artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Mende bat geroago berreskuratutako aitzindaria

Hilma af Klint artista suediarraren erakusketa bat atondu du Guggenheim museoak. Adituek abstrakzioaren aitzindaritzat jotzen dute, eta oso arestikoa da haren inguruan piztutako interesa.

mende-bat-geroago-berreskuratutako-aitzindaria
Hilma af Klinten lan abstraktuak, Guggenheim museoan ikusgai. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gotzon Hermosilla [BERRIA.eus]
| 2024ko Urriaren 22a

Hilma af Klint (Stockholm, 1862-1944) "aire freskoa" da artearen historialari eta adituentzat. Eta ez soilik haren margolanek adierazi eta iradokitzen dutenagatik; XX. mendearen artearen inguruko ikuspegia goitik behera aldarazi du haren lana berreskuratzeak, eta hura ulertzeko beste begirada bat ematen du. Aitzindaria izan zen, baina haren lanari buruzko ezagutza, eta horren ondorioz piztutako interesa, azken urte hauetako kontua da. Orain, Bilboko Guggenheim museoak hari buruzko erakusketa zabala atondu du, 2025eko otsailaren 2ra arte ikusgai egongo dena.

Seguru asko, emakumezko arte egileek historikoki pairatu duten gutxiespenak badu zerikusia Af Klinten lana orain arte ikusezin izanarekin. Eta lan horien ezaugarriek ere bai; egileak berak idatzita utzi zuen agindua, hil eta 20 urte igaro arte ikusgai ez jartzeko haren lanik esanguratsuenak, ez baitzuen uste orduko ikusleak prestaturik zeudenik lan horiek ulertzeko. Af Klint 1944an zendu zen, eta, hortaz, 1964an bete zen hark ezarritako epea, baina 60ko hamarkadan pop artea, minimalismoa, arte kontzeptuala eta antzeko joerak zeuden indarrean, eta hura ez zen testuingururik egokiena lan horri harrera egiteko.

1986an erakutsi ziren estreinako aldiz Af Klinten lan ezezagunak, Los Angelesen (AEB) egindako erakusketa kolektibo batean, eta orduan hasi zen pizten harenganako interesa. Interes hori areagotu egin zen hurrengo hamarkadan, eta goia jo zuen New Yorkeko Guggenheim museoak hari buruzko erakusketa bat prestatu zuenean, 2018an.

New Yorkeko Guggenheim museoko bildumen zuzendari senior Tracey R. Bashkoff izan zen erakusketa haren komisarioa, eta hark zuzendu du Bilbon ikusgai egongo dena ere, Lucia Agirre Bilboko Guggenheim museoko arte arduradunarekin batera. Bashkoffek azaldu duenez, oraingo erakusketa duela 6 urteko hura baino osatuagoa da, eta orduan ikusgai egon ez ziren zenbait pieza egongo dira Bilbokoan.

Sinesmen espiritualak

Suediako nobleziako familia batean jaio zen Af Klint, eta, horri esker, arte arloko prestakuntza tradizionala jaso zuen Suediako Arte Ederren Errege Akademian. Hasieran, arte figuratiboa landu zuen, eta ildo horretako zenbait margolan ere ikusgai egongo dira Bilboko erakusketan.

Baina XIX. mendea amaitzearekin batera, pintura tradizionaletik aldentzen hasi zen. Bashkoffek adierazitakoaren arabera, egilearen sinesmen espiritualek zerikusi handia izan zuten horretan: "Garai hartan, espiritismoa, esoterismoa, teosofia eta antzekoak oso zabalduta zeuden Europan eta AEBetan. Zientziaren arloan aurrerapen nabariak egiten ari ziren, eta jendeak erlijio sinesmenak berreskuratu eta horiek zientziarekin konektatu nahi zituen".

Af Klint bete-beterik sartuta egon zen korronte horretan. De Fem edo Bostak izeneko taldeko gainerako artistekin –Anna Cassel, Cornelia Cederberg, Sigrid Hedman eta Mathilda Nilsson– espiritismo saioak egiten zituen, eta bildutako esperientziak marrazki automatikoen bidez adierazten zituen. Urte batzuk geroago, teosofia eta antroposofia besarkatu zituen.

Horrek eragin nabarmena izan zuen haren artelanetan: "Af Klinten asmoa zen errealitate espirituala komunikatzea", esan du Bashkoffek. "Eta hori abstrakzioaren bidez egiten zuen". Horregatik, arte abstraktuaren aitzindaritzat jo daiteke, artearen historiak orain arte meritu hori ukatu badio ere. "Abstrakzioan murgildu ziren gizonezko artista garaikideek manifestuak idatzi zituzten eta erakusketak antolatu zituzten. Af Klintek, berriz, arlo pribatuan atxiki zituen esparru horretan egindako aurrerakuntzak".

