artekaria

Euskal Herriko
Artearen ataria

aktualitatea

Joxerra Melguizo artistaren azken hamarkadako ekoizpena ikusgai jarri du Artium museoak

Artista gasteiztarraren sormen prozesua bistaratu dute 'Refugios-diarios. Lerro galduak' erakusketan. Melguizok Ozetako estudioan sortu dituen ia mila lanez osatutako horma irudia da bildumako pieza nagusia.

joxerra-melguizo-artistaren-azken-hamarkadako-ekoizpena-ikusgai-jarri-du-artium-museoak
Joxerra Melguizo bere obretako batekin, gaur, Artiumen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edurne Begiristain [BERRIA.eus]
| 2024ko Azaroaren 5a

Hamabi urte pasatxo eman zituen Joxerra Melguizo artistak (Gasteiz, 1968) bere obra erakutsi gabe. Gertaera pertsonalek behartuta aldendu zen eguneroko lanetik, baina egiteko, bizitzeko eta lanean aritzeko beharrak itzularazi zuten bere pasiora duela hamar urte. Itzulera horretako sortze prozesua oparoa izan zen: marrazkiak, ohar koadernoak, oholaren gainean egindako margolanak, sinboloen alfabeto bat, forma abstraktuak, irudiak eta testuak osatu zituen, besteak beste, Ozetako (Araba) estudioan. Mila lan inguru pilatu zituen, gehienak zurezko panelen gainean margotuak —20, 50, 120 eta 190 zentimetroko panel karratuetan—; "antipaisaiak" dira, artistak esaten dien bezala. Sortze prozesu horren emaitza bildu du Artium museoak Refugios-diarios. Lerro galduak erakusketan. Otsailaren 9ra arte egongo da ikusgai.

"Sormen prozesuarekin zerikusi handia duen erakusketa da. Horregatik da eguneroko bat bezalakoa", azaldu du artistak. Izan ere, egindako lanaren emaitza ezin da definitu obra multzo bat bezala; sortze prozesu bat izan dela argitu du Melguizok, "eguneroko gertaerak aztertzeko eta artxibatzeko metodologia baten emaitza bat".

Prozesuari lotutako horma irudia

Erakusketako pieza nagusia, Egunerokoak, horma irudi handi bat da; formatu karratuko ohol gaineko 870 marrazkik, argazkik eta pinturak osatutako instalazioa. A3 aretoaren gela nagusiaren bi horma zabal hartzen ditu instalazioak. 30 metro luze eta lau metro garai da, etapiezak artistaren sortze eta aldaketa prozesu guztia laburbiltzen du. Denborazko linealtasun edo narratiba zehatzik ez du, baina bai "emozio, bizipen eta prozesuari lotutako alderdiekin zerikusia duten narrazioak", Enrique Martinez Goikoetxea komisarioaren hitzetan.

Pieza horrekin batera —edo haren osagarri—, lan prozesua bera erdigunean jarri du artistak beste obra batean, horma irudi erraldoia egitean sortutako hondakinekin gauzatu duena. Marrak izeneko lanean, margotzean kolore eremuak ezkutatzeko erabilitako zintak ikusgai jarri ditu Melguizok, kolore hondar eta guzti. Zinta horiek, orain, lerro aldrebesak dira, eta palinpsesto kromatiko bat osatzen dute. Lanerako erabilitako elementu horiek "automatismoan eta errepikapenean" sakontzen dutela azaldu du Martinezek, eta, hala, artistak aretoko hormetan islatu du bere lan prozesuak poesiatik eta obsesiotik edaten duena. Zinta horietako batzuek zazpi urtetik gora dituzte, eta erakusketako pieza osatzeko ia astebete eman du artistak. Emaitza, horra: bertikaltasun adina kolore dituen instalazio zabala.

Melguizoren obran barrenako ibilbidearen osagarri, haren lan giltzarri bat paratu dute Artiumen: Espazioaren neurria III. 1997an egindako pieza berreskuratu eta eguneratu du artistak erakusketarako —jatorrizkoa baino txikiagoa da—. Zurginek erabiltzen dituzten metroak katramilaturik ageri dira gela txiki batean, irudi ezberdinak dituzten bideo proiekzioekin lagunduta. Obra hori 1997an erakutsi zuen aurrenekoz Gasteizko Amarika aretoan, eta, ordutik, mundu osoko galeria eta aretoetatik bidaiatu du, arrakasta handiz. Orain arte nazioartean oihartzun handiena izan duen Melguizoren lana da.

