzen, espazio horietako batean dago egun Patricia Dauder artista kataluniarraren banakoa: Unform.

Hiru areto nagusik osatzen dute erakusketa, hurrenkeran txikitzen doazenak, artistaren unibertsoan pixkanaka barneratu eta lotura horretan bisitariek izan dezaketen introspekzio lanean ere espazioak berak laguntzeko intentzioa izango balu bezala. Izaera ia mistikoa dute Dauderren lanek osatzen dituzten aretoek; erabateko baretasuna, lasaitasuna, gelditasuna sentiarazten dute. Isiltasunean norberarengan barneratzeko espazioa eskaintzen dute, norberaren sentsazioetan, norberaren hautemateetan, norberaren esperientzietan. Ahoz gorako hitzek zentzua galtzen dute belarrietan, eta areto-zaintzaileen aulkiek ere enbarazu egiten dute begietan.

Dauderren erakusketan sartzea paisaia batean barneratzearen parekoa da, naturak eskaintzen dituen babes eta sendatze espazio guztiz antzekoetan sentitzen da bisitaria, hori bai, haize, erreka edo txori-soinurik gabe. Dauderren piezek badute zerbait gizakia eta naturaren arteko harremana estutzen dutenak; biak lotzen dituztenak halako zilbor-heste ikusezin baten bidez eta naturaren luzapen bat besterik ez garela gogorarazten dutenak. Egunsenti eta ilunabarretako zeruak biltzen dituzten kolore ñabarrak ageri dira zintzilikatutako oihal ezberdinetan, euriak harrapatu eta haien gainetan isuritako tinduen orbainak bailiran —Alineacions (2018)—. Erreka bazterretako harriak diruditen eskulturak —Balls (2015) hormaren kontra daude, lurrean, inolako idulkirik gabe; harriak beti lurrari baitagozkie. Eta hildako enbor zatikatuek ere lurrari dagozkielarik, xaflatutako egur zati belztuak diruditen eskultura ere hor dago; idulkirik gabe, hormaren kontra, lurrean —Finning (2019)—. Emaitza hauek, zalantzarik gabe, artistaren lan egiteko moduen ondorio zuzenak dira; eta, era berean, artistaren lan egiteko modu eta prozesuak ikusleekin partekatzea lortzen duen bere kezkarik sakon eta zintzoenei erantzuteko moduak dira.

Natura eta denboraren arteko elkarlanari ematen dizkio ekoizpen prozesuaren giltza nagusiak, artista bera, ia prozesuaren ikusle huts bilakatuz. Objektuak, tenperatura aldaketa, hezetasun-baldintza ezberdin, argitasun eta lurperatze egoeretara murgiltzen ditu, eta haietan daudela, denbora ematen die. Eta denborak, era berean, egoera horietatik edan, eta objektuei izaera berri bat eskaintzen die; aurrez ezarri edo definitu gabeko beste forma berri bat (hori izan daiteke Unform), egoteko beste modu berri bat. Eta pentsatzera eramaten du: guk ere, gizaki bezala, denborari eta naturari guregan erresistentziarik gabe eragiten utziko bagenieke, ze forma berri hartuko genuke? Zein izango litzateke egoteko izango genukeen modu berri hori?


paraleloak-eta-meridianoak

Paraleloak eta meridianoak

Iberdrola bilduma

Arte Ederren Bilboko Museoa (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Apirilaren 29tik
2026ko Agorrilaren 30era

kliskada-bat

Kliskada bat

Ivan Gomez

Montehermoso Kulturunea (Gasteiz, Araba)

2026ko Uztailaren 10etik
2026ko Irailaren 02ra

espazioaren-hustura

Espazioaren Hustura

Jorge Oteiza

Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango, Bizkaia)

2026ko Maiatzaren 07tik
2026ko Agorrilaren 30era

barreiatutako-paisaiak

Barreiatutako paisaiak

Gerardo D'Abraira

San Telmo (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Martxoaren 10etik
2026ko Irailaren 06ra

koloreztatutako-barne-bulkadak

Koloreztatutako barne bulkadak

Maialen Etxebeste Lekuona [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 15a

Oaia Peruarena margolariak 'Behin eta berriz hasi' bilduma sortu du. Erakusketa irailaren 5era arte egongo da ikusgai, Donostiako Ekain Arte Lanak galerian.

san-telmo-gaua-frescoren-esku-hartze-artistiko-batekin-dator-aurten

San Telmo Gaua Frescoren esku-hartze artistiko batekin dator aurten

STM
| 2026ko Uztailaren 13a

San Telmo Museoaren udako irekiera berezia uztailak 18an izango da, doako sarrerarekin, 20:30 eta 24:00 artean. Xabier Zirikiainek, Ander Perez de Arenazak eta Mario Azurzak berariaz okasio honetan sortuko duten proposamen artistikoa izango da aurtengo berrikuntza

mundu-osoko-mitologien-elkarrizketak-bonnat-helleun

Mundu osoko mitologien elkarrizketak Bonnat Helleun

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 8a

‘Mitologiak' erakusketa ireki dute Baionako Bonnat Helleu museoan. Euskal Herriko, Mediterraneoko, Ekialde Hurbileko, Afrikako eta Mexikoko mitologiak elkarrizketan ezarri dituzte, Parisko Louvre eta Quai Branly-Jacques Chirac museoekin lankidetzan.

graciela-iturbideren-hizkuntza-bisuala-san-telmo-museoko-laborategian-ikusgai-jarri-dute

Graciela Iturbideren hizkuntza bisuala, San Telmo Museoko Laborategian ikusgai jarri dute

| 2026ko Uztailaren 6a

María Millánek egin ditu komisario lanak eta nagusiki 60ko eta 80ko hamarkaden artean sortutako garaiko kopiak biltzen ditu erakusketak. Erakusketak Graciela Iturbidek han-hemengo kulturetan errespetuz murgiltzeko ahalegina eta Mexikoko eta beste herrialde batzuetako herri autoktonoen nortasuna erretratatzean izan duen ikuspegi eraldatzailea nabarmentzen ditu.

gerra-irudikatzeko-bi-modu-beltzetik-abiatuta

Gerra irudikatzeko bi modu, beltzetik abiatuta

Garazi Izagirre Aiestaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Uztailaren 5a

'Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei hondamendi eta amildegi bat' izena daraman erakusketa ikusgai jarri du Donostiako San Telmo museoak. Francisco de Goyaren laurogei estanpak eta Robert Motherwellen koadro batek osatzen dute.

hasi-da-jai-jardun-artistikoen-institutuaren-ikasketa-programaren-zazpigarren-edizioa

Hasi da JAI, jardun artistikoen institutuaren ikasketa-programaren zazpigarren edizioa

| 2026ko Uztailaren 2a

Tabakalerak eta Artium Museoak —Oteiza Museoarekin elkarlanean— antolatuta, programak arte garaikidearen arloan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu. JAIk ezagutzaren, ekoizpenaren eta transmisioaren arteko loturan sakondu nahi du, prestakuntza-prozesuan dauden artisten eta nazioarteko profesionalen artean hartu-emanerako gune bat sortuz.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.