Horretan oinarrituta, norbaitek pentsa lezake Af Klintek artista uzkur eta bere baitan bilduaren estereotipoa betetzen zuela. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, Agirrek azaldu duenez: "Af Klint bere garaiko gizartearekin eta inguruarekin oso lotuta zegoen. Suediako mugimendu sufragista sustatu zuen, Suediako Emakume Artisten Elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta elkartearen lehenengo idazkaria izan zen. Guztiz jabetuta zegoen bere lanaren balioaz, eta ez zeukan inolako problemarik bere artelanak erakusteko, baina, horretarako, antzeko sentsibilitatea zuten ikusleak bilatzen zituen. Horregatik, berak aukeratutako lagun bakan batzuei baino ez zizkien erakutsi, baina ez bere artean sinesten ez zuelako".

Tenplurako pinturak izeneko serieko margolanak dira ildo horretako piezarik nabarmenenak. 1906an hasi zen horretan lanean, eta sail horretako azken hiru erretaulak 1915ean bukatu zituen. Orotara, 193 margolan eta marrazki dira, inoiz eraiki ez zen tenplu helikoidal batean instalatzeko sortuak eta begiek ikusten duten errealitatetik harago joatea xede dutenak. Serie horretako artelanek zazpi areto betetzen dituzte Bilboko erakusketan.

Bere ibilbidearen bukaeran ondutako sail geometrikoek eta akuarelek ixten dute erakusketa. Agirrek dioenez, artistak bere lana antolatzen eta ordenatzen eman zituen bizitzako azken urteak, eta oharrez beteriko kaier eta agiri ugari utzi zituen, bera hil eta 20 urtera iritsiko ziren etorkizuneko ikusle horiek gogoan. "Bere lana ulertzeko gako ugari ematen ditu; lan horretan murgiltzeko mapa baten modukoak dira agiri horiek". Adituek segitzen dute dokumentazio hori guztia aztertzen, Af Klint eta haren lana ulertzeko gako berrien xerka, eta badirudi oraindik ere ezusteko ugari gordetzen dituztela agiri horiek: "Seguru asko, gaur egun Af Klintez dakiguna zaharkituta egongo da 20 urte barru".

hilma-af-klint

Hilma af Klint

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2024ko Urriaren 18tik
2025eko Otsailaren 02ra


museoa-urtu

Museoa Urtu

Nader Koochaki

Ondarearen etxea (Maule-Lextarre, Zuberoa)

2026ko Urtarrilaren 26tik
2026ko Irailaren 06ra

get-me-a-stone

Get me a stone

Rosalind Nashashibi

Artium (Gasteiz, Araba)

2026ko Ekainaren 12tik
2026ko Azaroaren 01era

bizi-min-bizi

Bizi-min-bizi

Miren Gonzalez Goikoetxea

Arteztu (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Maiatzaren 29tik
2026ko Uztailaren 18ra

denbora-besarkatzeko-ahalegin-bat

Denbora besarkatzeko ahalegin bat

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 10a

'MIRARI BAT EGUNEAN' | Artista: Nagore Txibite. | Non: NUPeko Sario eraikinean, Iruñean. | Noiz arte: ekainaren 13ra arte.

uharte-zentroak-9-proiektu-hautatu-ditu-2026ko-laguntza-programarako

Uharte Zentroak 9 proiektu hautatu ditu 2026ko Laguntza Programarako

| 2026ko Ekainaren 9a

Arte Plastiko eta Ikusizkoetarako Laguntza Programak arte plastikoen eta Ikusizkoetarako arloan ikerketa artistikoko proiektu argitaragabeak egiten laguntzea du helburu. Egitasmoak bi modalitatetan banatuta daude: ekoizpenekoak alde batetik eta argitalpenekoak bestetik.

artea-mugitzearen-artea

Artea mugitzearen artea

Amaia Igartua Aristondo [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 8a

Artelanak erakusteaz ez ezik, haiek lekualdatzeaz ere arduratzen dira museoak: adibidez, maileguan uzten dituztenean. Zaharberritzaile batek gainbegiratzen du prozesua pieza biltzen dutenetik helmugan ipintzen duten arte, eta aseguratuta joaten dira.

elkarri-eutsiz

Elkarri eutsiz

Maite Luengo Agirre [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

MAR DE DIOS | Non: Rekalde aretoan, Bilbon. | Noiz arte: Ekainaren 21era arte.

utopiaz-mozorrotutako-distopia

Utopiaz mozorrotutako distopia

Haizea Barcenilla [BERRIA.eus]
| 2026ko Ekainaren 4a

Orain dela egun batzuk gurutzaontzietan bizi den bikote bati buruzko berri bat irakurri nuen. Ontzi batean ezagutu zuten elkar; ordurako emakumeak bere etxebizitza saldua zuen eta jasotako diruarekin gurutzaontziz gurutzaontzi zebilen.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.