Garaiarekin konprometitutako artista

Testuinguru sozialarekin eta politikoarekin konprometitutako artista da Melguizo. 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hasieran finkatu zuen bere estiloa, Bilboko Arte Ederren Fakultatean ikasketak amaitu zituenean. Artista belaunaldi gazte baten konpromisoaren eraginpean jardun zuen, eta 1992tik 1996ra CM2 arte galeria martxan jarri zuen, Gasteizen, Carmen Lopez Castillo artistarekin eta Emilio Melguizo anaiarekin batera. Artista ugariren lanak ikusarazi zituzten bertan, eta aretoa ekintza artistiko eta sozial askoren erreferente bilakatu zen.

CM2 espazioaren artxiboaren lagin bat ere ikusgai dago orain Artiumen. Hainbat kartel, liburuxka, argazki eta prentsa ebakinek aukera ematen dute areto haren jarduera hobeto ezagutzeko. Han daude, besteak beste, Dora Salazar, Dolo Navas, Txaro Arrazola eta Juan Luiz Moraza artistek egindako obrekin antolatutako erakusketen irudiak. Erakusketaren komisarioaren hitzetan, "taldean lan egiteko bideak" erraztu zituen areto hark, "konspiratzeko sortua" izan baitzen.

Melguizoren beste bi obra ere paratu dituzte erakusketan: Paisaia, hautsitako beirazko leiho baten itxura duen hiru zatiz osatutako lana, 1995ekoa; eta Espazioaren neurria (lur-lerroa), pieza txikiez osatutako koadro zabala, 1996koa. Biak ala biak museoko bildumaren parte dira.


66-76-26

66-76-26

Steve MᶜQueen

Guggenheim Bilbao (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Urriaren 09tik
2027ko Otsailaren 21era

mundu-baten-aukera

Mundu Baten Aukera

Naturaren ikuspegiak BBVA Bilduman

BBVA San Nikolas (Bilbo, Bizkaia)

2026ko Uztailaren 09tik
2026ko Urriaren 12ra

itzalek-diotena

Itzalek diotena

Ihintza-Chole Hargous Aranburu

Posta aretoa (Urruña, Lapurdi)

2026ko Irailaren 11etik
2026ko Urriaren 16ra

donostiako-paisaiak

Donostiako Paisaiak

Tomás Hernández

Ekain (Donostia, Gipuzkoa)

2026ko Irailaren 10etik
2026ko Azaroaren 07ra

arte-lanen-lapurreten-kronologia-bat

Arte-lanen lapurreten kronologia bat

| 2026ko Urriaren 10a

1911ko La Gioconda-tik 2026ko urriaren 4an lapurtutako San Joanen Apokalipsia-raino, Europan eta munduan izandako lapurreta garrantzitsuenen zerrenda.

bilboko-euskal-museoa-zabalik

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

oroitzeak-berekin-dakarrena

Oroitzeak berekin dakarrena

Jone Rubio Mazkiaran [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 8a

Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela.

bonnat-museoa-zabalik

Bonnat museoa zabalik

Ismael Manterola Ispizua [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen.

deskolonializazioaren-erronka-euskal-museoetan-ate-joka

Deskolonializazioaren erronka euskal museoetan ate joka

Xalbat Alzugarai Etxeberri [BERRIA.eus]
| 2026ko Urriaren 6a

Europako museoetan maiz piztu ohi da haien bildumetan iragan kolonialak duen arrastoari buruzko polemika. Obra espoliatuak itzularazteko Parisek onartu duen legeak ekarri du gaia hizpidera orain. Adituek diote Euskal Herrian ere "asko" dagoela egiteko.

Artekaria

Euskal Herriko Arte ataria

ZAPART sareak sortutako ataria duzu hau. Gure euskal lurralde txikiak duen artista eta azpiegitura aberastasun harrigarriari ikusgarritasuna eman nahi diogu Artekariarekin. Izan ere, hain eremu ttipi batean hainbeste museo (Artium, Oteiza, Arte Ederretakoak, Guggenheim…), arte zentro (Uharte zentroa, Tabakalera, Bilbaoarte…), areto publiko zein pribatu (Didam, Zitadela, Bastero, Portalea, Ospitalea, fundazioen aretoak…), galeria pribatu tradizionalak eta artistenak… hainbeste programazio eta artista lan ikusgai eta denbora berean ikusgarritasun oso zaila dagoela iruditzen zaigu. Horren konpontzen laguntzeko sortu dugu atari hau.

Artekaria

Artista profesionalen sarea

Zapart sareak Euskal Herriko sei lurralde historikoetan bizi eta lan egiten duten artista profesionalen saretzea eta horien lana sustatzea eta eskubideak defenditzea du helburu.